Hilabete batzuk igaro dira, dagoeneko, ETAk ekimen armatuari behin betiko utzi diola esan zuenetik. Eta orain, zer?
Azken hilabeteotan, «bake-lortzailearen» domina nork lortu duen bereganatzeko lehiaketaren ikusle izan gara; bakeari duen balioa eman eta sendotzen eginahalak egiten ibili beharrean, bakea lortu izanaren egile beraiek izan direla konbentzitu nahian ibili dira asko eta asko.
Urte mordoxka igaro dugu indarkerian, basakerian, giza-inkomunikazio giroan —baita familia barruan ere— eta orain lan bat dugu egiteko: bakea eta elkarbizitza saretu, giza-eskubideekiko errespetutik eta giza-duintasunarekiko errespetutik. Gertatu dena, berriro gerta ez dadin oinarriak sendotzeko, eta horretarako, iraganean gertatutakoari kritikoki begiratuz eta etorkizunari begira, beti ere.
Estatua, estatuek, ETAri ari dira begira, eta ETA Estatuari begira, eta tartean, bakea behar duen herri bat dugu, bizilagunari aurreiritzirik gabe begiratzea behar duena, nahiz eta ezberdin pentsatu, gertatutakoaren ikuspuntu ezberdina izan arren, gertatutakoaren kontaketan bat ez etorri arren.
Gure herriak memoria izan behar du, horrela uste dugu, letra handiz idatzitako memoria. Biktima asko izan delako, asko, gehiegi… Argitu beharreko giza-eskubideen urraketa ugari izan delako, sufrimendu ugari izan delako, eta, ahal den neurrian, konpondu behar direlako, nahiz eta jende askorentzat, ETAren amaiera berandu etorri den; eta jende askori, duten mina, behar duten aitorpena, egia eta konponketa, etorri ez zaiolako. Erakundeen ardura da, giza-eskubide urraketa bat bera ere, ez geratzea ikertu gabe edo aitortu gabe. Eta nahiz eta begi bistakoa izan, giza-eskubideen urraketa bera izan dutenek, konponketa bera behar dute, tratamendu bera. Eta ez gara biktimak parekatu behar direnik esaten ari, eskubide zapalketaz ari gara.
Ezin dugu adiskidetzearen «zama» biktimengan jarri, baina ezin dute bake-prozesua baldintzatu. Entzun egin behar zaie eta babestu, berriro ere «biktimizatuak» izan ez daitezen. Lagundu egin behar zaie, ez manipulatu, ezta tresna gisa erabili alderdien intereserako.
Etorkizunari begiratu behar diogu, baina orain alditik. Eta guztion artean eraiki behar ditugu oinarri horiek, gure herria berradiskidetzeko egin dezakegun ekarpenik nagusiena izango delako.
Denok hartu behar dugu konpromisoa eginkizun horretan. Eremu guztietan, gainera: politikoan, gizartean, ekonomikoan, hezkuntzakoan…eta baita, norbere mailan ere.
Ezin gara estatuak hau edo beste esan dezan egon, ezta ETAk hura esan dezan. Erakundeetan — eta Legebiltzarrean bereziki— alderdiek —EAJ-PNV behintzat bai— bakea sendotzeko lan egingo dugu. Are gehiago, uste osoa dugu, gure herri eta hirietan ere asko egin dezakegula elkarbizitzaren alde. Herri mailan, udaletatik, gure herritarren eta herri-elkarteen parte hartzea bultza dezakegu. Bakoitzak bere alea jar dezake prozesu horretan, bakea bada helburu, ongietorri bikoiztasunak eta hirukoiztasunak, baina, guztiok, beti, norabide berean!
Asko egin dezakegula pentsatzen dugu, ez dugula ezer galtzeko, dena dugula irabazteko. Horregatik, gure herrietan herritarren partaidetza bultzatzeko konpromisoa hartu dugu, bakearen eta giza-eskubideen kultura sustatzeko.
Jakin badakigu ez dela erreza izango, eta laguntza handia beharko dugula, baina bide bati ekin behar diogula sinesten dugu, bakearen bideari, iraganera bueltatuko ez gaituena, nahiz eta batzuk pentsatzen zuten beren ideiak, beren proiektuak edo Estatuaren arrazoiak, bizitzarekiko eta giza-duintasunarekiko errespetuaren gainetik zeudela.
Hausnarketa honen aurrean, norbaitek pentsatuko du «baina norekin berradiskidetu behar dut nik?». Herri osoa da berradiskidetu behar dena, errespetuan bizitzen ikasi behar duena eta helburu politikoak lortzeko, indarkeria erabiltzeko tentazioa inork berriro izan ez dezan, oinarriak asentatu behar dituena. Eusko Legebiltzarrean, eta baita Amurrion, Elorrion eta Urnietan egin behar dugu. Bakea ez delako indarkeriarik eza bakarrik; bakea askoz gehiago delako: herri honetan bizi eta parte garen guztion giza-eskubide indibidual eta kolektiboekiko errespetua bermatzea delako.
Herrigintzak asko egin dezake bizikidetzan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu