Hezkuntza Saila azken boladan gure hezkuntza sisteman murrizketarik ez dela egongo aritu da etengabe esaten.
Hori egia al da? Ba, ez, Haur eta Lehen Hezkuntzako lanpostuen zerrendak egiteko azken bi urteetako irizpide murriztaile berdinak erabili baititu oraingoan ere.
Hezkuntza Bereziaren esparruan, hau da, behar bereziak dituzten ikasleei arreta emateko, orain artekoaren gainean oraindik murrizketa gehiago egin baititu.
Bi urtekoen gelen kopurua ez dute handitu, horrela hainbat tokitan eskola publikoan seme-alabak matrikulatzeko hautua egin duten familiei aukerak ukatuz. Egoera hau saihesteko, ikastetxeen teilatuan jartzen du pilota, hau da, ikasle horiek hartzea ala ez beraien esku utziz, eta onartuz gero, ratioen gainetik; era honetan, 18 ikasle izan beharrean, 19, 20 edo 21 ikasle bi urtekoak gelaka. Hori guztia baliabideak gehitu gabe. Honi hitzartutako ratioak gainditzea besterik ezin zaio deitu. Beraz, Madrilen ez ezik, hemen ere ikasle batzuen ratioak gora doaz.
Garbi dago Erkidego Autonomoan Hezkuntza Publikoan izango ditugun murrizketak Estatuan egongo direnekin ezin direla konparatu. Baina, panorama hau ikusita, hemen murrizketarik ez dela egongo esatea ezin dugu onartu. Are gehiago, hurrengo ikasturtean izango ditugunak aurreko bi ikasturtekoen gainean datozelako.
Beste alde batetik, errekurtsoak jartzeko orduan otsaileko datuak, hau da, matrikula garaikoak kontuan hartzen dira. Baina argazki hori ez da finkoa: otsailaz geroztik badira familia asko seme-alabak sare publikoan matrikulatzeko hautua egin dutenak, eta horrek ikastetxe batzuen kasuetan errekurtsoen aldaketak ekartzen baditu ere, ez dira kontuan hartzen ari. Hori guztia ez bada murrizketa, nola deitzen diogu?
Egoera honetan, eta aurreko urteetan bezala, Gipuzkoako Haur eta Lehen Hezkuntzako zuzendarien batzarrak publikoki salatu nahi du Hezkuntza Sailaren hizkuntza bikoitza, hau da, publikoki gauza bat esan eta errealitatean beste bat egin.
Kalitatezko eskola publiko baten alde egunero lan egiten ari garenok murrizketarik ezin dugu onartu, ez hangoak, ezta hemengoak ere. Ikastetxeetako hezkuntza proiektuak aurrera eramateko konpromisoa dugulako, ikasle guztien beharrak atenditu behar ditugulako eta eskola publikoan matrikulatu nahi duten guztiek tokia izateko eskubidea dutelako.
Euskal Eskola Publikoa hitzez ez ezik ekintzekin indartzeko eskatzen diogu Hezkuntza Sailari.
Hezkuntzan murrizketak? Bai
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu