Hirugarren gune politikoa

Odon Elorza
2011ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Ika-mikez baliatuz posizio politikoak erradikalagotzen dituen estrategia nazionalista nagusitu izan da Euskadin. Nola utzi aipatu gabe biktimakeriaren jokoa! Modu horretan lortu nahi da herritarren muturreratzea konfrontazioaren alde batean ala bestean, garbi, koka dadin. Eta ezin da ukatu terrorismoak eztabaida demokratikoa gaiztotu egin duela une garrantzitsu askotan umekeria politikoko jarrerak eraginez. Gainera, herritarren iritzi ezberdinen ñabardurak ezabatzeko saioak egin ditu indar handiek marra lodiz marraztutako diskurtsoetatik kanpo adieraz zitezkeen desadostasunak ezerezera ekarriz.

Azken adibidea Otegi eta beste inputatuen sumarioko epaiarekin daukagu. Berriro ñabardurarik gabeko jarreretara eraman nahi gaituzte. Edo «orain bakea dakarkiguten Sortu eta Bilduren eragileen» alde ala «ekintzak probatu eta legea aplikatzen duten» epaileek emandako epai eredugarriekin bat egon behar da. Baina ez batzuen eta ez besteen tesiekin bat ez datozen herritarren iritziak gero eta ugariagoak dira.

Gizartearen zati handi bat guztiz aurka dago, kasu honetan, epaileei justiziaren ordularia bakebiderako trantsizio politikarik aurreikusten ez duten legeen aroan gelditu zaielako. Eta Batasuna ohia ere atzeratuta doala diote bere iragan antidemokratikoarekin etena egiteko orduan; izan ere, ia ezinezko irudikatzen dute ETAri bere desagerpena eskatzea eta biktimei eragindako mina aitortzea.

Bere ahuleziak derrigortuta eta euskal herritarren exijentzia eta zuzenbidezko estatua defendatu duten gobernuen irmotasunaren ondorioz, ETAk armak egiaz utziko ote dituen aukeraren aurrean aro historikoa da Euskadin bizi duguna. Hala ere, posible da, oraindik, presoak goraipatu eta biktimak itxarongelara behartuz independentziaren aldeko urratsak egitea eskatzen duten politikari batzuk entzutea. Bitartean, beste batzuk Bildu legez kanpo uzteaz mintzo dira, edo Faisan auzia manipulatzen dute. Bere helburu nagusia bakezko elkarbizitza eraiki nahi duen gizartearen behar nagusien kontrako diskurtsoak dira. Ez du kohesio handiagoa ehuntzen laguntzen hiru lurralde eta lau gobernu ezberdinek suposatzen duten neurri bateko gizarte zatiketak ere.

Horregatik guztiagatik, iritzi olde berri bat egon beharko luke Euskal Herrian, ETAren ekintzez geroztik gizarte libre eta demokratikoago batean sortuko diren pentsamendu politikoak elkartuko dituen hirugarren gunea. Independentismoaren edo konstituzionalismoaren planteamenduen alternatiba izango den gunea, posizio identitario baztertzaileenen alternatiba, euskaldunen arteko edo estatuarekiko konfrontazio egoerak gainditzen lagundu beharko diguna.

Iritzi olde horrek hazi egin beharko du, zentraltasun bokazioz, eraikitzen arituko den gehiengo sozial baten ardurak eta ekarpenak bilduz. Hirugarren gunea euskal gizartearen ikusmolde integratzailea partekatzen duten pentsamendu ezberdinetako herritarren mugimenduarekin —kalean eta sareetan— topo egitera deitua dago.

Hirugarren guneak —Euskadi berri baterako jaioa— zenbait postulatu izango ditu beharrezko. Sistema demokratikoaren nagusitasuna ETA garaituz eta jasan behar izan diren bortizkeria guztien gaitzespena, memoriadun bakea eraikitzea, ezberdinen arteko elkarbizitza eta konkordia zibikoaren aurkikuntza, biktimen duintasunaren defentsa prozesu osoan, Euskadin iragandako biolentziaren kontaketa kritiko partekatua eta gorrotoak eta beldurra bere gainetik kenduko dituen gizartearen erregenerazioaren aldeko lana.

Hirugarren guneak izango lukeen ideia eta guneen arteko zubi eginkizunak direla medio edozein motatako estrategia frontistak arbuiatzera behartuta dago, printzipio demokratikoak bereganatu eta legeria errespetatzen duen indar politiko ororen parte-hartzea bultzatu eta babestera, kultur dibertsitatearekiko begirunea geure berariazkoa dugun hizkuntza baloratu eta landuz adieraztera, autogobernua defendatzera, bereziki krisi denboretan, justuago eta solidarioagoa den gizarte eredua sortzera —politika fiskal berariazkoekin—, bake garaietan bide hitzartu eta garden bat ikertzera nazionalismoak planteatzen duen kontentziosoarentzat eta demokrazian sakontzen aurrera egingo duen gobernantza parte-hartzailea bultzatzera.

Ez daukat inolako zalantzarik tradizio demokratikodun indar politikoen arteko konpromiso eta itunak bultzatuko dituela hirugarren guneak. Baina egia da ez dela eginkizun erraza izango, euskal gizartea tentsionatuta biziko baita Bilduren paralisiaren, arreikusi ezin diren epaien, presoentzako neurri eta biktimen jarreren, eta Bildurekin duen hauteskunde lehiak hala behartuta PNVren apustu subiranista eta Tea Partyk PPn duen gero eta indar handiagoen ondorioz. Auzi hauek PSE-EE hirugarren gune horretan parte hartzera bultzatu beharko lukete eta lidergo berri bat bereganatzera Europarekin lotutako ezkerretik. Oraindik garaiz gaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.