Atzo bertan izan zela ematen badu ere, 15 urte pasa dira jada. Bultzaka etorri zen, sortzeko presa handia balu bezala. Agian nire irudipena izango da, baina negarrez hasi baino lehenago begirada duin bat eskaini zigun «bertan nago, lortu dut» esan nahiko balu bezala. Lehenengo gau hartan gure beso-artean, gure babespean eduki genuen bezala sentitzen dugu oraindik ere. Beti izango da gure ttikia.
Urte hauetan guztietan, munduko gainerako gurasoen gisa berean, bizitza aldagarri eta zail baterako armak eskaini nahi izan dizkiogu. Erabat konbentzituta gaude jakintzak ematen digula aurrera egiteko ziurtasuna eta, era berean, libreak izateko aukera. Ez dakienak ezin du aukeratu, jakitea zein ona den ez daki, ez da librea. Jakin nahiaren hazia ereitea jakitea bera baino eragingarriagoa dela pentsatu dugulako ez dugu inoiz mugarik jarri zerbait jakin nahi izan duenean, eta bide horretan goaz aurrera.
Hala ere, ezin dena jakin, aukeratu beharra dago, denbora mugatua dugu eta. Ongi aukeratzea da gakoa. Gogora etortzen zait helduen euskalduntzean aritu nintzen garaian erabiltzen genuen komiki bat. Bertan, agure bat eta haur bat ageri ziren, biak bide bazterrean eserita. Halako batean, auto dotore bat haien ondoan gelditu, eta ingelesez leku jakin batera iristeko argibideak eskatu zizkieten. Ulertzen ez zutela ohartzean, frantsesez saiatu ziren, alemanez gero, eta komunikazioa lortzen ez zutela ikusita, alde egin zuten. Haurrak agureari hizkuntzak jakitea zeinen ederra den aipatu zion, eta agureak: «Bai, horrela da, baina bide horretatik ez doaz inora». Asko jakitea bezain garrantzitsua da behar duzun hori jakitea, eta Euskal Herrian bizi eta lan egiteko euskarak ageriko erraztasunak eskaintzen dizkio hiztunari.
Aurtengo ikasturtearen hasieran Iruñeko hizkuntza-eskolan lehen ikasturtea egin nahi dutenen artean alemana hautatu dutenak dira gehiengoa. 1.415 pertsonak egin dute aurrematrikulazioa alemana ikasteko, ingelesa eta frantsesa hautatu dutenen gainetik; azken horiek, hurrenez hurren, 1.228 eta 1.222 izan dira. Horrelako datuek oso agerian uzten dute herritarren ikuspegi pragmatikoa, batetik, eta motibazio pragmatikoen izaera induzitua, bestetik. Izan ere, Alemaniarako emigrazioa bultzatzen duen kanpaina mediatikoa indarrez ari da garatzen gurean ere. Alemania aukeraz beteriko lurraldea dela aditzera ematen duten berriak etengabe hedatzen dira mota guztietako hedabideetan, emigrazioaren zailtasun eta nekeak nabarmen ezkutatuz. Gazteak ageri zaizkigu ilusioz beterik joateko, soldata handiak aipatzen dituzte, kultura erakargarria, baina, hori bai, alemana ongi ezagutu beharra eskatzen dute alemanek. Eskatzen dute, ez «inposatu», kontuan eduki, izan ere, alemanek mediku onak nahi dituzte, alemana ongi dakiten mediku onak, alegia. Kanpaina horren atzean langabezia tasak murrizterik ez dutela konbentzituta dauden politikari etsiak daudela esango nuke okertzeko beldur handirik gabe. Sistemak huts eginda herritarrak uxatzea da biderik eragingarriena langabe kopurua txikitzeko. Haiek eragin duten krisi ekonomikoaren ondorio zitalenetariko baten aurrean gaude, gure seme-alabak deserriratu nahi dituzte, kanpoan lan egin eta dirua ekar dezaten haien zorra ordaintzen laguntzeko. Ez da egia Alemanian lan aukera errazagoak daudela Euskal Herrian baino, hala ere, berdin da zein den egia; haiek ederki dakite gure portaerak ez dituela definitzen egiak, baizik eta egiatzat dugun horrek, gezurra izanda ere. Herritarrek aukerak ikusten badituzte, alemana ikasiko dute. Pragmatismoak zuzentzen ditu gure portaera asko.
Nafarroako Gobernuak argi ikusi zuen euskarari aurre egiteko biderik eragingarriena ingelesaren aldeko sustapen lan erraldoia egitea zela, eta horretan ari da duela hainbat urtez. Ingelesa eta euskara aurrez aurre jarri ditu, herritarrak hautatzera behartuz, gezurrezko hautaketa egitera behartuz. Jakin badakite ingelesak ez diola inoiz gaztelaniari Nafarroan espazioa lapurtuko; ingelesaren eta gaztelaniaren arteko lehia funtzionala da, eta nazioartean jokatzen da; euskara eta gaztelaniaren artean, ordea, espazioa dago jokoan, bertan dago borroka zelaia. Aipatu ditugun aurrematrikulazio datu horiek argi erakusten dute Nafarroako Gobernuak egiten duen ingelesaren aldeko hautua guztiz politikoa dela eta ez funtzionala, hizkuntza-eskolan aurrematrikulatu diren herritarren hautua izan den alemana edo frantsesa, esate baterako, Hezkuntza Sistematik kanpo uzten baitu.
Inoiz esango ez badute ere, Espainiako agintariek haien herritarrak joan daitezen nahi dute. Horretan ari dira emigrazioaren aldeko kanpaina ezkutuak sustatzen. Koldarraren kanpaina da, herritarrei emigrazioa induzitzen baitiete oharkabean, emigratzea naturala, atsegina eta dibertigarria balitz bezala iradokiz, abentura alegia. Dagoeneko esana dute hamarkada honen bukaeran Espainiako Estatuak milioi bat biztanle gutxiago izango duela; kanpoan nahi dituzte gure seme-alabak.
Euskal Herrian aurrera daramagun euskararen normalizazio prozesua burutzeko etxean bertan behar ditugu euskaldunak. Gure gizartearen txoko guztiak euskalduntzeko orain formatzen ari diren belaunaldi berriak oso-osorik euskaldundu behar ditugu. Herri gisa egin dezakegun hutsik handiena bertan formatutako gazte euskaldunak joaten uztea litzateke. Hori ere hizkuntza-politika da. Gaur egun, sektore askotan behar ditugun profesionalak ez ditugu lortzen, osasun alorrean esate baterako, eta kanpotik ekarri behar ditugu bere garaian hizkuntza-politika desegokia diseinatu zelako. Errealitate hori, herri gisa aztertuta, ikaragarrizko hutsa da. Erro sendo eta luzeak bertan hedatzeko indarra eskaini behar du euskarak, eta hizkuntza-politika da garapen horretarako ongarria, baina helburu hori betetzeko beste politika bat behar da. Herritarrak eta normalizazio prozesua helburutzat dituen hizkuntza-politika behar da.
Hizkuntzak joateko, euskara gelditzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu