Iragarritako kronikaren arrakalak

Txema Ramirez de la Psicina
2011ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Uste baino zailago. ETAren amaierak aurrez pentsa zitekeen baino konplikatuagoa dirudi. Bateragune auziaren epaiak harri eta zur utzi ditu ia analista guztiak. Inor gutxik espero zuen; are gutxiago, horren gogorra eta oinarri juridikorik gabea. Zer gertatu da? Zergatik?

Bitxia da. Amaiera eta hasiera eskutik helduta datoz. ETAren balizko amaierak beste bataila batzuen hasiera ekarri du: kontaketa eta irudiaren batailak, esaterako. Gatazka nahiz gerra guztietan gertatu da: lubakietan aritutakoekbonben oihartzuna baretzen denean euren kontaketa inposatu nahi dute; historiako liburuetan euren egia bakarra izatea, alegia. Egiaren monopolioa.

Agamenon eta txerrizaina

«Gertaerak sakratuak dira, iritziak libre» dio kazetaritzako urrezko arauetako batek. «Egia beti egia da, Agamenonek esan zein haren txerrizainak» ere esan ohi da. Ideia baten zilegitasuna indartzeko erabiltzen da esaldia. Anjel Lertxundik, berriz, honakoa gehitu du: «Ederra dirudi. Baina Agamenon, errege greziarra izateaz gainera, izen baten jabe da; txerrizaina anonimoa da eta ospe gutxiko lana du ogibide. Ez, gure egunotan garrantzi handiagoa du egia nork esan duen jakiteak, egiak berak baino». Antzeko zerbait gertatzen ari da orain. Espainiako estatuak kronista bakarra nahi du; ez bi edo hogeita bi; bakarra. Estatua bera, alegia. Garaile eta garaituen arteko kronika idatzi nahi dute, zuri-beltzak soilik agertuko dituen kontaketa. Zeregin horretan oztopo bat topatu dute: maiatzaren 22ko hauteskundeen emaitza. Berton, Bildu koalizioak izandako boto kopuruak lausotu du, baina, iragarritako kronika horren idazketa. Zapuztu zaie aurretik idatzitako kontaketa. Garaile eta garaituen arteko mugak ez daude horren garbi. Izan ere, garaipen militarra eta garaipen politikoa ez datoz beti bat. Iragarritako kronikak arrakalak ditu. Honatx hiru adibide.

Lehena: Bateragune auzia. Preso egonda ere, Arnaldo Otegik Bateragune auzian emandako irudia oso askea izan zen: inoiz baino libreago mintzatu zen, inoiz baino argiago. 315.000 botoen zilegitasuna zuen atzean. Ezker abertzale historikoak erakutsi zuen egindako apustu politikoa fruituak ematen ari dela. Konbentzimendu osoz, kementsu, gorrotorik gabe mintzatu zen. Batek baino gehiagok hurrengo lehendakaria ikusi zuen jesarrita Audientzia Nazionaleko eserlekuan. Kronista bakarra inposatzeko asmoa duen estatuak ezin zuen halako laidorik jasan.

Bigarren adibidea. Egoeraren azterketa. Arnaldo Otegi eta Patxi Lopez dialektikoki aurrez aurre jarri dira egoeraren azterketa egitean. Preso dagoen buruzagiaren aburuz, «egun bizi dugun aldaketa politikoaren jatorrian ezker abertzalearen estrategia berria dago». Lehendakariak, berriz, dio egoera honen abiaburua «estatuaren irmotasuna» izan dela. Haatik, azterketa objektibo batek esan beharko luke, agian, euskal gizarteak bide armatuari bizkarra eman izanak ekarri duela, besteak beste, ezker abertzale historikoaren aldaketa eta jokabide horrek aldatu dituela bai mapa politikoa, baita beste alderdi politikoen estrategia ere. Baina, hemen ere, estatuak kronista bakarra nahi du.

Hirugarren adibidea: Eusko Jaurlaritzaren zio politikoko biktimen dekretua. Protagonista: Idoia Mendia bozeramailea. Izena bera ere bitxia da: «Estatuaren eta talde paramilitarren biktimen auzia» deitu beharrean, dekretuari bestelako izen nahasia topatu zaio estatuaren erantzukizuna ezkutatzeko. Baina gatozen harira. Mendiaren esanak: «Inork ez dezala pentsa ETAren biktimak eta estatuaren biktimak maila berean daudenik. Ez dago parekatzerik. ETA da biolentzia ororen jatorria. Historia ezin da berridatzi». Kronista bakarraren tentazioak, inoiz baino ageriago, berriz ere. Galdera apala: Zergatik egon behar dute mailak biktimen artean? Non eta noiztik aurrera jarri behar da biktimen kontagailua abian? 1978an, 1968an, 1936an? XIX. mendeko gerra karlistetan?

Bozgorailuak eta mailuak

Kronista bakarra ezin da egon. Ez da egongo. Ez litzateke ona izango. Zer gertatu da? Galdera horren peskizan bai izan behar dugu zorrotz eta zehatzak; zeharo zehatzak. Posiblea da. Beste kontu bat da zergatietan bat etortzea. Horretan ezinezkoa izango da ados jartzea; baina zer gertatu den argitzen badugu, zailago izango da etorkizunean ere oinarrizko eskubideen aurkako urraketak berriro errepikatzea.

Kronista batzuek bozgorailu eta baliabide hobeak izango dituzte, baina horrexek ez die egiaren bermea emango; bozgorailuak mailuak balira bezala erabili arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.