Itzul dezatela dirutza

2011ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Yolanda Barcinak 143.000 euro baino gehiago patrikaratu zuela aitortu du: erdia baino gehiago, gainsarien bidez. Dirutza hori, iaz. Zenbat urte eman dute Barcinak eta enparauek horrelako dirutza jasotzen? Boterean daramatzaten urte luzeotan batek daki zenbat diru bildu duten. Kalkulagailua hartu eta egin biderketa. Gainera, orain azaleratu dena, antza, izozmendiaren erpina baizik ez da. Izan ere, gutxitan ikusi zaio Barcinari aurreko prentsaurrekoan bezain urduri.

Orobat, Barcinak ez du ezer esan gainsari horiek itzultzeaz, eta dimisioa emateko asmorik ere ez du agertu. Gutxiagogatik hainbatek eman dute dimisioa Europan, baina Estatu Espainolean ez dago dimisioaren kulturarik. Edozeinek ikus dezake ez dela oso kontu normala; nomina duen edonoren kasuan,aztertuta, ikertuta eta aspaldi justiziaren begi zorrotzen azpian zegokeen.

Nik ez dut Espainiako Justizian konfiantzarik, baina legea aipatuz ahoa betetzen duten horiek irakurri beharko lukete indarrean dagoen Zigor Kodearen 295 artikulua, kudeaketa desleiala izeneko delituari dagokiona. Ondasun publikoen ustiapen ustelak hondamendira garamatza. Legezkoa den ala ez, epaileek ebatzi beharko lukete, baina, nolanahi delarik ere, murrizketa garaian ez da zilegi horrelako gainsariak eskuratzea eta ez itzultzea.

Aztarna gutxiagorekin euskal herritar asko atxilotu eta Auzitegi Nazionalera eraman dituzte: egunotan bete da Euskaldunon Egunkaria-ren aurkako bigarren polizia operazioaren zortzigarren urteurrena, eta oraindik auzi ekonomikoa hor dago, itxi gabe.

Irailaren hondarrean Barcinak honelako hau esan zuen: «Normalean etxean garbitzen baduzu astean bost aldiz, [krisia dela-eta] orain bakarrik astean lautan garbitzen ahalko duzu». Garbitu aditza dagoen lekuan, bakarrik falta zitzaion Barcinari jan aditza jartzea. «Normalean etxean jaten baduzu astean bost aldiz, krisia dela eta, astean lautan bakarrik jaten ahalko duzu». Edo gutxiagotan.

Munduan beste asko bezala, Barcilandiako printzesa eta printze guztiak pozik eta alai bizi dira… besteon bizkar. Berak ez du bere etxea garbitzen, jakina. Zer esan nahi zuenhorrekin? Etxeko garbiketaegiten dionari egun bat gutxiago garbitzeko aginduko diola? Ala egun bat gutxiago ordainduko diola? Hori ere ez da kontu garbia baina, nolanahi delarik ere, ez du zerikusirik garbitasunarekin eta bai zikinkeriare-kin.

Barcina printzesaren munduan ez dago zikinkeriarik, ez murrizketarik; baina benetako munduan, benetako Nafarroan, murrizketak non-nahi. Hezkuntza munduari dagokionez, nahiz eta ikasle kopuruak gora egin, 230 irakasle gutxiago kontratatu dituzte aurten. UPN-PSNren gobernuak 43 milioi euro gutxiago inbertitu nahi du sare publikoan 2012an… Baina sare pribatu katolikoan murrizketarik ez, jakina. Egon, badago dirurik gizentzeko Jesuitas, Carmelitas, Esclavas, Sagrado Corazón, Dominicas, Jesuitinas, Irabia, Ursulinas, Maristas, Amigó, Escuelas Pías... Horietarako guraizekadarik ez. UPN-PSNkoek beste lehentasun batzuk dituzte; Segurtasun Hirirako gastua bikoiztu nahi dute: 89 milioi.

Lagunok, erasoaren neurriko erantzuna eman behar da: kalera, kalera eta kalera, gure ametsak Barcinaren amesgaiztoakizan daitezen. Eta ez gaitezen etsipenean eror, horixe nahi baitu Barcinak! Ez dezagun umorea gal eta Barcinari hortzak erakutsi, hortzak erakustea barre egiteko bertze modu bat baita!

Iragan den larunbatean, suminduen manifestazio jendetsuan, umorea galdu gabe, ozenki eskatu zen Barcinaren dimisioa, baita «Barcina kanpora» oihukatu ere. Nago larunbat honetan ere horrelakoak adituko ditugula Iruñean, Antoniutti parketik abiatuta eginen den murrizketen kontrako manifestazioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.