Kaliren aroa eta Bilduren itxaropenak

2011ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Ezker abertzale tradizionalak garaitza historikoa lortu du Bilduri esker, eta gainera, gehien behar zuen unean. Irabazi politiko hori ez da kudeatzen erraza izango, konplexutasun handi bi elkartzen direlako, agian, sinbiosirik gabe: Bilduren konplexutasunari boto-emaileena gehitzen zaio. Noski, boto asko ezker abertzalearen ohikoak dira, batzuk nazionalismo sozialdemokrata agonikoarenak, bateren bat Alternatibatik etorria. Eta ez dira gutxi izango (benetako) sumindu ez-mediatikoen boto zigortzaileak. Zaila izanda ere, konplexutasun ondo kudeatu bat abantaila bihur daiteke. Halere, errazago izan daiteke anabasa horretatik larru zati batzuk galtzen joatea, nekez batera daitezkeelako erakundeen kudeaketa zintzoa eta haustura-gogoa nahiz demokraziaren kontrako sumindura.

Ezker Abertzaleak nonahi aitortu du une honetan indarrak metatzeko estrategiari darraiola; horraino aitzakiarik ez. Alta, Ezker Abertzaleari inoiz ezagutu zaio koiuntura historikoaren kontzientzia eskasa, eta orobat, mundua gobernatzen duten legeei erreparatzeko eragozpenak. Irudipen hori behintzat berritu dit emaitza bikainak gehiegizko itxaropenak sortzen ari direla ikusteak. Bozkarioaren kariaz, abertzaleen artean oso hedatuta dago hurrengo urteetan Bilduko hautetsiek kudeaketa ona, garbia, herritar gehienen aldekoa eginez gero, hurrengo hauteskundeetan lehenengo indarra izan daitekeela, eta handik abiaburuan egongo dela independentziarantz eta sozialismorantz jotzeko. Nire irudiko, oker dabiltza aurreikuspen horrekin, gutxienez huts bi egiten dituztelako: bata, herritarrek hautagairik onena aukeratzen dutela pentsatzea; bestea, uste izatea gizartean aldaketa sakonak politika egokiek eragiten dituztela.

Leninek 1917an frogatu zuenez, sistema batek pitzatuta egon behar du hautsi eta irauli ahal izateko. [...]. Eta noiz dago sistema pitzatuta? Gizaki arruntaren oinarrizko premiak asetzeko gai ez denean: biziraupen materiala (jana, edaria, jantziak…), jarraipen biologikoa (ugalketa), koherentzia psikikoa (identitatea). Bestalde, psikearen atal politiko-sozialak grabitazio unibertsalaren antzera funtzionatzen du: botere-masa handiak txikiak erakartzen ditu, eta beraz, herritarrak. Halatan, hautetsiak oso jatorrak izanik ere, herritarrek berezko joera dute boterearen alde egiteko; finean, premia biologiko-materialak asetzea eta jarraipena bermatzen baititu, non eta identitate-krisi handi batek oreka apurtzen ez duen. Horregatik izaten da nazionalismoa ideologiarik zoliena sistemei azken kolpea emateko. Argi izan dezagun: sozialismoa gorabehera, independentziak haustura handi samar bat eskatzen du; haustura-unearen atarian ote gaude? Ez dut uste.

Osterantzean, haustura historiko mota bi daude gutxienez: bata, gizartearen eraketa-prozesuan gertatzen dena; bestea, desegite-prozesuan. Iraultza burgesa lehenengoaren adibidea da, eta berari lotutako liberalismoa nahiz protestantismoa. Luterok erreforma aldarrikatu zuenean germaniar printzeen babesa eduki zuen, bestela Vaticanok lasai asko erreko zuen, eta agur Erreformari. Ordurako germaniar burgesiak behar beste indar eta gogo zeukan bilduta Inperioari eta Elizari aurre egiteko. Une egokia zen erreforma aldarrikatzeko. Bigarrenaren adibidea inperio guztien amaieran dago; adibidez, germaniar herriek, barbaroek, Erromarena eraitsi zutenean. Euskal Herriaren kasuak, nik uste, bigarrenetik izango du gehiago. Abertzaleok aukera ona galdu genuen Varsoviako Ituna hondatu zenean, hura izan baitzen autodeterminazioaren trena Europan zehar igaro den azken aldia. Kapitalismo globalaren endekatze-prozesua izango da bigarren abagunea (R. Manjón, Gara, 2011-6-11).

Datu ugariren arabera, ziur aski kapitalismo globala kolapsora doa hurrengo hamarkadetan, krisi energetiko sakon batean erorita, eta horri krisi klimatikoa eta hondamendi ekologikoa gehituta (R. Fernández Durán, 2011). Haren oinarrizko logika, kapitalaren etengabeko metaketa —hazkunde ekonomikoa—eten egingo da. Krisi kulturalaren zantzuak ere atzematen hasita gaude (R. Manjón, Uztaro 74 zk.), gizarte-kohesioaren galera erakusten dutenak: indibidualismoa, subjektibismoa, identitate zatikatuak, erlatibismoa, hedonismoa esfortzuaren ordez… Kolapsoa 2030.aren inguruan gerta litekeenez, lehenengo eta behin erreferentzia horri begiratu behar lioke Ezker Abertzaleak, eta hartara, ordura arteko estrategiaz pentsatzen hasi. [...]

Zergatik izenburuko Kaliren aroa? Kosmogonia hinduistan Vishnu Jainkoak mundua sortu eta zaintzen du; Shivak, ordea, zikloaren dekadentzia dakar; Kalik, Shivaren emazteak, suntsipen bortitza, lazgarria islatzen du. Ezker Abertzalearen unea Shivaren aroan helduko da, baina inperio eta zibilizazioen bukaerak eskuarki oso bortitzak izanik, Kaliren oinaren azpian ziur aski. Kaliren arorako estrategiak izango dira orduan utziezinezkoak. Bozkario legebiltzarzaleak etorkizun apala du, bai eta Donostia Kultur Hiriaren xarmak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.