Konponbide demokratiko baten garaia da Kurdistanen

Gorka Elejabarrieta, Ana Mezo
2012ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Kurdistan munduan barrena: «Estaturik gabeko herririk handiena» dela diote. 30 milioi gizon-emakume inguru, lau estaturen menpe, eta hizkuntza , kultura, ohitura eta historia komuna konpartituz.

Newroz-ek, «argi berria»-ren edo «urte berria»-aren egunak, esanahi berezia du herri kurduarentzat. Udaberria eta naturaren biziberritzea iragartzeaz gain, herri eskubideen aldarri ozena dugu hau. Ukazio eta zapalkuntzaren kontrako altxamendu armatua hasi zenetik, Newroz ospatzen den sasoian, turkiar estatu indarrek errepresioa nabari areagotzen dute. Ehunka dira aldarri egun honetan hildako edo zaurituak.

Azken hilabeteetako testuinguru politikoak gatazkaren gordintasuna eta turkiar estatuaren itxikeria erakutsi digu. 2009ko apirilaren 14az geroztik sarekada ezberdinak izan dira. Guztira 5.000 kurdutik gora izan dira atxilotuak, haien artean 6 parlamentari, 27 alkate, dozenaka zinegotzi eta udalbatzarretako kide eta BDPko (Bakerako eta Demokraziarako Alderdia) exekutibako kideak ere. Koordinaturiko sarekada horiek kurduen aurkako genozidio politikoa bilakatu dira. Zoritxarrez, polizia-sarekada horiek abokatu eta kazetari kurduek ere pairatu dituzte. 41 abokatu dituzte kartzelan 2011ko azaroaren 25az geroztik.

Horren ondoren, beste polizia sarekada bat jarri zen martxan kazetari kurduen kontra eta 36 kazetarien etxebizitza eta bulegoak miatu zituen poliziak 2011ko abenduaren 20ean. 36 kazetari izan dira espetxeratuak abokatuekin batera. Guztira, 70 kazetari kurdu baino gehiago izan dira kartzelan 2009ko apirilaren geroztik.

Gertakari bortitzena abenduaren 28an Uludere herrian jaso zen. 35 Kurdu hil zituzten Turkiako F16ek, mugako segurtasun indarrek bonbardaketa baino lehen biktimen identitateabaieztatu bazuten ere. AKPren gobernuak sarraskiaren errudunak babesten jarraitzen du, eta, are gehiago, sarraskiaren inguruko informazio zehatza telebistan zein egunkarietan agertzea galarazten ari da.

Hala ere, argazki lazgarri horrek ezin digu irudi politiko osoa ikusten galarazi. Mugimendu kurduak azken urteotan konponbide demokratiko baten aldeko lan ikaragarria egin du, eta horrek itxaropen handiak sortu izan ditu herri kurduan. Ochalanen ekimen ezberdinek, PKKren ekintza etenaldiek eta ordezkari politiko kurduek intelektual eta eragile sozialen artean egindako indar metaketak, herri eskubidek errespetaraziak izateko aukerak zabaldu ditu. BDP alderdiak lortutako emaitza onek, kurduek konponbide demokratiko baten aldeko apustu politikoa osorik babesten dutela erakusten dute.

Zoritxarrez, Erdoganen gobernuak egindako adierazpen publiko sinbolikoek eta negoziaketa baten aldeko iritziek, praktikan ezerezean geratu dira. Euskal Herrian ondo ezagutzen dugun estrategiari jarraituz, mugimendu kurduak konponbiderako pausoak eta oinarriak mahai gainean jarri ondoren, turkiar agintariek gerra estrategian sakondu baino ez dute egin.

Eztabaida politikoari ihes egin nahi dio Estatu turkiarrak. Haren ekonomia indartsua den arren etaharen erreferentzialtasun geoestrategikoa nabari handitu den une honetan, herri kurduaren behar politikoei erantzuteko itxikeria eta itsukeria darabiltza.

Egungo errealitatea horrela izanik ere, ezin dugu ahaztu kurduek herri gisa irabazitako guztia PKKren sorreratik hona. Kontzientzia nazionalaren berpizteak egitura politiko, kultural eta sozialen garapen etengabea ekarri du. Horren adibide ditugu hizkuntzaren aldeko borrokan emandako pausoak, emakumeen eskubideen defentsan egindako lan eredugarriak, udalerrietan garatutako politikak edota diasporaren aktibatzea. Etorkizuneko Kurdistan libre baten zutabeak jarriak direla esan dezakegu.

Ezker Abertzalea urte luzez ari da herri kurduari eta askapen mugimenduari bere elkartasuna adieraziz bertara gerturatuz edota gure herrira ordezkari kurduak gonbidatuz. Estaturik gabeko herrietako biztanleak izanik gure arteko elkar ulertzea beti izan da handia.Urte hauetan makina bat aldiz izan gara nazioarteko foro eta instituzioetan elkarren ondoan, gure herriek bizi duten gatazken konponbide demokratiko baten aldeko lanean eta gure herrien oinarrizko eskubideen defentsan.

Kurdistanek bizi duen jazarpen egoera oso larria dela uste dugu eta azken hilabeteotan oraindik okerrago bihurtu da. Orain arte egin izan dugun bezala eta gure ahalbideen arabera, ahal dugun guztia egingo dugu turkiar estatuaren jarrera alda dadin. Parte garen foro eta instituzioetan kurduen eskubideen aldeko ekimenak bultzatuko ditugu konponbide demokratiko baten aldeko deia aldarrikatuz.

Bereziki eta hain ondo ezagutzen dugun alderdien ordezkari eta hautetsien kontrako atxiloketa zein neurri antidemokratikoak behin eta berriz salatuko ditugu. BDPk bere ekinbide politikoa libre garatzeko eskubidea du, eta konponbide prozesuan ezinbesteko eragilea da. Ezin dugu ahaztu, era berean, kartzelan dagoen Ochalan buruzagi kurduaren egoera. Hura bakartuta edukitzea onartezina da, eta lehenbailehen ahalbidetu behar da haren parte-hartzea prozesu politikoan.

Zentzu berean, eredugarriak iruditzen zaizkigu jada kurdu eta euskal udalerri batzuen artean garatzen hasi diren senidetze eta elkarlan prozesuak. Internazionalismoa, hots, herrien arteko samurtasuna, batez ere, herrien eta herritarren egitekoa delako.

Gure ustez, nazioarteko elkartasunean sakontzeak gure herrien askapen prozesuen sakontzea dakar. Helburu garbi horrekin eta Newroz ospatzen den egunhonetan Ezker Abertzaleak berriro argi eta garbi adierazi nahi du garaia dela herri kurduaren eskubideak onartuak izan daitezen. Konponbide demokratiko baten garaia da.

Biji Kurdistan! Newroz piroz be!!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.