Merkatuak, interes espekulatiboak, neoliberalismo itzelak eta munduko buruzagi nagusien ezkerrera begiratzeko gaitasun faltak ekarri dute lehenik, eta ondoren areagotu, azken hamarkadetako munduko krisirik handiena. Herritarron eskubide sozialen kontrako neurriak hartzeko agente ekonomiko internazionalek egin duten presioak eta Estatuko eta Nafarroako Gobernuen politikek (presio internazionala onartu dute murrizketa krudel eta eskuineko politikak ezarriz) krisia amaitzeko gai ez direla demostratu dute, eta, gainera, okerragotu dute. Era honetako neurriak inposatu izanak zuloa gero eta sakonagoa egiten du, eta irteera urrunagoa.
Baina, mundu osoan eragina duen krisiaren ondorioak jasateaz gain, Euskal Herrian, gainera, egoera ekonomikoari aurre egin behar diogu gure subiranotasunaren ezeztapena jasanez, bai politikoki eta bai ekonomikoki. Eta hori guztia, krisiari ezkerretik (eskubide sozial, laboral eta zerbitzu publikoen errekonozimendu eta babesetik) aurre egiteko tresna hoberena gure erabakitze gaitasuna bada ere. Krisiaren aurrean eskuinaren errezetak ezartzen dituztenak, hau da, PP Madrilen eta UPN-PSN Nafarroan, gure erabakitze eskubidea ezeztatzen saiatzen dira, lehenengoak aintzat ez hartuz eta beren politikak inposatuz eta bigarrengoak utzikeriaz eta Mariano Rajoyren proposamenak imitatuz.
Mariano Rajoyk inposatu dituen eta ezarri nahi dituen neurriek, batez ere eskubide sozialen murrizketak eta lan erreformak, egoera larriagoa egiten dute. Langabezia handiagoa ekarriko dute, eta benetan behar dutenentzako babes sozial falta. Neurri antisozialak inposatu nahi dizkiete herritarrei, sistema publikoa etaOngizate Estatuaren zutabeak ahultzen dituztenak, lan baldintzak okerragotzen dituztenak, eta langileakbehartzen dituzte beste behin krisiaren ondorioak ordaintzera. Herritar gehienen borondatearen kontra inposaturiko neurriak jasan behar ditugu; eta justu krisia eragin dutenei mesede egiten dietenak baina ahulentzat ondorio kaltegarriak dituztenak.
Are gehiago, Alvaro Miranda Ekonomia Kontseilariari gertatu bezala, neurriek porrot egin dutela ikusi eta gero, Los Arcoseko zirkuituarekin eta orokorrean Plan Navarra 2012 delakoarekin bezala, horrelako politika traketsen eta neoliberalen buru direnak ez dira gai beren akatsak onartzeko. Onartezina da oraindik ere Nafarroan dimisiorik egon ez izana.
UPN-PSNren gobernuak merkatuei kasu eginez eta herritarrei bizkarra emanez ezartzen ditu neurri horiek guztiak. Lortu dute langabeen zifra 50.149etara heltzea. Eta haiei Enplegua Erregulatzeko Espedienteengatik kaltetuak izan direnak gehitu behar zaizkie (2011n, 8.671 pertsona), Nafarroako Gobernuak enpresariek mahai gainean jarritako espediente guztiak onartu baititu (enpresa horiek irabaziak lortu dituztenean ere bai). Nafarroako Kutxa pribatizatu dute, eta, era honetan, nafarrok, 2009. urtean 1.300 milioi euroko balio kontablea zuen entitate baten jabe ginenok, 216 milioi euroko burtsa balioa duenaren partaidetza minoritarioaren jabe gara orain. Oinarrizko errenta gutxitu dute gehien behar zenean; lege berriarekin eta murrizketekin hartzaileen %20k ez dute jasoko. Eta, azkenik, esan behar dugu osasun arloko murrizketak %12aren inguruan daudela azken bi urteetan, eta bien bitartean klinika pribatuetara igorri diren kasuak hazi dira. Klinika Unibertsitarioaren kasuan, %25 2003. urtetik.
Gogoratu beharra dago, azken bi urteetan langileen eskubide sozialen aldeko mobilizazio anitz egin dela, hala nola Osasun eta Hezkuntza publiko eta kalitatezkoaren aldekoak, gutxien dutenen alde eta bankari eta espekulatzaileak krisiaren arduradun argiak bezala seinalatuz. Gizartearen gehiengoa era argian agertu da kaleetan zehar. Baina, Nafarroako Gobernuarentzat, herritarren iritziak ez du balio.
Baina krisiak badu irteera. Eta lerro hauek hori defendatzeko idazten ditugu. Krisiari aurre egiteko behar diren politika publikoak zehazteko momentuan gure erabakitze gaitasunean dago giltza. Irteera hau gure gaitasun ekonomikoan oinarritu behar da eta kreditu eta finantzaketa publiko nahiz pribatuaren inguruan aurrera egin dezake. Gure konpetentziak erabil ditzakegu Osasunean, Hezkuntzan, Administrazioko pertsonalari dagokionez era honetan diru sarrerak indartu eta jarduera ekonomikoa sortzeko, kontsumoa eragiteko eta inbertsio publiko sozial eta pribatutik lana sortzeko.
Horregatik guztiagatik, herritarren erabakitze eskubidea defendatzeko helburuarekin, kasu honetan krisiaren kudeaketari dagokionez, Ezker Abertzaleak, Eusko Alkartasunak, Alternatibak eta Aralarrek datorren otsailaren 11rako Iruñean, Gasteizen, Bilbon eta Donostian martxak antolatu ditugu, Erantzuna gure esku. Erabakia gure esku lelopean. Krisialditik ateratzeko irteera bat aldarrikatu nahi dugu, hala nola kudeaketa ekonomiko propioa, gure erabakitze eskubidetik etorria, hau da, herritarren borondate subiranotik.
Horrela, ba, azkenengo langabezia datuek erakusten duten bezala geroz eta langabezia handiagoa ekartzen duten politika neoliberalen inposizioaren aurrean, uste dugu krisialditik ateratzeko irtenbide bakarra gure erabakitze eskubidetik etor daitekeela, ezkerretik, sozialki justuagoa den eta politikoki demokratikoagoa izan behar den etorkizun hobe bat lortzeko atea ireki ahal izateko. Zeren eta herritar gehienek uste dute krisiaren irteera ezkerretik etorri behar dela (eta horrela adierazten dugu era masiboan) eta ezin da egon gizartearen eskaria geldi dezakeen inmobilistarik. Erantzuna gure esku dago. Erabakia gure esku dago, eta datorren otsailaren 11n demostratzeko aukera izango dugu. Itxarongo zaituztegu.
Krisiaren aurrean, irtenbidea gure esku
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu