Israelekiko harreman diplomatikoak, ekonomikoak eta merkataritza itunak emendatu egin dira, Israelek hainbat Nazioarteko itun urratu dituen arren: Nazioarteko Zuzenbide eta Legedia, Giza Eskubideen itunak, Genevako IV. Hitzarmena eta NBE Nazio Batuen Erakundearen 50 ebazpen baino gehiago, besteak beste.
Israelek Nazioartearen onarpena behar du, eta, horretarako, aberri moderno eta progresistaren irudia azaldu nahi du, sionismoak Arabiar Ekialde Hurbilean eta Palestinar herrian batez ere gauzatzen duen apartheid politikak gero eta argiago erakusten duen benetako errealitatea ezkutatuz.
1967an Israelek legez kontra okupatu zituen hainbat lurralde: Gaza, Zisjordania, Jerusalem ekialdea, Siriako Golan Gainak, Libanoko Shebaa landak eta Egiptoko Sinai Penintsula. Nazioarteko Zuzenbidearen araudiak argi eta garbi azaltzen du nola jokatu behar duen potentzia okupatzaileak herri eta lurralde okupatuarekin. Halere, Israelek, potentzia okupatzaile gisa behin eta berriz urratzen ditu Giza Eskubideen Itun eta Hitzarmenen hainbat atal, bereziki Genevako IV. Hitzarmenaren I. Protokoloaren 33. artikulua. Urte bereko azaroaren 22an, NBEren Segurtasun Kontseiluak 242 ebazpena aho batez onartu zuen, Israel okupatutako lurraldeetatik atera zedin exijituz. Hau da Israelek inpunitate osoz bete gabe jarraitzen duen NBEren ebazpenetako bat (50etik gora guztira).
Datorren astean, EAE Euskal Autonomia Erkidegoko Legebiltzarreko ordezkaritza batek (Lakuako Gobernuko ordezkari eta SPRI erakundeko kideekin batera) Israelgo zenbait enpresa eta unibertsitate bisitatuko ditu, Israelgo enpresa hauek aurtengo irailaren 5etik 7ra Bilbora egindako bisitari erantzunez.
Nazioarteko araudiak eta kasu honetan bereziki Euromediterraneo Elkartze-Hitzarmenak, bere bigarren artikuluaren arabera, zuen lana gobernuaren kontrola izanik, zuen betebeharretako bat indarreko legeria betetzen dela ikuskatzea da. Israel bisitatu eta bertako enpresa eta unibertsitateekin merkataritza-hitzarmenak eginez ez zarete zuen betebeharra betetzen ari. Jokaera honek, aldiz, hamarkadetan zehar inpunitate osoz Israelgo Estatuak eragindako gerra hilketen beharrezko konplize bihurtzen zaituzte.
Zuetako zenbait eta ordezkatzen duzuen Parlamentua hainbat palestinar eta israeldar pertsona entzutetsurekin bildu izan zarete: Ismat Shakshir Doktorea, Nabluseko emakume palestinarren elkartearen lehendakaria; Raji Sourani jauna, Gazako Giza Eskubideen Zentroko zuzendaria; Sergio Yahni jauna, Jerusalemgo Informazio Gune Alternatiboko zuzendaria, eta Hind Awad BDS kanpainaren koordinatzailea, besteak beste. Haiek denek, okupazioak eragindako basakerien berri emateaz gain, Nazioarteko Legeria etengabe urratzeagatik Israeli zigorrak ezartzeko beharra jakinarazi dizuete. Azken hori, zuen eskumena izateaz gain, zuen eginbeharra ere bada. Ongi planifikatutako garbiketa etniko honek eragindako biktimez errukia erakutsi duzue, laguntza ekintzak hitzemanez esaterako, baina orain bere borreroarekin bilduko zarete gutxi batzuen mozkinak handitzeko, herri oso baten askatasun eta bizitzaren kalterako. Aurtengo uztailean Palestinan izan zen EAEko Parlamentuaren Ordezkaritzak argi ikusi ahal izan zuen Israelek ezarritako blokeoak eragindako inoiz ez bezalako krisialdi humanitarioa. Zuek zerok onartu duzue Israelek ezarritako blokeo hau Nazioarteko Zuzenbidearen kontrakoa eta Palestinarren Giza Eskubideen urraketa garbia dela. Gogora ekarri nahi dugu israeldar agintariek EAEko Parlamentuaren Ordezkaritzari Gazarako sarrera ukatu ziotela, eta bertako krisi humanitarioa eta giza eskubideen urraketa agerikoago bilakatu.
Euskal Herria-Palestina Saretik, elkartasun internazionalista lantzen duten GKE eta erakundeak biltzen dituena, Israelera egingo den bisita honek eragin duen sumindura erakutsi nahi dizuegu, batez ere zuengandik hitz gozoak jaso dituztenen lagunen artean (arestian aipatutakoak, esaterako), era honetako jokaerak akabatuko dituena hain zuzen ere. Hurrengo egunetan izango den ordezkaritza honen bisita, alde batetik, ez dator bat zuen deklarazio publikoekin eta, bestalde, era zuzenean edo zeharka biztanlerian izua zabaltzen laguntzen du. Ordezkaritza honi buruzko hausnarketa sakona eskatzeaz gain, zuok lekuko izan zareten hondamendi humanitarioak eragin eta giza eskubideak etengabe urratzen dituen gobernuarekiko lankidetzari buruzko gogoeta egin dezazuen eskatu nahi dizuegu. Arestian aipatutakoa kontuan hartu eta ordezkaritza hori bertan behera uzteko, edo gauzatuz gero, inolako merkataritza hitzarmenik ez sinatzeko eskatzen dizuegu, zuek sinatu eta errespetatzen duzuen nazioarteko zuzenbidea oinarri hartuta.
Legebiltzarretik Israelera egingo den bisitaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu