Agian irakurleak gogoratuko du uda honetan, Londresen hain zuzen ere, istilu ugari ezustean gertatu zirela. Dena hasi zen poliziak gazte bat tirokatu eta hil zuenean. Horren aurkako auzo-protesta gatazka orokor bilakatu zen, hiri osoan zehar mota guztietako delituak nagusitzen ari ziren bitartean. Eta Londresen ez ezik beste hirietan ere (Manchester, Bristol, Birmingham…). Istilualdi gogorrenak abuztuko ia astebete osoa iraun zuen, gau eta egun, eta oporretan ziren politikariek, haien artean David Cameron lehen ministroa berak, haien atsedena eten eta lanera itzuli behar izan zuten, aparteko egoera larriari aurre egiteko.
Holako indarkeria-leherketa zergatik gertatu zenari buruz asko eta luze eztabaidatu da bai Erresuma Batuan bai eta kanpoan ere. Une honetan, ordea, azpimarratzekoa dena zera da: istiluei aurre egiteko zelako eztabaida publikoari ekin zitzaion han poliziak jardun behar zuen moduari zegokionez. Eta horren inguruan hona hemen traza batzuk: poliziek ez dute erabiltzen gomazko pilotak botatzeko eskopetarik ezta antzeko diren su-armarik; jende-multzoaren aurrean babesgarriak dituzte eta beraien borrak edo defentsa-makilak erabili ohi dituzte; adingabeak istilu-lekuetan baldin badira jarduteko protokoloak desberdinak dira eta, hortaz, jende-multzoak sakabanatzeko modua ere desberdina izaten da.
Ohikoak diren esku hartzeko modu horiek ez zuten emaitzarik ematen Londreseko uda-istiluetako lehenengo fasean eta hiriburuaren hainbat lekutan kontrola galdua zuten poliziek. Erreakzio publiko-poliziala zera izan zen: eskatu telebistaz eta irratiz eta beste edozein komunikabidez gurasoek edota ardunadunek adingabeak kaleetatik erretiratzeko, behar bezala kale-mailan polizia mugitu ahal izan zedin. Beste alde batetik poliziak elkarrizketa intentsifikatu zuen hiri esparru gatazkatsuetako herri-ordezkariekin, arazoei poliziak eta herriak, elkarren eskutik, heltzeko. Larrialdietako gobernuko koordinazio-batzordeak («Cobra» izenekoak), armada bera esku hartzeko aukera mahai-gainean eduki arren, berehala baztertu zuen, soldaduak kalean jende-multzoak maneiatzeko trebeziarik ezean, emaitza ikaragarria izan zitekeelako. Azkenik ur-kanoiak erabilitzea komeni ote zen eztabaidagai nagusi bilakatu zen.
Erresuma Batuko poliziaren jardueretan gehiegikeriak ere izan dira historikoki, nabarmenak gainera. Gogoratu besterik ez dago, besteak beste, Ipar Irlandan izandako kapitulu beltza. Baina hango gizarteetan, oro har, poliziaren jarduera-mugak eztabaidatzen dira normaltatsun osoz. Eztabaidan politikariek parte hartzen dute, baina askotan goi mailako polizien adierazpen profesionalak entzuten eta errespetatzen dira, baita unibertsitate-irakasleenak, adituenak eta giza eskubideen ekintzalarienak ere. Londresen izandako istilu larrietan (2.000 atxilotu inguru) inori ez zaio burutik pasatu polizien jarduera edo indarkeria mailak eztabaidatzeagatik, indarkeriazale edo halako salaketa erabiltzerik ez eztabaida publikoan ezta alderdien arteko ika-miketan ere.
Eta gure artean? Kukutzaren kasuan poliziaren jarduera eztabaidatzeko prest egon beharko ginateke, bertan dauden arrazoizko edo arrazoigabeko jabetza-eskaerak alde batera utzita. Ertzaintza 8.000 mila lagunek baino gehiagok osatzen dute eta profesional onak egon badira, kontrolik gabeko agenteak ere diren bezalaxe. Ez dago sinesterik beti ondo, txukun, eta behar den indarkeria erabiliz jarduten dutenik. Eta ez da kontu partikularra: polizia guztietan gertatzen da. Berariaz doa, indarra erabiltzearekin batera, aldiz aldiko gehiegikeria. Orain dagoen Barne Sailburua edo aurrekoen esanak, ordea, hitzez hitz sinestu beharko bagenitu, poliziek, guztiek eta beti, azken 30 urteetan behar bezala jardun dute gure artean. Eta horien aurka kritika bat botatzen ausartzen dena, kritika eraikitzailea eta fundamentuzkoa izaten ahalegindu arren, indarkeriazalezkoa izatea leporatuko zaio edota ez dakit zein izkutuzko asmo politiko gaiztokoa. Badirudi, barne sailburu ona dela, «bere jendea» defendatzen duena, kosta ahala kosta: eta hori ez da demokrazia osasuntsuaren ikuspegitik egokia.
Kukutzaren testuinguruan ikusi ditugunak ikusirik gehiegikeriak ikertzeko lehenengo oinarria egon badago. Baina nork ikertu? Erantzukizun penalak balira, epaileek. Baina hain urrun joan gabe, Erresuma Batuan polizia kontrolatzeko Batzorde Independente bat dute (Independence Police Complaints Commision IPCC), istiluak sortzen direnean ahots askeago eta sinesgarriago bat eduki ahal duena, salatzaile eta poliziaren bertsioen artean objetiboki kokaturik.
Estatu demokratikoetan erakunde oro kontrolatu beharra dago eta horien artean, nola ez, poliziaren erakundea. Poliziak dituen jarduteko protokoloak eztabaidatzea edozein gizarte demokratikoren eginkizun halabeharrezkoa da, horren bitartez ere, polizia herrian sustraitu eta herriak polizian ere konfidantza handiagotzeko aukera ahalbidetzen baita.
Eztabaidatu beharko genuke zergatik hain erraz eta hainbeste eskopetak erabiltzen diren hiritarrak sakabanatzeko; zergatik ez diren publikoak egiten poliziek dituzten protokoloak; zergatik maizegi ikusten ditugun poliziek jotzen modu baketsuan protestaka dabiltzan hiritarrak; zergatik eta zein puntutaraino patrikako telefonoak edota kamerak antzemateko neurria jusitifikatu daitekeen… Eta hori guztia, demokrazia hobetzekotan, polizia ere hobetu behar baitugu: eta polizia hobetzea ez da politikarien monopolioa, are gutxiago barne-sailarena. Herritarrok eta herri-eztabaidak lagundu beharko luke, poliziek gu, gure seme-alabak, protestalariak eta mota guztietako pertsonak nola tratatu behar dituzten zehazten eta adosten.
Badirudi, «normalizatu» behar omen den herri honetan, berriro ere «anormala» guztiz den aitzakia beste behin erabili dela, batzuk eta besteak nahastearen bitartez, eztabaida saihesteko: alegia, batzuek indarkeria erabili dutenez, ez dezagun aitortu okerrak eta gehiegikeriak gertatzen direnik, eta ez dezagun utzi demokraziaren hausnarketa kritikoak polizia-eredua hobetzen… noiz arte?
Londresetik Kukutzara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu