M-15 eta Euskal Herriko greba orokor berri bat

2011ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Burgesiaren komunikabideek eta langileen erakundeetako agintari batzuk galdera hau egiten zioten beren buruari: zergatik ez da leherketa sozialik egon Espainiako Estatuan, hainbesteko eraso sozialak eta aurrekaririk gabeko langabezia daudenean?

Azkeneko urteetan, Espainiako Estatuko milioika gazte eta langileren borondatea ere krisia eta enpresarien diru gosea geratzeko erantzun eraginkor bat ematea izan da. UGT eta CCOOko agintarien harresiarekin topo egitea izan da oinarrizko arazoa. Horien estrategiak, bake sozialean eta PSOEren gobernuarekin zein patronalarekin eginiko etengabeko akordioetan oinarritutakoa eta mota guztietako kontzesioak egiteko konpromisoa duena, mobilizazioaren bidea ixten zuten. Gazte eta langileek borrokarako borondatea dutela ikusi genuen Hego Euskal Herrian, euskal gehiengo sindikalak deitutako hiru greba orokorretan. Jarraipen handia izan zuten greba horiek, manifestazio masiboekin eta milaka langile gaztek eta ikaslek ere kaleak hartuz.

CCOO eta UGTko zuzendaritzek irailaren 29ko greba orokorrera deitzera behartuta ikusi zuten euren burua, langileengandik jasotzen ari ziren presioaren ondorioz. Hego Euskal Herrian ahula izan bazen ere, estatu guztian oso indartsua izan zen, eta batik bat Katalunian. Horrek erakusten zuen Espainiako Estatuan ere baldintza guztiak zeudela PSOEren gobernuaren neurrien aurka mugimendu indartsu bat sortzeko. Bazegoen indarra mobilizazioa zabaltzeko, gogortzeko eta masiboagoa egiteko; baina, 2010eko abenduan, CCOO eta UGTko agintariek desmobilizazioaren bidera itzultzeko erabakia hartu zuten. CCOO eta UGTko zuzendaritzak inposatutako desmobilizazio sozial horrek talka egiten zuen oinarriko milaka sindikalisten eta gizarteko gehiengoaren helburuekin. Baina lortu zuten bakarra borroka atzeratzea izan zen, M-15 mugimendua erakusten ari den moduan.

M-15eko mobilizazioen bultzatzaileek azpimarratu dute beren ekintzek izaera «apartidista» eta «apolitikoa» dutela, eta bertan denek tokia dutela: bai ezkertiarrek, bai eskuindarrek. Oro har «politikaren» aurka ere egin dira adierazpenak batzarretan. Aurreiritzi horiek politika ofizialak sortutako haserrearen eta mugimendua manipulatua izateko beldurraren ondorio dira. Hasieratik, antolatu ziren manifestazioetan bankarien, botere finantzarioaren, ustelkeriaren eta «klase politikoaren» aurkako kontsignak oihukatzen zituen jendeak. Pankarta eta kartelek erakusten zituzten leloak langabeziaren aurkakoak eta milioidunen irabazien aurkakoak, etxebizitza duinaren aldekoak edo osasun eta hezkuntza publikoaren aldekoak ziren. Horrek guztiak erakusten du mobilizazioen izaera ezkertiarra eta antikapitalista dela oinarrian. Politika iraultzailearen egarria dago atzean.

M-15 mugimenduak aliatuak behar ditu indartzeko eta mobilizazio zabal eta indartsuago bat lortzeko. Hori posible izateko, beharrezkoa du langile mugimendura zuzentzea. Horrek ez du esan nahi gazteriak indarrik ez duenik, justu kontrakoa erakutsi baitu. Beharrezkoa dena da gazteriaren eta langile klasearen indarrak elkartzea eta geldiezinezko mugimendu bihurtzea, milioika herritarrek helburutzat dituzten aldarrikapenak inposatzeko gai izateko.

Euskal Herritik ere ekarpen garrantzitsuak egin diezazkiokegu mugimendu horri. Euskal Herrian ere M-15 mugimenduak ilusioa sortu du milaka gazte eta langileren artean. Mugimendu horri ezker abertzalearen eta euskal gehiengo sindikalaren indarrak elkartzeak M-15ari laguntza handia emango lioke. Ezker abertzaleak eta euskal gehiengo sindikalak beren eskuetan hartzen badute erronka hori, biztanleriaren aurkako eraso gogorrak jasaten ari garen honetan —hitzarmen kolektiboaren erreforma—, posible izango litzateke mugimenduak klaseko perspektiba bat eta beharrezkoa duen indarra hartzea. M-15 mugimenduarekin koordinatuta Euskal Herrian beste greba orokor bat deituz, borrokak pauso kualitatibo bat emango luke. Gainera, sindikatu estataletako delegatuak eta afiliatuak erakartzeko aukera ezin hobea litzateke, horietako asko oso kritikoak baitira CCOO eta UGTko agintariak egiten ari direnarekin.

Horrelako greba batek ikaragarrizko eragina izango luke Espainiako Estatuan, eta erasoak geratzea lortzeko oso garrantzitsua izango litzateke; eta, aldi berean, gure aldarrikapen demokratiko nazionalen alde babesa lortuko genuke. Bizitzen ari garen garai honetan, borrokak internazionalki elikatzen dira. Iraultza arabiarra izan da horren adierazpen onena, baina baita M-15 izena hartu duen mugimendua ere. Euskal Herritik, langile mugimendua gazteriara elkartuta ekarpen handia egin genezake kapitalismoaren aurkako mundu mailako borroka horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.