Egiazko eta erabilgarria den memoria historikoaren alde izeneko gure azken hausnarketan, genioen ez dela nahikoa gertatutakoaren historia kontatzea. Bere ezagutzak, horretaz gain, gure artean gaur eguneko eta etorkizuneko elkarbizitza eraikitzeko baliagarria izan behar du, ezagutarazi, baloratu eta testifikatutako egian oinarriturik.
Azken aldian egin diren ekarpen desberdinen artean, bereziki esanguratsuak dira Eusko Legebiltzarreko lantaldeak, Bake eta Elkarbizitzarako Ponentzian adostutako printzipio eta konpromisoak, jakina bada ere EH-Bildu koalizioak, UPDk bezala, ez zuela parte hartu eman zitzaion ordezkotza mailarekin ez zegoelako ados eta ezta ponentziaren edukiarekin ere.
Ekarpen hauek baketze eta normalizazio prozesuari eskainitakoaren ildotik eta ordezkotzari dagozkion hutsuneak ahaztu gabe, ondorengoa adierazi nahi dugu:
1) Benetako berradiskidetze eraginkorrak, eragindako kalteen errekonozimenduan, kalte-ordain posible eta zuzenetan eta memoria inklusibo, oso eta egiazkoan oinarritu behar du. Era horretan bakarrik eraiki daiteke ezinbesteko zoru etikoa memoria hori ez dadin maila politikoan geratu baizik eta, batez ere, exijentzia etikoa izan dadin.
Memoriak inoiz gertatu behar ez zuenarekiko indiferentziaren aurrean justizia aldarrikatzeko balio du, «gertatu zena justifikatuta zegoela» edo «halabeharrez gertatu zela» eta antzeko ideia faltsu eta kaltegarriak errefusatuz.
Memoriaz benetan oroitzea, justiziaren alde etengabe jardutea da orain eta etorkizunean. Aurkakoa gorrotoa da, mendekurako lehen pausoa.
2) Iragan mingarri baten memoriaz ari gara. Armen zauriek luzaro irauten dute. Are eta gehiago, memoriak aipatzen duen iragan hori bidegabekeriaz eragindako sufrimenduarena bada. Minaren eragile guztiek ez dute ardura bera. Mina ere ezin daiteke selektiboa izan, eta ezin da inor baztertu. Horregatik, sufrimenduaren erabilera politikoa eta partidista arbuiatu beharrekoa da.
Era berean, badago ahaztu nahiaren joera, gure etorkizunaren eraikuntzan hutsetik abiatu nahi dutenen postura, ezer gertatu ez balitz bezala. Nahita ahaztea babesteko isiltasun kalkulatua, alegia.
Ahaztea da injustiziaren lagunik onena; izan ere, ahazten dena ez da sozialki existitzen.
Ezin dugu ahazten irakatsi, onartu nahi ez dena gogoratzeak sortzen duen sufrimendua ekiditeko. Nahita ereahaztu ezin daitezkeen gertaerak daude.
Ez da zuzena Gerra Zibilean hildakoen memoria edo beste zenbait gertaera mingarri oroitzea ETAk eragindako ekintzek sortutako biktimen mina ahaztu, babestu, konparatu edo justifikatzeko. Urte beltz luzeak izan dira erailketak egin direnak, bonba-autoak eta mehatxuak ugariak izan direnak, gizarte zati bat beldurtu dutenak. Urte luzeak torturatzea gaitzetsi ez dena.
Ahaztea, mehatxua da beti. Hala ere, onargarria izan daiteke memoria iraunkorra gainditzea, nolabaiteko ahaztea lortzea, berriro ere bizitza demokratikoari ekiteko, baina amnistia amnesiarekin eta barkamena ahaztearekin nahasi gabe.
3) Baina ospakizun obsesiboa ere arriskutsua da. Gehiegi aipatutako memoria ere, manipulazioarekin identifikatzen da askotan. Aldebateko memoria goraipatzearenaurrean erne ibiltzea beharrezkoa da. Iragana inoiz ezabatuko ez dugun arren, ezin gara haren esklabo bihurtu. Injustiziaren biktimekin inoiz ez da justizia nahikoa egingo, baina biktima izateak ez dio inori egoera pribilegiaturik sortu behar, ezta gainontzeko herritarrak betiko zordun bihurtu behar ere.
Gaindiezina den oroitzapena bizi izan eta modu eraikitzailean publikoki adierazteko gai izan direnen adibidea azpimarratu nahi dugu.
4) Bizi dugun egoera politiko berri honek propaganda politikoa baino zerbait gehiago izan nahi badu, ekintza zehatz eta ebaluagarrien bidez ikusi behar dugu. Egia historikoak eskatzen dizkigunak dira ondorengoak:
—Indarkeriaren kulturaren hondarrak gainditzeko borondatea adieraziko duten keinuak biztanlerian.
—Baketzearen alde egingo duen memoriarekin bateraezinak diren adierazpen anbiguoak gainditzea.
—Desberdinen arteko topaguneak ugaltzea,jokabide bateratuen konpromisoetara iristeko.
—Omenaldi, Oroitzapen ekitaldi eta beste zenbait ekintza arreta bereziz zaindu, biktimei zor zaien justizia ahaztu gabe, baina konparaketak eta gertaeren trukaketak ekidinez.
—Memoria historikotik abiatua, beharrezkoa da giro sozial lasaia sortzea, euskal gatazka deiturikoaren planteamendu zuzena eta irtenbidea, egian, askatasunean eta solidaritatean oinarrituta aurkitzeko.
—Garrantzitsua deritzogu espetxe politika zuzena eta humanizatzailea babestea, oraindik ere aplikatzen diren salbuespenezko zenbait lege gaindituz.
—Azkenik, hainbeste desiratzen dugun gizarte berri horren eraikuntza elkartuta egin dezakegunaren asmoa suspertu eta indartu behar dugu. Esperientzia honen balioa izugarria da.
Horregatik joan zen ekainaren 28an britainiar Parlamentuan McGuinnessek esandakoarekin bat egiten dugu: «Damutzen naiz, gatazka garaian alferrik galdu zen bizitza bakoitzagatik damutzen gara… Familia guztiek jakin dezatela beren mina ez dugula ahaztu, guk ere konpartitu dugula. Horrela bada, geure iragana onartu behar dugu, Irlandan benetako baketzea eta berradiskidetzea lortzeko».
Memoria zuzena eta egiazkoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu