Eredu sozial eta ekonomiko hau aldatu nahi dugun mugimendu sindikal eta gainontzeko gizarte mugimenduarentzat, ikasturte hasiera oso zaila izaten ari da. PSOEren gobernua eta PP «azpikeriaz eta gauez» aritu dira, eskutik, euren interes komunen alde. Eta gu ez gara gai izan, oraindik, behar den erantzuna emateko.
Abuztuan, gure defentsak baxu zeudelarik, bi eraso larri ezarri dizkigute: Konstituzioaren erreforma eta lan erreforma berria. Krisiaren hasieratik inposaturiko neurrien segida dira. Defizit publikoa eta zorren kitapenari eman diete lehentasuna; eztiki makurtu dira EBZ, NMF eta finantza instituzioen eskaerekiko, hala nola Alemania eta Frantziako gobernuekiko; baina euren hiritarrei zanpatzen.
Konstituzioaren erreforma enpresa eta lan kontratazioan ezarri dituzten aldaketak Espainiako erresumako botere politiko sumisoek eginiko opariak dira, merkatuak baretzeko.
Alferrikakoa. Munduan agintzen dutenek neurri hauek urritzat hartu dituzte. Neurriak, 2009tik jasaten ari garenak bezalakoak, ez dute krisiaren egoera eraldatzeko balio izan (izan ere, krisia biziago da), baina gutxi dutenen arazoak areagotzen dituzte: 4,1 milioi langabe (180.000 Euskal Herrian), lan prekarietate biziago bat, zerbitzu publikoak narriagotzen(laguntza soziala, sanitatea, heziketa...), lan eskubideak atzerakada bizian...
Konstituzioaren erreformak muga murriztaile handiak ezartzen dizkio administrazio publikoen zorpetze-eskuduntzari; administrazio zentralari, autonomikoei eta udalei hain zuzen. Neurri hau, ziur aski, oso kaltegarria izango da Ongizate Estatua deiturikoa sostengatzen dituzten eskubide sozialentzat: indarrean den logikari jarraituz, honen kosteak murriztuko baitira. Adibide gisa, AHTaren aurrekontuak gorantz egiten duen bitartean, nabariak dira hezkuntzan eta osasunean egiten ari diren murrizketak.
Gabezia demokratiko handiko erreforma izan da. PSOE eta PPk bakarrik egin dute, biztanleriari eztabaida ukatu eta erreferendumaren bidez erabakitzeko duen eskuduntza lapurtu egin zaiolarik. Orain arte, Euskal Herria edo Kataluniako herrien eskaerekiko eraldagaitza zen Konstituzio sakrosantua, ez ordea «kanpoko» gobernuen exijentziekiko. Harrotasun hispaniar gaixoa!
Bestaldetik, abuztuaren 16ko 10/2011 Errege Lege Dekretua, 2010eko lan erreformaren porrot garbiaren adierazle da: langabeziak eta behin-behinekotasunak etengabe egin dute gora; mugarik gabeko kontratu berri merkeek ez dute hobetu, ezta handitu gazteen kontratazioa ere.
Neurri positibo bakarra dauka, hileroko 400 euroko sariarekikoa hain zuzen. Gainontzekoa negatiboa da: kontratazioa gehiago prekarizatzen da, behin-behineko kontratuen kateatzearen aurkako babesa kendu baita, prestakuntza kontratuetan muga-adina igo da, FOGASAren diru publiko gehiago erabiliko da kaleratze objektiboetan.
Ez da bermerik enplegua sortzeko; aitzitik, eskulana merkeago izango da. Enplegu baldintzak narriatuko duenez, balantza kapitalaren alde gehiago desorekatuko da.
Egungo lan merkatuan prekarizatuta dagoen gaztediak jasango du berriro erreforma. Gobernariek etorkizun iluna eskaintzen diote, lan prekarietatea eta etxebizitza bat izateko ezintasuna baino ez, euren bizi proiektuak zapuztuz.
Beste modu batekinpentsatu eta jardun
Egoera larri honen aurrean, «kaleratze merkeago batek ondasuna eta lanpostuak ekarriko ditu» (CEOE), «hobe da enplegu prekario bat langabe bat baino» (Estatu espainiarren Gobernua) edo «elkarrizketa da soluziobidea» (CCOO eta UGT), eta antzeko ideiekin jarraitzea onartezina da. Eta irtenbidea ez da hazkunde ekonomikoaren eskutik emango; Europar Batasunak geldotze ekonomikoa aurreikusten du; NMFak, egoera «gris eta asaldatua».
ESK-k uste du kontrako ildotik jo behar dela: ondasuna eta lanak banatuz, gizarte igualitario eta justua eraiki, gizarte ez materialista eta solidarioagoa (baita ere planetako Hegoko herriekiko). Oraingoz, gehiago duenak gehiago ordain dezala (zerga-erreforma ezinbestekoa da) eta sektore kaltetuenei arreta hobeagoa eman behar zaie. Honek guztiak ez du zerikusirik lan eskubideak galtze edo enplegua gehiago prekarizatzearekin. Honez gain, gizartearenganako iruzurrik handiena sektore aberatsenen eskutik dator eta ez etorkin, langabe eta abarren eskutik.
Begi bistan dago ezin dela ildo honetan urratsik egin, ezta aipaturiko erasoak bertan behera bota, ez bada mobilizazio sozial handi bat ematen. Estatu esparruan, sindikalismoaren alderdirik borrokalariena eta orain arte lozorroan ziren beste sektore sozial batzuk mobilizazioak prestatzen ari dira.
Euskal Herrian, ukaezina da sindikalismo kontsekuentearen ahalmen mobilizatzailea, mobilizazioaren bideari ekiten dionean, krisiaren hasieratik frogatu duen bezala greba orokor, manifestaldi eta abarrekin. Baina egindakoa ez da nahikoa izan.
Borrokari berrekin behar diogu, era jarraituan eta tinkotasunaz, erasoa ez baitugu geldiarazi; eta badirudi berau areagotuko dela (ikusi, bestela, Eusko Jaurlaritzaren neurri mugatzaile berriak eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari erasoa, edo Nafarroako Gobernuaren heziketaren aurkako erasoa). Mobilizazioa da dugun bitarteko bakarra neurri hauek bertan behera botatzeko; denboran emango den mobilizazioa eta gizarte ereduaren eraldaketaren alde dauden gizartearen sektoreak batuko dituena.
Ezarritako neurriengatik edo Nafarroan eta EHAEn aurrekontuen eztabaida eta onarpenarengatik, dena eman behar dugula pentsatzen hasi beharko gara. Mugimendu sindikal borrokalaria, gizarte mugimendua eta hiritarrak, mobiliza gaitezen!
Mobiliza gaitezen!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu