Oroimen historiko egiati eta erabilgarriaren alde

Patxi Meabe Pako Etxebeste Arturo Garcia Ramon Balenziaga
2012ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Oroimen historikoak berebiziko gaurkotasuna hartu du. Interes bereziko hiru gairi estu-estu loturik baitago: baketzeari, biktimen trataerari eta ETAren indarkeriari. Ikuspegi hirukoitz horretatik zenbait ikasgai atera daitezke. Kontua ez da gure artean gertatu denaren historia egitea, beste gabe. Historia horren ezagutzak, eguneraturik, jada egiten ari garen etorkizuna eraikitzeko balio digu. Horregatik, oroimen historikoa berreskuratzea ez zaigu neutrala. Etorkizuna eraikitzeko borondatea darama berarekin, bizi izan dugun iraganari buruz gaur ezagutu eta balioetsitako egiatik abiatuta. Horregatik, noizbait izan zen —eta oraindik den— egia horretan kokatu nahi gaituelako, kontu eta arreta handiz hurbildu behar dugu egia horretara. Egitate eta gatazka mingarrien esperientzia jaso beharko du, baina gatazka horiek gaur oraindik gure gatazkak dira. Oroimen horren formulazioa, hortaz, ez da neutrala izango, eta gure artean bizi-bizirik dauden hainbat interesen zerbitzuan erabilia izateko arriskua ere izango du.

Hori horrela izanik, beharrezkoa da, borondate partekatu batetik, oroimen historiko hain desiratu eta premiazko horrek nolakoa izan behar lukeen gogoeta egitea. Oroimen horrek, hainbat ekarpen pluralen emaitza izanik ere, egia komun bat eskaini behar luke, gure herriarentzat etorkizun baketsua nahi dugun guztiok partekatzeko modukoa.

Horretarako, guztiok parteka dezakegun oroimen historiko hori berreskuratu eta biziberritzearen premia aldarrikatzearekin batera, aldez aurreko beste auzi batzuk argitu behar ditugu:

a) Oroimenaren xedeaz

Oroimen historikoa mota guztietako oroimen plural askoren emaitza da: horietako bakoitza, helburu eta interes partikularren zerbitzuan egoteaz gainera, aurrez bizi izandako —eta oraindik gainditu gabeko— gatazka esperientzietara loturik dago. Helburu partikular horren zilegitasuna ez dago zalantzan jartzerik, bizi izandakoa giza eskubideen errespetuarekin bat eginda baitago. Errealitate horren aurrean, gatazka baieztatzetik edota berori gainditzeko borondatetik bilatu behar da berreskuratu beharreko oroimena, hau da, gatazka horri buruzko planteamendu kontrajarrietara irekirik. Oroimen partikularrek lagungarri behar dute izan gizartean beste modu batera bizitzeko: adiskideturik eta elkartasun handiagoz.

b) Oroimenaren edukiaz

Oroimena berreskuratzeak bilatzen duen xedearen gorabeherek edukien gaia plazaratzera eraman gaituzte. Egitate historikoek zuzeneko zerikusia dute gertatu zireneko inguruabarrekin. Errealitatea ikuspegi eta inguruabar desberdinetatik aztertu behar da. Eta horrek garrantzi berezia hartzen du historiaren azterketari hizpide diren egitateen balorazio etikoa gehitzen baldin bazaio. Are gehiago oroimen hori eraiki nahi den etorkizunaren perspektiban kokatzen bada. Badakigu gertakariak aztertzean erabiltzen diren ikuspegien alderdikeriatik deformazioa eratortzen dela askotan. Oroimenaren planteamendu zintzoa egin nahi bada, beraz, ezinbestekoa izango da egitateak jazo zireneko inguruabar eta perspektiba pluraltasun guztia erabiltzea orduko egia aztertzerakoan.

c) Parte hartu behar duten subjektuei buruz

Zeinahi pertsonak edo taldek du eskubidea, publikoa edo pribatua izan, oroimen historikoaren elaborazioan parte hartzeko. Baina, bilatzen den xedearen konplexutasuna kontuan hartuta —perspektiba asko baitaude oroimen horren azterketara eta ondoriozta daitezkeen balorazioetara hurbiltzeko—, argi dago beharrezkoa dela oroimen historikoaren berreskuratze hori gizarte pluraltasunaren ahalegin partekatuaren emaitza gisa etortzea. Ezinbesteko pluraltasuna, bestalde, erakunde publikoetan parte hartzeari dagokionez. Erakunde publikoen interesak ere jokoan sartzen baitira guztion ahalegin horretan. Ez dago, beraz, baztertzerik oroimenaren interpretazio ofiziala —politikoki interesatua— egiteko arriskua, zeinaren ondorioak egia aitortzearen eta askatasun demokratikoen aurkakoak izan baitaitezke.

d) Oroimenaren erabileraz

Aurrez aipatu dugun bezala, oroimen historikoa ez da politikoki neutroa. Berorren elaborazioak xede jakin bat du. Baliagarri izan behar zaigu guztion ona gauzatzera bideratutako politika egiteko. Askatasunean eta egian oinarritutako justizia gauzatzeko. Ondasun orokor horrek bizikidetzako sektore partikularren politika desberdinen emaitza izan beharko du. Herri baten oroimen kolektiboak guztion ona eraikitzeko balio behar du; gizarte zuzena eta adiskidetua lortzeko, gaur eta hemen, iraganeko ikasgaietatik abiatuta, gure herrian, bereziki iragan mingarria bizi izan baitugu, eta oraindik oso presente dago. Oroimen horrek lagundu behar digu askatasun demokratikoei zor zaien errespetua eta askatasun horien gauzatzea posible egingo duten bermeen zaintza bateragarri egingo dituen politika nola praktikan jarri aurkitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.