Espainiako Gobernuak euskal preso politikoei zuzenduriko «banakako birgizarteratze plana» aurkeztu zuen orain gutxi. Posizioak ezartzen dituzten lehen erreakzio sortaz harago, plan honen inguruko balorazioa osotasunean eskaini nahi du Herrira-k.
Euskal preso politikoen eskubideen aldeko inplikazio zabalak eta mobilizazio jendetsuek gobernuaren jarrera geldia sostengaezina egin eta mugitzeko premia sortu diote.
Alabaina, gobernuak ez dio egoerak eskatzen duen seriotasun eta ardurarekin heldu preso politikoen aferari. Ez baitie herri gehiengoaren eskariei eta bake prozesuaren premiei behar adinako erantzunik eman. Hortaz, gobernua mugitu egin da, baina, zinez, pauso sendorik ez du eman.
Gertakizun inportantek egoera berri bat osatu dute. Denek onartu dute hori, modu batera edo bestera. Aieteko bake konferentziak eta ETAk bere jarduera betiko utzi izanak inoiz ezagutu gabeko aukera ireki dute.
Egoera berriak begi asko Espainiar gobernuarengan jarri ditu, bake prozesuan inplikatu eta bere esku diren pausoak eman ditzan. Hau da, oraindik mantentzen dituen politika urratzaile eta zaharkituak bukatzeko, nagusiki euskal preso politikoen aurkako muturreko neurriak: sakabanaketa, bizi osorako zigorra, gaixo direnak askatzea...
Hala ere, hilabeteotan gobernuak kartzela politika berdin mantendu du. Atzera urratsak ere izan dira. Horietan gogorrena, Auzitegi Konstituzionalak 197/2006 bizi osorako doktrina berrestea izan da.
Kartzela politika justifikatzeko erabili izan diren aldagaiak desagertuz joan dira, eta egun ez du sostengurik, baina areago, berau ez aldatzeko aitzakia edo justifikaziorik ere ez du. Hala ere, gobernuak plan honetan betiko aitzakiak erabiltzen ditu, ETAk bere jarduera behin betiko utzi izan ez balu bezala, Euskal Presoen Kolektiboa bide soilik politiko eta demokratikoekin konprometitu izan ez balitz bezala (Gernikako Akordioa sinatuz harturiko konpromisoa) eta Aieteko Konferentzia izan ez balitz bezala.
Horrez gain, ez du giza eskubideen printzipioa jasotzen. Oinarrizko giza eskubideei ezin zaizkie baldintzak jarri, pertsona orok inolako bereizkeriarik gabe izan behar baititu oinarrizko giza eskubideak errespetaturik.
Bake prozesuaren arrakastarako beharrezkoa da oinarrizko eskubideak ez nahastea bestelako eztabaidekin. Pertsonen biziak eta haien eskubideak ezin dira erabiliak izan asmo politikoekin.
Euskal preso politikoentzat espresuki eraikitako lege eta neurriek osatu dute egungo kartzela politika. Gainerako presoei ez bezala, neurri bereziak ezarri zaizkie. Horregatik da kartzela politika hau salbuespenekoa, mendekuan eta errepresalian oinarritzen diren neurri eta lege bereziek osatzen dutelako. Planak ez du salbuespeneko irizpidea albora uzten, gainerako presoei ez bezalako baldintzak ezartzen baitzaizkie euskal presoei.
Plana kolektibo bati zuzendurikoa da, nahiz eta «birgizarteratze indibiduala» azpimarratzen duen. Kontraesan horrek nabarmentzen du konponbidean beharrezkoa dela preso politikoen kolektiboa aintzat hartzea. Modu sinplean esanda, gatazkaren parte eta ondorio dena soluzioaren parte eta ondorio delako. Errealitate hori modu eraikitzailean kudeatzea litzateke konponbiderako ildorik eraginkorrena. Hau da, kolektibo hau bake prozesuan inplikatzeko beharrezko egoerak sortzea, parte hartze eta elkarrizketarako aukerak irekiz, batetik, eta eskubide urratzeak amaituz, bestetik. Planak, ordea, ez du aktibo hori modu eraikitzailean kudeatzeko biderik eskaintzen.
Ez du, halaber, egoera larrientzat irtenbiderik ematen. Esate baterako, Txus Martinek eskizofrenia du, bi aldiz bere buruaz beste egiten saiatu da eta kartzelan mantentzeak bere bizia arriskuan jartzen du. Beste 13 preso gaixotasun larriekin kartzelan daude, eta batzuei kondena luzatu zaie.
Sakabanaketa, plan hori bezala, presoei zuzenduriko neurria da. Baina sakabanaketa gehien sufritzen dutenak senideak dira. Ehunka senidek milaka kilometro egin behar dituzte astebururo. Horrek istripu asko dakartza, senideen biziak arriskuan jarriz. Adibidez,Espainiar gobernuak plan hori aurkeztu zuen asteburu berean lau istripu izan ziren.
Plan horrek ez dakar gobernua bake prozeusan inplikatzea, giza eskubideei baldintzak jartzea baina, horiekin irmoki konprometitzea legokioke -eta, bakea eta normalizazioaren bermatzaile nagusi batira giza eskubideak.
Edukiez harago, bake prozesu batek eskatzen duen bidea da plan horrek alboratzen duena. Hau da, eskubideekiko konpromisoa hartzea aldeek, eta gatazkaren ondorioei irtenbidea emateko elkarrizketak hastea. Gobernuak, aldiz, ez du bere eskuetan diren eskubide urraketak amaitzeko pauso propiorik ematen. Ez du, halaber, elkarrizketaren bidea hautatzen, berak ezartzen baititu eskubide urraketak eta horiek bukatzeko baldintzak.
Bake eta konponbide osoa, justua eta iraunkorra ekarriko duen prozesua behar dugu, galtzailerik eta irabazlerik gabekoa. Gobernua galtzaileak bilatzen ari da, presoen eta beraien senideen eskubideak erabiliz horretarako. Gure ustez, gobernuak eskema hori alboratzea oso garrantzitsua da bake prozesuaren arrakastarako.
Bakea eraikitzeak gatazkaren arrazoiei eta ondorioei irtenbidea ematea eskatzen du. Gatazka egoerak betiko atzean utzi, eta eragindako ondorio guztiei konponbidea eman behar zaie, bidean galtzailerik sortu gabe, eta ondo itxi gabeko zauririk utzi gabe. Horrek, besteak beste, preso eta iheslarien egoera konponbidean jartzea eskatzen du.
Eskubideen errespetua funtsezko pausoa da. Gatazka klabeetan eraikitako kartzela politika konponbide irizpideetara mugituz, konponbidea elikatzeko esparru gisa, ez traba gisa.
Horrek, alde guztiak engaiatzea eskatzen du, elkarrizketaren bidez, inplikaturiko guztiek beharrezkoak diren pausoak eman ditzaten.
Bide horretan sakontzeak ekarriko du, konponbidean aurrera egin ahala, preso eta iheslariak etxera itzultzea.
Hartara, egiten ari garen bidean ikuspegi zabalez eta pazientzia handiz aurrera jarraitzea da, Herrira-ren ustez, bakearen eta askatasunaren alde egin dezakegun inbertsiorik onena.
Osagai zaharrak dituen plan berria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu