Pertsonen eskubide eta askatasunen aldeko abstentzioa

2012ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Berriro ere hauteskundeak ditugu, eta alderdi politiko desberdinak etengabe etortzen zaizkigu beren mezu aspergarriekin. Gure bizitza zoriontsuago izango dela behin eta berriz errepikatuz, haiei botoa emateko eskatzen digute. Askori, ordea, gero eta zailago egiten zaigu erabaki bat hartzea, aspaldi galdu baikenuen fedea politikari horiek eskaintzen diguten mundu liluragarri horretan. Horregatik, eta batzuei urriaren 21ean erabakia hartzeko orduan lagungarri izango zaielakoan, hausnarketa hauek plazaratu nahi ditut, neuk ere irtenbiderik eskaintzen ez dudala ondo dakidan arren.

Lehenik eta behin, euskalduna sentitzen naizela eta Euskal Herriaren askatasunean sinesten dudala argi esan nahi dut eta, horregatik, nire azterketatik at utziko ditut alderdi konstituzionalistak. Tamalez sentitu eta gaitzesten dut pentsatzen dutena pentsatzeagatik hainbat eta hainbat urtetan pairatu duten ETAren jazarpena, baina bi alderdi horiek, PSOEk eta PPk, Euskal Herriko bakeari ez diotela ekarpenik egiten uste dut, lehenaldian bezala jarraitzen dutelako eta herri honi ez diote bakerik eskaintzen. Dena den, ez dira alderdi horiek, funtsean, nire azterketaren helburua eta, horregatik, bi alderdi abertzaleen, EAJren eta EH Bilduren, jokabidea aztertzera pasako naiz.

Has nadin, EAJtik. Borondate ona ezin zaio ukatu, bakea eta pertsona guztien giza eskubideak defenditzen dituela iruditzen zait, baina, egia esan, gaur egun, nire iritziz, haren mezuak ez du euskal jendea gehiegi ilusionatzen. Haren hizkera, azken finean, alderdi politiko klasiko batena da eta, lehen esan dudanez, teorian bakea eta guztien giza eskubideak defenditzen dituen arren, praktikan ez ditu gai horiek behar adina azpimarratzen. Gai askotaz hitz egiten du, baina giza sufrimenduaren gaia: presoak, biktimak, mehatxatuak, torturatuak, sufritzen duten guztiak…ez duela horrenbeste nabarmentzen iruditzen zait. EAJk haien egoera konpondu edo, gutxienez, arinduko al die presoei, biktimei, erbesteratuei, mehatxatuei eta gure herrian pairatutako indarkeria izugarriak kolpatu dituen pertsona guztiei? Borondate ona izango du, baina ez dut batere garbi ikusten.

Ezker abertzalea, EH Bildu, aztertuko dut orain. Ezin uka bilakaera ona izan duela, urrats inportante batzuk eman dituela, eta horren adibide batzuk aipa ditzaket: borroka armatuari ezetz esatea, biktima guztiak, teorian behintzat, aitortzeko borondatea erakustea, lehenaldian izandako jarrerek biktimei eragin dieten oinazearengatik barkamena eskatzea. Puntu honetan Arnaldo Otegik bere liburuan esandakoa azpimarratu beharko nuke, egiatan eta bihotz-bihotzez hitz egiten duela argi eta garbi baitago eta, puntu honekin jarraituz, bakerako bidean ezker abertzaleko bi pertsonak egin duten lan erraldoia goraipatu behar dut derrigorrean: Arnaldo Otegi eta Rufi Etxeberria, haiei esker hartu baitu, nire ustez, ezker abertzaleak bakearen eta giza eskubideen aldeko bidea. Bai, hau guztia egia da eta horrela ikusten dut, baina, hala eta guztiz ere, ezker abertzalea al da gaur egun euskal gizartea benetan ilusionatzen duen alderdia? Sentitzen dut, baina nik ez dut horrela ikusten. Ni neu ezker abertzaleko militantea izan nintzen zenbait urtetan eta horrexegatik, hain zuzen ere, zalantza handiak ditut: esan al daiteke ezker abertzaleko militante eta kide guztiek benetan sentitzen dutela biktima guztien sufrimendua? Benetan ezetz esaten al diote borroka armatuari? Lehenaldiari buruzko irakurketa kritikoa egin al dute? Inolako indarkeriarik izango ez den mundu batean sinesten al dute? Ezin diet nik galdera hauei guztiei erantzunik eman, baina nahiko ezkorra naiz eta, horregatik, ezin dut haiengan ere gehiegi sinistu.

Lehen aipatu ez dudan arren, Aintzane Ezenarro datorkit gogora. Nire ustez, pertsona honek euskal gizartean gaur egun bakea eta guztien giza eskubideak defenditzen ditu eta lehenaldiari buruzko irakurketa kritikoa egin behar dela azpimarratzen du. Horregatik, gustura emango nioke botoa, baina, gure zoritxarrerako eta haren zorionerako, ez da hauteskunde hauetara aurkeztuko.

Ikusten denez, ez dut aurkezten diren alderdi politikoen artean itxaropenerako zirrikitu gehiegirik ikusten eta, horregatik, azken orduko zerbait gertatu ezean, ez dut bozkatuko, une honetan, besterik ezean, gure herriarentzat aukera onena dela iruditzen zaidalako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.