Euskal herritarrok ohituta gaude zentzugabeko makroprozesu politikoetara: 18/98, Egunkaria, Gazteak… Eta oraingo honetan amesgaiztoarekin jarraituz Bateragune ekimenaren bultzagileen aurkakoak datozkigu. Aurrekoetan bezalaxe honetan ere ezaugarri berdinak: jende multzo bat (oraingoan 8 lagun), epaile arrotz batzuk auzipetuak urrutian epaituko dituztenak; eskubide politiko eta zibilen alde, are gehiago honetan, bake eta normalizazioaren alde bide bat ireki nahian aritu direnak berriro ere Auzitegi Nazionalera bidean ditugu, dagozkien eskubide zibil eta politikoak erabat urratuta.
Gizarte batek konfiantza izan beharko luke bere epaileengan. Izan ere, eurek izan beharko lukete gatazken aurrean irtenbide duinak bilatu beharko lituzketenak. Auzitegi Nazionaleko epaileekin, berriz, ez da horrelakorik gertatzen, areago oraindik, guztiz kontrakoa gertatzen da. Gogoratu besterik ez dago, bai 18/98 auzian baita gazteenean ere —egunkariaren kasuan, gizartearen presioz, zorionez erabakiak ez ziren horren bortitzak izan—, epaileek zer paper jokatu zuten eta zein erabaki hartu zituzten.
Bateragune auzi honi begiratuz, oso modu didaktikoan ikus dezakegu Auzitegi Nazionalaren izaeraren bidegabekeria. Jakinekoa da Auzitegi Nazionala 1977an sortu zela, Frankismogaraiko TOP (Tribunal de Orden Público) delakoaren ordez, bere egiteko bakarra Estatu espainolaren batasuna defenditzea izanik eta «terrorismotzat» hartzen duelarik batasun hori zalantzan jartzen duen edozein egitasmo, horren aurka gogor eta etengabe eginez; beraz, epailea ez da neutrala, auzian parte interesatua baizik, etsaitzat hartzen baititu epaituak. Mundu zabalean ezagutzen den antzerako Auzitegi bakarra Guantanamokoa da, aski ezaguna gure artean, bertan egin diren lege-bortxaketa eta astakeriengatik. Bateragune auziak erakusten digu Auzitegi Nazionalak dauzkan interes politikodun aurreiritziek epaiketa inolako berme gabe uzten dutela, komenientzia politikoaren arabera epaia alde batera edo bestera eraman dezaketelarik.
Ostera ere etxetik kanpora, hainbat kilometro, hainbat joan-etorri; zertarako, epaileak aurreiritziaz baliatzen badira erabakia hartzeko? Noizko hartuko dituzte behingoz epaileak bake-bidean lagungarri izango diren urrats esanguratsuak? Ez al gintuzkete hobeto ordezkatuko hori horrela gertatuko balitz? Honen aurrean, Auzitegi Nazionaleko epaileak noren ordezkariak dira eta zer ordezkatzen dute? Espainiako demokraziaren gabeziak ez al dira oraindik ere ageriago gelditzen ari?
Bateragune auzian auzipeturikoen helburua izanik pertsona guztiek edozein ideia eta proiektu aurkeztu eta gauzatzeko eskubidea aldarrikatzea eta inongo indarkeriarik gabeko Euskal Herriaren alde egiteko konpromisoa azaldu ondoren, Auzitegi Nazionalak bere benetako izaera eta boterea erabiltzen badu, bake eta normalizazio politikoa nahi duen herri honi lepoan duen sokari bigarren buelta emango dio.
Jarri al da inor pentsatzen sekula epaitu beharko ez liratekeen pertsona hauek Euskal Herrian epaituko balira Madrilen izan beharrean zer gertatuko litzatekeen? Gizarteak epaitu baino gehiago zoriondu egingo lituzke, eta aitortu bake bidean egindako ahalegina. Inolaz ere ez lituzke zigortuko. Gizarte honek behingoz askatasuna behar du, ez du beste soka-bueltarik behar! Txartel gorria epaileari!
Txartel gorria epaileari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu