Hiria ikaraz sutan dago, goizetik arrats eta alderantziz. Amy Winehouse joan da Jimmy Hendrix txerokiar mestizoaren eta Janis Joplinen infernuaren alegeratzera. Ez dugu heriotzaz hausnartzeko astirik, gusturik, gogorik egun hauetan. Begiak eta belarriak irensten dizkigute inguruko mugimenduek eta bat-batean «kapitalismotik atera» pegata dakusagu Pannecau zubian itsasia. Lekutan gaude alabaina, arrail falanga dugula eta politikariek Grezia salbatu dutela espantuka diotenean. Serge Latouchek ederki lerrake ils ont changé le pansement plutôt que de penser le changement. Oroitzekoa Baionako bestetan ibiltzean ere.
Euskalduna ostatuko mahaiaren kantoian gaude mozkor galderak egiten: ipar amerika ordain ezintasunaren lezera eroriko al da astelehenetik aitzina? Zergatik ez da Ahurtin Roland Barthes izeneko erakustetxea eraikitzen? Johane Barkosen kantak aurkituko ote ditugu ibaimusic.com gunean? DSK hobengabe jalgiko dea auzitegitik? Nor da zinez Nafissatou Diallo? Nola deituko dute sortuko den Sarkozyren semea? Maite nauzu ez bazaitut maite? Txarranga zaratatsua iragaiten zaigu ondotik eta altxatzen gara, banpez, azkena txütik hartzeko Kalostrapen.
Me and Bobby Mcgee...
Bira
Banpez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu