Apurrak ordainduak dira lan alorreko eskubide arruntenak hemendik hogei urtera ehortziak diratekeela errepikatzeko. Ikerketa Estrategikoen Zentroak merkatu magikoaren eskaera-eskaintza bikoteari milimetroan egokitua dateen langilea aurrikusten du, sozial arau minimoekin, malgua eta prekarioa. Hiztegia erabat aldatuko zaio behemailako hiritarrari, atzerakoitzat hartu ez dezaten nahi baldin badu behintzat. Semantika errausten dabiltza jada goizetan irratietako mintzalari ausartak, notazio agentzien eta NDF-eko buruzagien zorraren egia azaleratzeko kuraia mailuka azpimarratzen dutelarik.
XIX. mendean, Germinal elaberrian ageri da, langile bakoitzak bere behargin karneta zeukan, dretxo, baliabide, fabriken zerrenda eta nagusien oharrekin. Karnetaren desagertzea sindikatuen garraipenetarik bat izan zen. Badirudi, gorago aipatu iragarlek USB giltzetan kokatuko litekeen «norbere sozial kontu» baten ideia hobesten dutela gerorako, Etienne Lantieren karnetaren funts berdinarekin. Perpaus zoragarriez jendeen oinarrizko duintasuna ilainduko duen gako-berria aitzinamendu gisa aurkezten dute ekonomia neoliberal salbaiena jainko daukaten aldizkariek.
Sorgortzen eta sorgintzen gaituzte.
Bira
Ehortz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu