Uztailan itseska dabiltza jendeak, matalazaren azpiko sosak kontatzen, San Ferminetara joateko demagun: prest dira, lurrean zutunik gertu, wir sind bereit diote alemandarrek, mugen gaineko ahotsak bilduz. Besten sasoiak ondorio ikusgarriak ditu Pelletierko sumalduen kanpamenduarentzat, Baionakoak abiatuko direnean bereziki. Azkorrian, jeikitzean, hilabete hauetan, leihotik behako baten luzatzera ohitu gara, yourta zurbilaren presentziaren normaltasuna haztatzeko.
Eztabaidari hauteman ditugu gauez, noiz behinka haserre, batzutan isil-isilik, irri algara zozoek iluna urratzen zutela, zakur zaunka zintzurroietaz gain. Uste dut gai guztiak jorratu dituztela: pobrezia, ekologia, energia berritzaileak, elbarrituen arazoak, nuklearra, mundu mailako bankuaren ezpata, etxe eta paper gabeak, musikaren egunean Troba Kung Fu taldearekin reveillez vous kanta eskaini zuten merkatu plazan, Aurore Martinen atxilotzea trabatu eta EHZ festibalean parte hartu bitartean.
Goizon yourta desmontatua da, soro idorrean marra borobil berdea geratzen da, Pelletier desertu dago: lekua hustu dute sumalduek. Kikizaiak, oldar herabeak, haserrea berazten diguten ametsetakoelekokotsak falta zaizkigu jada.
Bira
Elekokots
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu