Hedoiak lehertzear daudenean A2 lineako chronoplus autobusez jaisten naiz Santa Gurutzetik Baiona Txikira. Ez dut zipatzeko gogorik. Txartela baliostatu bezain laster ttottogian jartzen naiz, inguruei beha, deus egin gabe, ohikoa ez dena neretzat. Jendeen solasek berehala itotzen naute.
Herenegun adibidez ZUPeko bi andere mardul ari ziren pataskan, goraki, zaharren makurrak herrokatzen, herriko etxearen zerga-politika salatzen eta lanen gatik lekuz aldatu zen Didier Deschamps bus-geltokia begiaz bilatzen. Debaldetan. Aitzinean bi nerabe zituzten elkarri musuka. Villa Chagrin gartzela gainezka zegoela zioen arrapaladan emazteetarik batek albinos antzeko ileekiko neskatxa bat hupatu zenean zuriz osoki beztitu bidaiariaren urratsetarik. Galtza zurbil uhargien azpian ez liteke sekula flash kolorezko liliz hornitu kulerorik eraman behar, kitxaren kitxa, bazauzu! Jean Jauresen igurikatzen naute orroatu zuen ahotsez indartsuena zen elekariak.
Isiltasun bitxiak gatibatu zuen autobusaren barnea. Santizpiritu zubia zeharkatzean jendearen entzulego premiaz hausnarrean nenbilan, ikusgarria eskaini nahi dute, entzunak izan behingoz,eta anitzetan aski da hori giroaren usteltzeko.
Bira
Goraki
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu