Bira

Haurrak lehian

Itxaro Borda
2011ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
UMPko deputatu multzo batek aurkeztuko du parlamentuan lege proposamen berria, eta horren arabera, Frantzian bikote heterosexualek baizik ez dukete haurrik adoptatzen ahalko. Alabaina familia iraunkorraren aldeko parioa egin nahi dute, adopzioaren baldintzak gogortuz eta ezkonduak ez diren bakartiei edo soilik paksatuei bidea erabat hertsiz. LGBT taldeak kexu gorrian dabiltza dagoeneko.

Diskriminazio jasan ezina leporatzen diete Mariani jaunaren inguruan bildu 54 kideei. Ideia atzerakoiak plazaratzen dituzte aldaketa sozietalak kontuan atxiki gabe. Gay eta lesbianek ez ezik, gainera, bakarrik bizi direnek ere ez lukete haurrak edukitzeko orain arte daukaten eskubiderik, non ez duten umearekiko odol harremanik, izeba edo osaba izanez. Menturaz etzi konstituzioan jarri araziko dute hizkuntzari buruzko bigarren artikuluaren ondotik «haurrarentzat sexu ezberdineko aita eta ama bana ukaitea funtsezko ontasuna da». Egia ditekeena bestalde, baina ez hain egia orokorra, populazioaren laurdena baino gehiago jada familia monogurasoz osatua den garaiotan.

Eskuineko deputatuen xedeak entzunez, André Gide zaharraren famille, je vous hais erranaren errepikatzeko gogoa jazartzen balitzaigu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.