Fikzio sozialaren aldeko apustua egingo du aurtengo denboraldian ETBk, Edu Barinaga telebistako zuzendariak gaur goizean azaldu duenez. Horren lekuko, urriaren 7an botatzen hasiko diren Alardea telesaila izan liteke. Hondarribiko eta Irungo (Gipuzkoa) alardeetan “libreki inspiratutako” istorio bat kontatuko da bertan: emakume talde batek fikziozko herri bateko desfile tradizionalean ateratzeko nahia azalduko du eta horrek herrian sortuko duen gatazka kontatuko da.
David Perez Sañudok zuzendu du lau ataleko telesaila, eta, esan duenez, “istorio feminista bat” denez, ardura handiz errodatu du. Telesailean, batetik, herri txikietan egiten den presio soziala aipatzen da, eta, bestetik, gizonek duten errekonozimendu eta ikusgarritasuna lortzeko emakumeek egiten duten borroka. “Txikitik kontatutako istorio bat da, baina unibertsala ere bada era berean”. Entretenimendutik asko duela azaldu du Perezek, baina “ikaskuntzatik ere asko dauka”.
Bidasoko bi herrietan erro sakonak dituen gatazka da alardearena, eta, telesaila bertan nola ikusiko den galdetzean, Barinagak horrela erantzun du: “Ikusminez ikusiko dela pentsatzen dut; gaiari buruz hitz egingo du, eta aurrera egiteko balio dezala espero dugu”. Urriaren 7an estreinatuko da telesaila ETB1en, baina lehen bi atalak aurrez ikusteko aukera izango da gaur iluntzean Donostiako Zinemaldian egingo den EITBren galan.
Beste bi telesail
Aurtengo denboraldian, ETB1en beste bi telesail ere botako dituzte: Hondar ahoa eta Altsasu. Lehenengoa herri txiki batean girotutako thriller bat da, eta bestea Altsasuko (Nafarroa) gazteekin gertatutakoan oinarritzen da. Ez Koska tabernan guardia zibilekin izandako liskarrean, baizik eta ondorengo epaiketen eraginez gazte taldean zer eragin izango duen kontatuko du telesailak.