TVEren denboraldiko fikziozko apustu garrantzitsuena iritsiko da astelehenean La1ra: 14 de abril. La República telesaila. Astelehenero emango dute, 22:15ean, iragarkirik gabe.
Fikziozko saio berria La señora-ren jarraipen gisa aurkeztu dute. Izan ere, pertsonaietako batzuk berberak dira. Kokapen geografikoa, berriz, Asturiastik Madrilera eraman dute. «Istorio erromantikoaren espirituari eutsi diogu, baina gertaera historikoek pisu handiagoa dute», azaldu du Diagonal TV ekoizpen etxeko ekoizle eragile Jaume Banacolochak.
1931. urteko apirilean hasten dira tramak. Eta denboraldiko 13. atala 1933ko neguan amaitzen da. «Telesaila gizatiarragoa da politikoa baino. Pertsonaien gizatasuna eta sentimenduak gailentzen dira», aurreratu du telesaileko zuzendari Jordi Fradesek.
Errepublikaren garaia erretratatu egin behar dela uste du Lola Molina TVEko Programazio eta Edukien zuzendariak. «Eta, horretarako, TVE da egokiena».
Aktore protagonistak Felix Gomez, Alejo Sauras, Mariona Ribas, Veronica Sanchez eta Lucia Jimenez dira. Alex Angulo bizkaitarrak ere parte hartzen du.
Telesailaren aurkezpenaren harira, Espainiako eskuineko komunikabide batzuek TVE kritikatu dute. La Razón egunkarian, PPko ordezkari baten eta bi soziologoren iritziak jaso dituzte. Amando de Miguel soziologoak «sektarismoa» egotzi die TVEko arduradunei. Memoria historikoaren modeloa «inposatu nahiaz» mintzatu dira egunkarian.
'14 de abril. La República' telesaila astelehenean hasiko da, La1 katean
Eskuineko hedabide batzuek TVE kritikatu dute, «memoria historikoa ustiatu» nahi duelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu