1813ko sutea gogoan

Frantsesek duela bi mende Arbizu erre zutenekoa gogoratzeko, antzerki bat prestatu dute larunbaterako. Berrehun lagunek baino gehiagok jokatuko dute lanean.

Igandean antzerkian parte hartuko duten danbor jotzaileak, Arbizuko kiroldegian proba saioak egiten. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Arbizu
2013ko ekainaren 18a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Gerra napoleonikoen barnean, 1813ko ekainaren 23an, frantses soldaduek su eman zioten Arbizuri (Nafarroa). Duela 200 urte herrian gertatu zena gogoratzeko, herri antzerkia prestatu du Arbizu 1813-2013 herri ekinbideak. Hori bakarrik ez: Xabier Reparaz historialariak gertaera historikoa azaltzeko egindako lana liburuxka batean bildu dute; Pello Reparaz Vendetta taldeko musikariak herri antzerkia girotzeko sortutako sinfoniarekin disko bat kaleratu dute; eta Castillo Suarezek idatzi eta Kristina Fernandezek ilustratutako ipuin bat ere plazaratu dute. Gertakari latz hori gogoratzeko herritarrek auzolanean prestatutako herri antzerkia heldu den larunbatean antzeztuko dute, 22:30ean.

Duela bi mende Arbizun gertatutakoa gogoratzeko herri ekinbidea joan den urritik dabil lanean. Historian atzera eginez herritarren artean zer gertatu zen ez zegoela «oso argi» dio Reparaz historialari arbizuarrak. Hark bildu eta gorpuztu du 1813ko gertakarien inguruko informazioa, eta arbizuarrentzat ulergarri eta eskuragarri utzi. «Udal agiritegian ikusiak nituen gertaerei buruzko zenbait agiri. Herriko apezak eliza agiritegia ikusteko aukera eman zidan, eta lagun batek pasa zizkidan Nafarroako Agiritegi Orokorreko dokumentu pare bat». Jasotako informazioarekin txosten bat prestatu, eta herrian hainbat hitzaldi eman ditu gertakari historikoa azaltzeko.

Auzolanaren emaitza

Herri ekinbidearen lana ez da izan historia biltzea bakarrik. Bigarren mendeurrena ospatzeko, egun osoko festa antolatu dute larunbaterako. Arbizu ekainaren 23 batean, San Joan bezperan, erre bazuten ere, egun bat lehenago gogoratuko dute gertatutakoa, larunbatarekin, herritik kanpo bizi diren arbizuarrek ere parte hartzeko. Gertatutakoa gogoratu eta herriak aurrera egiteko izan zuen adorea gogoratuko dute. «Asmoa ez da bataila, garaipen edo porrot bat antzeztea, ez eta gure arbasoen ekintza heroikorik ere», dio Katrin Ginea koordinatzaileak. Arbizun gerrak bere aurpegirik krudelena izan zuela gogoratu nahi dute. «Herritarren sufrimendua, beldurra, heriotza eta gosea ekarri zuen, baina bizirik irauteko gogoa ere ikus daiteke». Antzerkian herritarren parte hartzea ere bultzatu nahi izan dute, eta berrehun lagunek baino gehiagok parte hartuko dute hogei minutu inguru irauten duen lanean. «Antzezlanean ez ezik, deabruen maskarak egiten eta danborrak jotzen dituzten soldadu frantsesen jantziak josten ibili da jendea. Denon artean aritu gara, auzolanean».

1813ko ekainaren 23an frantsesek Gasteizko bataila galdurik, Frantziarantz ihesi zihoazela Arbizuko 45 etxeren kiskaltzean oinarriturik dago ikuskizuna. Herritarrek basora ihes egin zuten, zer zetorkien ikusirik. Ikuskizuna gertaerak azalduz mintzatzen den narratzailearen hitzekin hasten da. Ondoren, herritarren izua eta ihesa etorriko dira, soldaduak etortzen direlako. Gerrak dakartzan gauza txar guztiak ere azalduko dira deabruen eta danborreroen pertsonaiekin. Herrian erre ziren 45 etxeen arima ere gogoratuko da; 45 emakumek kandelak eramanen dituzte, eta ikuskizuna herritarren itzulerarekin bukatuko da. «Gauza guztien gainetik, herria berriz eraikitzeko kemena eta etorkizunari aurrez aurre begiratzeko gogoa islatu nahi izan dugu. Egoerara moldatzen jakin zuen herri baten istorioa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA