«1929an, Bizkaiko militante komunisten artean, emakume bakarra nintzen»

Espainiako komunismoaren historiak izan duen pertsona ospetsuena. Gallartan sortu eta hazia, Madrilera egin zuen Primo de Riveraren diktadura ostean. Espainiako Gerra Zibilaren garaian, berriz, hizlari kartsu bezain indartsu nabarmendu zen, faxismoaren aurkako erresistentziaren nazioarteko ikur bihurtu, eta Espainiako Alderdi Komunistaren Idazkari nagusi izateraino.

Pasionaria 1936an, Parisen. MEURISSE PRENTSA AGENTZIA.
Miel Anjel Elustondo
2023ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
bihotza kargaturik
begiak bustirik
eta zure alaba
[harri zuri finezko]
tonban ehortzirik

Gallarta, 1895. Burdin meatzeen artean jaio zinen…

Herri tristea zen orduko Gallarta, eta zikina. Ez zen parkerik ez jardinik, kaleak ziren estu eta meharrak... Domekako dantza zen han poz bakarra, plazan, musika-bandarekin. Herriko etxeak eta meategiak bata bestearen ondo-ondoan zeuden, meategi bertako burdinbideak baino ez zituen banatzen. Meategiak aire zabalean zeuden, eta guk haurrok bertatik bertora ikusten genituen gurasoak meako lanean, eta leherketak ziren orduetan etxera joan behar izaten genuen babestera, burdin zatiren batek joko gintuen beldurretan.

Zer giro zenuten etxean?

Gure aita, Antonio Ibarruri, karlista izan zen. Gerra amaitu, eta meatzetara jo zuen. Artillaria izana zen gerran, eta lehergaien ardura zuen meategian ere. Ez alferrik, Arturo artilleroa esaten zioten. Lan gaitza zen, delikatua, baina ondo pagatua. Hala ere, akordatzen naiz zahartu zenean errekan lan egiten ipini zutela, uretan sartuta oinutsik, galbahea hartu eta urak zekarren mea batzen. Gure aita euskalduna zen, euskaraz berba egiten zuen lagunekin etxera etortzen zirenean, jai handiren bat zenean-eta, baina nik ez nuen ikasi, gure ama kastillana hutsa izan zen-eta: Juliana Gomez. Ama zen kastillana, katolikoa, eta oso polita. Soriatik [Espainia] etorria zen, familiarekin, eta berak ere meategian lan egin zuen hamazazpi urte bete arte, gure aitarekin ezkondu zen arte.

Amak ere meatzari lan egin zuen?

Bai, bada! Meatzeko burdina otzaran hartu eta bagonetetara eroaten lan egin zuen. Ezkondu zen arte. Ezkondu, eta familia hazi behar izan zuen, familia handia, hamaika ume eduki zituzten-eta; hala ere, ez ziren denak bizi izan, zazpi baino ez. Ume zaborreria hura arrastoan sartuta eduki nahi, eta eskuarina genuen ama. Ni setosoa nintzen, eta amak hebain-hebain egiten ninduen. Leitzea gustatzen zitzaidan, baina neba-arrebek ez ninduten bakean uzten: «Sartu da gure mojatxoa bere gelan», egiten zidaten burla, eta nik ez nuen su gehiagorik behar borrokan hasteko, ez nion-eta inori barkatzen. Halakoxe haurtzaro tristea izan zen gurea, pozik ez.

Dena beharrean?

Ezta hori ere. Ez ginen txarto bizi, etxetxoa geneukan, behi batzuk, ortua, hiru soldata… Ez zen meatzarien etxeko miseria gorri hura. Ondo jaten genuen, ondo janzten gintuzten —meatzarien seme-alaben posturan, baina nahiko txukun eta garbi—, eta ez nuke esango dena beharrean bizi ginenik. Nik gurasoen etxean ez nuen miseriarik ezagutu, neurean bai!

Zeurean?

Geurean! Hara!, nik maistra izan nahi nuen, baina gurasoen buruan ez zegoen halakorik. Haiek nik ere meatzeetan lan egitea baino ez zeukaten gogoan, etxera dirua eroatea. Baina ez nuen osasunik, eta bateko eskolan nota onak ateratzen nituela, eta besteko osasun maxkalekoa nintzela, ohi zena baino gehiago estudiatu ahal izan nuen. Urte bi gehiago, ez zuk pentsatu unibertsitateraino heldu nintzenik, baina, hala ere, hamabost urte arte estudiatzea gauza handia zen orduan! Gogoan daukat gure maistra lehen hezkuntzan, Antonia Izar de la Fuente; hainbat maite izan nuen. Gero, zahartuta, lanetik erretiroa hartuta, Gernikako bonbardaketan hil zuten! Gure eskola ederra zen, leiho handiak zeuzkan, eta historia sakratuko nahi beste lamina, koloretan. Meatze-herriak aberatsak ziren, eta urtero doan ematen zizkiguten eskolako liburuak, etxera eroateko ere!, eta irakurtzeko liburuak, ostera, eskolan izaten ziren, armairuetan.

Maistra izan nahi izan zenuela ari zinen...

Bai, baina gurasoek ezetz. Ezjakinak izatea zer den! «Eta nola izango zara, bada, zu maistra, zure senideak beharginak izanda!». Eta ezetz, eta maistra ikasi ordez, josten ikasteko tailer batera joan nintzen bi urtez. Hamazazpi urte bete nituenean, berriz, neskame joan nintzen Zugaztietara, kafetegia zeukan familia batera. Zazpi ume zituzten, eta haien ardura nuen, gatzaren ardura hartzea zer zen ere ez nekien garaian! Eta, gainera, kafetegian zerbitzeko lana ere neuk egin behar izaten nuen. Eta berton ezagutu nuen Julian [Ruiz Gabina], senarra izango nuena. Hogei urte nituela ezkondu ginen, 1916ko otsailean, nik Zugaztietako lan hartatik eskapo egitearren... Ezkondu, eta laster ohartu nintzen astotik mandora egin nuela.

Zer esan nahi duzu, astotik mandora egin zenuela esanez?

Zer esan nahiko dut, bada, ez nuela gizona hartzen asmatu! Etxekoek ez zioten nahi, Julian sozialista zelako, eta apaizak ere Julianekin ez ezkontzeko esan zidan. Eta lehengo hariari helduz— miseriari, alegia, orduantxe ezagutu nuen nik benetako miseria latza. Gabezia eta eza. Julian harri-zulatzailea zen, meatzari askok baino gehiago irabazten zuen... baina lan egiten zuen egunetan baino ez! Alegia, domeka eta jai-egunetan ez zuen etxera dirurik ekartzen, eta euria ari zuenetan ere ez, aire zabalean egiten zutelako behar! Estu eta larri bizi ginen: iluntzean, euria sumatzen genuen orduko, larri! Eta goizean goiz esnatu, zerura begiratu, euria zekarrela igarri, eta estu! Egunean jatekorik edukiko ote genuen ez genekien, eta familiari ere behin baino gehiagotan eskatu behar izan genion jatekoa, ganadua hazten ere saiatu ginen... Zernahi egin behar Julianen soldata meharra osatzekotan!

1916an ezkondu zineten, Lehen Mundu Gerraren garaia, mea esportazioek behera egin zuten sasoia, nahiz ordurako meatzeak eurak ere agortzen hasita zeuden…

Atarramendua! Askotan, lanera abiatu Julian, eta etxean zen handik ordu erdira, eguraldiagatik lanik egin ezinda! Beste askotan, etxera etorri ordez, ondoko taberna-zuloan sartzen zen. Ez zen erraza! Gure bizimodua, alegia. Ezkondu, eta urte hartan bertan izan genuen lehen umea, Esther. Nik, seina bataiatu behar genuela, Julianek ezetz. Nekez konbentzitu nuen! Egiari zor, Julianek kulturarik ez, baina iraultzaile espiritu itzela zeukan. Eta egiari zor, berriz, inork baino lehenago berak sartu zizkidan buruan sozialismo kontuak. Ideia haiek, alegia.

Fedez aldatu zinela esan liteke? Kristautasuna utzi, eta sozialismoa besarkatu zenuela?

Esateko modu bat da, zeurea. Egia da astiro-astiro fede katolikoa galdu nuela... Ez dakit jakingo duzun, nik prentsan idatzitako lehen artikuluak Hipocresía religiosa zuen izena, El Minero Vizcaíno aldizkarian publikatu zuten 1919ko Aste Santuan, baina ez nuen nire izena ipini nahi izan, ezizena baino: Pasionaria. Eta, justu, urte garai huraxe zelako asmatu nuen ezizen hori, Pasio astea zelako. Dolores zen nire izena, Andre Maria Doloretakoaren deboto handia izan nintzen, eta idazten hasi nintzenean, ezizen horixe erabaki nuen, Pasionaria. Egoera gogorrean ginen, grebak eta gainerako borrokak, eta ni, bestalde, kristau fedea uzten eta bestelako bat hartzen ari nintzen, sozialismoa, alegia, eta fede berri hura ere minez eta dolorez beteta zetorren, aurreko fede katoliko hura bezainbat.

Sozialista egin zinen, eta bortxazko aziorik ere egin zenuen…

1917ko grebaz ari zara, inondik ere... Greba iragarri zuten, eta Juliani laguntzen ibili nintzen, armak banatzen eta lehergaiak prestatzen, beste zenbait meatzarirekin batera. Greba ez ezik, matxinada egin behar zela esaten zuten. Abuztuaren 13an hastekoa zen errebolta, Espainiako monarkia bera azpikoz gora bota nahi genuen, Alfontso XIII.a Borboikoa. Bidenabar, ohartu nor dabilen agintzen hor gaur egunean... Gure borroka hura dela-eta, Asturiasen, Bizkaian, Madrilen eta Bartzelonan istilu gorririk franko izan zen, industria-toki eta hiri handienetan, baina iraultzarik ez zen gauzatu: Espainiako gobernu zitalak ordena publikoari gogor eusteko agindua eman zien tropei, eta 71 hildako ere izan omen ziren.

Armak eta lehergaiak baliatu zenituzten?

Laster esango dizut zer ziren gure lehergai haiek: latorrizko poteak, dinamitaz, iltzez eta burdin zatiz beteak, eta metxa batekin, potea inora bota baino lehen piztu beharrekoa. Baina ez, ez genituen erabili, grebak porrot egin zuen-eta. Lehergaiak gure etxetik hurre gordeta eduki genituen, eta, gero, errekara bota genituen, umedadeak alferrik galtzeko. Julian, badaezpada ere, artzain batzuen txabolan ezkutatu zen, eta ondo egin zuen, ze guardia zibilak etxera etorri zitzaizkidan gizonaren bila. Nik, Julian non zegoen ez niela esango, eta haiek, berriz, neu atxilotuko nindutela.

Eta?

Ez ziren ausartu ni hartu eta eroaten. Julianek, bere aldetik, buru egiten zuen bertako sozialista bati zer egin galdetu zion. Hark, onena bere burua errenditzea zuela. Julianek hari kasu egin, eta guardia zibiletara joan zen. Jakina, puntuan atxilotu zuten, eta kartzelara. Ikaragarri sumindu ninduen Julianen egin horrek. Ez zitzaidan buruan sartzen. Zure burua zeure borondatez guardia zibilen eskuetan utzi?! Ezta! Julianek bederatzi hilabete egin zituen barruan, 1918ko maiatzera arte. Bitartean, ni gorriak eta beltzak ikusi beharrean bizi izan nintzen, bakarrik, artean urtea ere ez zuen Esther txikitxoarekin, gizonaren soldata gabe, eta familia ere kontra nuela. Gaitz erdi, auzoek eta Julianen kide batzuek lagundu zidaten, eta, egiari zor, familia kontra nuela esan badizut ere, amak ere lagundu zidan.

1922koa da Espainiako Alderdi Komunista, eta Alderdiak Bizkaian izandako lehen batzordeko kide izan zinen...

Somorrostroko sozialista guztiak Alderdi Komunistako kide egin ginen, Bizkaian ez bezala, gainerakoan gehienek sozialista iraun zuten-eta. Baina Somorrostron, komunistak! Eta gure La Bandera Roja-n publikatu nuen lehen artikuluan, 1922an, denei eraso nien, PSOE, UGT eta CNTkoei, haien lider eta sasiliderrei. Erreformismoaren birusak infektatuta zeuden, klaseen arteko kolaborazioaren alde ari ziren, eta, bitartean, batere lotsarik gabe amore eman zuten meatzarien hainbat grebatan. Urte hartako apirilaren 9an, esaterako, mitin bat izan zen Gallartan, meatzarien greba bat abiatzeko asmoz. Sozialisten sindikatuak patronalarekin negoziatu nahi zuen; komunistenak, greba. Mitina amaitu, eta borroka itzela izan zen sozialisten eta komunisten artean: hiru sozialista hil ziren, eta bost pertsona larri zauritu zituzten.

Mitin hartan zinen zu…

Bai... Baina mitin hartan ez ezik, horixe zen giroa, borroka. Urtea lehenago, komunistok greba hots egin genuen El Hoyoko [Muskiz] meategian, segurtasun neurriak handitzeko eskatzeko, eta egun batean langileek, haserre, tiroz hil zuten meategiko kontratista. Borrokalari handiak ginen, eta halaxe egin genion aurre Primo de Riveraren diktadurari, 1923ko irailean: komunistok deitutako Bilboko greba orokor eguna bakarra izan zen Espainian. Diktadurarekin beheraldia izan genuen, gure kontrako errepresioa ere ikaragarria izan zen, baina Bizkaian eutsi genion sendoena. Eta, bestalde, 1929an, Bizkaiko militante komunisten artean, emakume bakarra nintzen. Eta Primo de Rivera erori zenean, Iruñeko konferentzian —baina Bilbon egin zena, klandestinitate gorrian—, Komite Zentraleko kide izendatu ninduten, eta Madrilera joan nintzen bizitzera. Eta gero gerokoak...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.