Koldo San Sebastian. Kazetaria

«1936an kazetari abertzaleak oso profesionalak ziren»

1936ko gerra garaiko prentsa abertzaleaz hitzaldia eman du asteon San Sebastianek, Bilbon. Haren ustez, prentsak garrantzi handia izan zuen garai hartako gizartean.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
2017ko abenduaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ibilbide luzea egin du kazetari, saiakera idazle, telebista ekoizle eta gidoilari gisa Koldo San Sebastianek (Aviles, Espainia, 1953). Erretiro aurreratua hartua du, baina ez dago geldi.

Zer egunkari abertzale zeuden 1936ko gerraren aurretik?

Bospasei egunkari abertzale zeuden: Nafarroan La voz de Navarra, Gipuzkoan El Día —Aitzolek eta Ricardo Leizaolak bultzatua— eta Bizkaian Euzkadi, La Tarde eta Excelsius —kirol kazeta—. Donostian El Pueblo Vasco zegoen, baina hori abertzalea baino gehiago autonomista zen.

Faxisten altxamenduaren ostean, zer gertatu zen egunkari horiekin?

La voz de Navarra itxi zuten, eta Jose Agerre zuzendaria atxilotu egin zuten falangistek. Donostian, 1936ko uztailaren 19an atera zuen El Día-k azkeneko zenbakia. Bizkaian, Euzkadi-k eta La Tarde-k 1937ko ekainera arte jarraitu zuten argitaratzen. Excelsius gerra hasi eta berehala desagertu zen. Kontuan hartu behar da egunkari horiek garrantzitsuak zirela herritarrei oinarrizko informazioak emateko.

Paperarekin arazoak zituzten, ezta?

Bai, prentsako papera Tolosako [Gipuzkoa] fabrikatik jasotzen zuten, baina Tolosa berehala erori zen frankisten esku. Arangurenen [Bizkaia] beste paper fabrika bat zegoen, baina papera ezberdina zen. Papera gabeziak borroka dezente ekarri zituen.

Nolakoa zen zentsura?

Liberalek, sozialistek eta CNTk kritikatzen zuten haiek zirela zentsuratu bakarrak, baina ez zen horrela. Euzkadi eta La Tarde egunkarietako azaletan esaldiak osorik ezabatuta agertzen ziren. Zentsura hori, gainera, ez zen bakarrik gai militarrekin gertatzen. Soldaduen «moralari» eragiten zioten esaldiak ezabatzen zituzten.

Egunkariek nolako garrantzia zuten gizartean?

Euskal prentsa, eta ez bakarrik abertzalea, garrantzitsua zen, bai informazioa emateko, bai gida praktikoak argitaratzen zituelako. Gauzak nola egin azaltzen zen maiz egunkarietan. Beste alde batetik, Espainiako Errepublikarekin bat egiteko justifikazioa ageri zen egunkari abertzaletan; Errepublika Espainiakoa zelako, eta, abertzale asko fededun katolikoak izanda, Errepublika ateoarekin bat egiten zelako. Sortzen ari ziren Eusko Jaurlaritzaren inguruko azalpenak ere ematen zituzten. Garrantziaren adibidetzat jo daiteke kazetari abertzaleak azken unera arte aritu zirela lanean.

Gerraren erdian Eguna euskarazko egunkaria sortu zuten.

Bai, hori ere garrantzitsua izan zen. 1937ko urtarrilean jaio zen, eta ekainera arte iraun zuen. La Tarde eta Euzkadi egunkarien sustatzaileak zeuden proiektu horren atzean.

Zer gertatu zen orduko kazetari abertzale haiekin?

Batzuk fusilatu egin zituzten: La Tarde-ko Juanita Mir eta Gilberto Herrera eta Euzkadi-ko Estepan Urkiaga Lauaxeta eta Melchor Jauregi. Beste batzuk preso sartu zituzten, eta beste asko erbestera joan ziren ihesi. 1939ko urtarrilean, hamar kazetari abertzale—tartean, Agustin Zubikarai— trukatu egin zituzten militar eta kazetari frankista batzuengatik. Euzkadi-ko zuzendari Jose Lekaroz, bestalde, Gurseko kontzentrazio esparruan [Okzitania] sartu zuten; gero, deportatu eta preso sartu zuten. Kirol kazetariren baten salbuespenarekin, ezin izan zuten kazetari lana egin hurrengo hamarkadatan. Erbestean baten batek egin zituen kazetari lanak, baina gehienak beste ogibide batzuetan jarri ziren lanean.

Zer nabarmenduko zenuke kazetari abertzale haietaz?

Azkeneko egunotan garai hartako egunkariak irakurtzen aritu naiz, eta ikusi dut kazetari abertzaleak oso profesionalak zirela 1936an. Nahiz eta bakoitzak bere ideiak izan, informatzeaz arduratzen ziren. Iritzia editorialetan eta politikarien artikuluetan ateratzen zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.