Jaizkibelgo labarrek altxor ugari gordetzen dituztela esaten da maiz, eta horietako bat azaleratu da berriki, ia ezustean. Saerichnites abruptus iknofosil antzinako bat berreskuratu dute, dagoeneko labarretik eroritako arroka puska batzuetatik. Bost zati dira, guztiak izaki berak utzitako arrastoen isla. Baina ez dute osatzen pieza bakar bat, puzzle bat balitz bezala. Alegia, zatiak falta dira, itsasora erori direlako edo, apika, zati gehiago daudelako arrokaren barruan, azaleratzeke.
Edonola ere, iknofosilak 50 milioi urteko antzinatasuna dauka, Jose Angel Torres (Donostia, 1959) Aranzadiko geologia zuzendariak esan duenez. «Eozenokoa da iknofosil hau, Era Tertziariokoa». Aurkikuntza garrantzitsua da geologia mailan, eta Jaizkibelgo labarrak lehen lerroan daudela berresten du kostaldeen ikerketa egin nahi dutenentzat.
Saerichnites abruptus motako iknofosil puskak Oiartzungo Luberri geologia museoan dauden orain. Ikusi nahi dituenak hantxe ditu eskura. «Aurkikuntza handia da, antzinako iknofosil hau suntsitu aurretik berreskuratu dugulako», dio Torresek; «higadurak, itsas kolpeek, edo superportuaren proiektuak ekarriko lukeen labarren aldatzeak suntsituko lukete fosila, bestela».
Bestalde, Lurraren antzinako testigantza ematen duen pieza hori nola aurkitu duten oso istorio bitxia da. Iazko azaroan Zumaiako flyschean saerichnites abruptus iknofosil bat azaldu zela eta hura Algorri interpretazio zentrora eramateko operazio bat egin zutela islatu zuen prentsak —iknofosila pieza bakar batean labarretik aterata—. Garbiñe Albisuk eta Iñaki Pikabeak iknofosilaren argazkiak ikusi zituzten egunkarietan, eta «harriduraz» gogoratu zuten eurak ikusia zutela horrelako bat. Jaizkibelen gora eta behera natura behatzen eta landaredia aztertzen urteak daramatza bikoteak. «Berehala ezagutu genuen», dio Garbiñe Albisuk (Errenteria, 1962).
Jose Angel Torresi deitu eta esan zioten bazekitela non aurkitu Zumaian azaldutako iknofosila bezalako beste lagin bat. «Hirurak joan ginen. Iknofosila argazki batzuetan genuen, aurretik atereak. Orduan ez genion arretarik eskaini. Zumaiakoa ikusi eta gero, ordea, argazki horiek non atera genituen gogoratzen hasi ginen, zein leku zehatzean alegia. Goiz batean aurkitu genituen berriro arroka puskak. Ez da leku erraza iristeko; superportua egin nahi duten eremua da, San Joan harri ingurua, Grankanto esaten diotena. Superportuaren proiektuak bete-betean harrapatzen du. Iknofosil piezak hiruren artean eramateko modukoak zirela ikusi genuen, eta horixe egin genuen». Duela hilabete pasatxo gertatu zen hori.
San Joan harri inguruan azaldutako iknofosila Jaizkibelgo antzinatasun geologiakoaren testigantza garrantzitsua dela uste du Torresek. «Jaizkibelgo flyscha, Ulian bezala, 50-55 milioi urteko antzinatasuna erakusten du, Eozeno garaia. Baina beste geruza mota batean aurkitu dute iknofosila, geruza gazteago batean; ez dakit Grankanto izena berak ez ote duen zerbait esaten; izan ere. arroka handi hori edozein unetan itsasora eroriko dela ematen du; hareharri labarrean zintzilik dago, eta beste garai baten berri ematen du».
Izaki ezezaguna
Esanguratsua da informazio hori geologoaren ustez, iknofosilak Jaizkibelgo geruza jakin hori Zumaiako flyscharekin eta Gorrondatxeko labarrarekin (Getxo) lotzen duelako, bai batean zein bestean Eozenoko iknofosilak azaldu baitira. «Jaizkibelgo kostaldean salbuespena da iknofosila azaldu den eremu hori, beste geruza bat da, eta zorte ikaragarria izan dugu geratzen zaigun zati txiki horretan saerichnites abruptus aurkitu dugulako». Jaizkibelen salbuespen den zati hori, berriz, orokorra da Gorrondatxen, kostaldea osatzen duen gehien-gehiena.
Saerichnites abruptus zer-nolako izakia izan zen ezezaguna da. Itsas sakonera handian bizi izan zela badakite zientzialariek, gaur egungo euskal kostaldea mila metro inguruko itsas sakoneran baitzegoen duela 50 milioi urte, EraTertziarioan, eta, zehazki, Eozeno garaian. Arditurri eta Aiako Harria bera itsas azpian zeuden. Kostaldea Errioxan zegoen. Saerichnites abruptus karramarro mota bat edota beldarra izan zitekeen; baina ez dago batere argi. «Izakiak utzitako arrastoaren negatiboa da iknofosila, argazki baten negatibo bat balitz bezala begiratu behar da», dio Jose Angel Torres geologoak. «Hark utzitako zulotxoak bete ditu geruzak ondoren; horregatik ikusten dira borobiltxo horiek».
Ezarian. Zientzia
50 milioi urteko iknofosila aurkitu dute Jaizkibelen
'Saerichnites abruptus' motakoa da pieza, eta Luberri museoan gorde dute; Zumaiako flyschean atera zuten beste bat azaroanJaizkibelgo Grankantoren inguruan zegoen, kanpoko kaiak hartuko lukeen eremuan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu