Asteburuko proposamenak

50eko hamarkadara bueltan

Frankismo garaiko bizimodua erakusteko, bisita gidatu bat egingo du Lenbur fundazioak igandean, Legazpin. Langile familia baten egunerokoan murgilduko dira, orduko etxeak nolakoak ziren ikusteko; 50eko hamarkadako eskola bat ere bisitatuko dute.

50eko hamarkadako eskola bat, barrutik. LENBUR
50eko hamarkadako eskola bat, barrutik. LENBUR
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
2026ko urtarrilaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

XX. mende erdialdera bidaiatu, eta orain gaztetxo askoren aitona-amona direnen egunerokoan murgilduko dira igandean Legazpin (Gipuzkoa). Herritar batzuek lehen aldiz entzungo dituzte hainbat kontu, haurrek eta gazteek bereziki. Beste batzuek, berriz, ondo asko ezagutuko dituzte, eta une batez bizi izandako guztia ekarriko dute gogora. Bisita horren bidez, orduko Euskal Herriko «errealitatea» erakutsi nahi diete inguruko herritarrei. Hala adierazi du Naiara Larrea Lenbur fundazioko langile eta bisitako gidari lanak egingo dituenak.

Bisita gidatuak bi geldialdi nagusi izango ditu: 50eko hamarkadako eskola eta langileen etxebizitza. Eskolan hasiko dute bisita —Haztegi ikastolan—. «Garai hartako eskolak ez zuen zerikusirik oraingoarekin», azpimarratu du. Besteak beste, zorroztasuna, diziplina eta erlijioa ziren transmititu nahi zituzten balioak. «Benetako eskola bat da, eta orduko materiala dago bertan. Francoren garaia zen; euskara debekatuta zegoen; neskek eta mutilek banatuta ikasten zuten; ikasteko teknikak ezberdinak ziren, apaizak baitziren irakasleak; eta zigorrak zeuden, batzuk oso gogorrak, gainera», azaldu du. 

Handik langileen etxebizitzara joango dira, baina bidean dauden beste hainbat gune atzean utzi gabe. «Horregatik esaten dugu langileen ibilbidea dela, langileen auzoa baita», zehaztu du Larreak. Lantegiak sortzearekin batera, herria ere eraldatu egin zen; izan ere, lan eta etorkizun hobe baten esperoan milaka familia iritsi ziren Euskal Herriko hainbat txokotara. Beraz, iritsi berria den langile familia baten egunerokoan murgilduko dira bisitariak: «Telebistarik gabe, hozkailurik gabe, garbigailurik gabe... Ez zegoen telebista ikusteko egongelarik, eta etxe batean bi familia bizi ziren».

Publikoari moldatuta

Haurrentzat, familientzat eta helduentzat pentsatutako bisitak antolatzen ditu Lenburrek; beraz, publikoaren arabera, bisitaren formatua ere aldatu egiten da. Langileak azaldu du publikoa heldua bada ohikoa dela batzuek garai hura bizi izana. Halakoetan, parte hartzea «handiagoa» da: «Haiek azaltzen digute nola bizi ziren 50eko hamarkadan, eta beren esperientziak kontatzen dizkigute. Esaten digute: ‘Nik txokolatea ezkutatuta edukitzen nuen beti’, edo ‘ni beti ipintzen ninduten arbelari begira’». Istorio horiek guztiak entzutea «oso polita» da, Larrearen ustez.

Umeentzako bisitetan, berriz, azalpenak «dinamikoagoak» izan daitezen saiatzen dira: «Eskolara bisita egiten dugunean, esaterako, umeren bat harrapatu eta zigortu egiten dugu. Antzerkiaren bitartez, garai hartako errealitatea bizi dezaten nahi dugu». Horrez gain, etxerako lan batzuk ere bidaltzen dizkiete haurrei, eta tailerren bat edo beste ere egiten dute. «Aitona-amonei egiteko galdera batzuk bidaltzen dizkiegu, garai hura bizi izan dutenekin gaiaz hitz egin dezaten. Horrez gain, duela urte batzuk kafea nola egiten zuten ere erakusten diegu, adibidez». Horrelako jokoen bidez, haurren parte hartzea «sustatu» nahi dute, eta azalpenak astunak egin ez daitezen saiatu.

Igandeko bisita helduentzat pentsatuta dago, eta ezinbestekoa da izena aurrez ematea: turismobulegoa@urolagaraia.com helbidera idatziz, edo 943-72 20 42 zenbakira deituz. Ez da horrelako bisita bat egingo duten lehen aldia; hortaz, haurrekin joateko aukera ere egongo da aurrerago.

Edonola ere, ez da planik faltako Legazpin asteburuan; izan ere, bisita horiek egiteko ez ezik, langileen fabrika ikusteko ere izango da aukera —Legazpiko paper fabrika zaharrean dago—. «Ibilaldia egingo dugu industrializazioan zehar, jakiteko gure lurraldean eragindako aldaketa sakon hark zer ondorio ekarri dituen arlo sozialean, ekonomian eta ingurumenean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.