Ezarian

550 urte Baionako xingarra sustatzen

Baionako xingarra dastatu eta giro apartaz gozatzeko aukera dago gaur arte Baionan, mende erdi baino gehiago duen azokanBehorlegiko Gilles Gachenek irabazi du xingar onenari dagokion saria

Baiona
2012ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Historia luzea du Baionako Xingarraren azokak. 550 urte bete ditu aurten, Baionako xingarra ezagutarazteko eta sustatzeko lanean. Aste Santuko egunetan egin ohi da, eta aurten ere hala egiten ari dira: joan den ostegunean hasi, eta gaur bukatuko da. Baionako karrikak urdaiazpiko postuz josi dira, dastatze eta ekoizpen ugariren ezagutzarako parada emanez. Hainbat egunez, ekoizleak eta erosleak elkarrekin topo egiteko aukera izanen dute besta giro apartan. Urteko xingar ekoizle onenaren aukeraketa ere iragan da: Behorlegiko Gilles Gachenek irabazi du xingar onenari dagokion saria.

Baionako xingarra hedatzeko asmoz egiten dute urtero azoka, beste arrazoi ugariren artean. Hala azaldu du turismo bulegoko kide eta azokaren antolatzaile Benoit Barratxabek, Baionako urdaiazpikoa tokiko gastronomiaren ezinbesteko jakia da haren ustez; izan ere, Baionan bi jakik dute garrantzia: urdaiazpikoak eta txokolateak. Azoka urteko animazio garrantzitsuenen artean sartzen dute turismo bulegoak eta ekoizleek.

Bestalde, ekoizleei egin lana jende aitzinean erakusteko parada ematen die lau egun irauten duen ospakizun horrek. «Profesionalei beren lanbidearen promozioa egiteko aukera ematen die, baita produktua bera promozionatzeko aukera ere. Frantziatik dator jende ugari, eta Hego Euskal Herritik ere bai, nahitara egun batzuk pasatzera. Promozio une handiak finantza momentu handira eramaten ditu ekoizleak. Biziki interesgarria da haientzat», erran du Barratxabek.

Baionako merkatu inguruan ezarri dituzten karpetan antolatzen dira ekitaldi gehienak. Baionako urdaiazpikoaren labela duten hamasei ekoizle zein gatzatzailek eta labelik gabeko bostek osatzen dute merkatua nagusiki. «Parte hartzaileen kopurua mugatua da, profesionalentzat da. Badira hamar bat urte kopuru hau mantentzen dugula», azaldu du Barratxabek. Urte batetik bestera postua dutenak ia berberak izaten dira.

Aldiz, ostegunean antolatu zen lehiaketa edozein xingar ekoizleri irekia zitzaion. Halere, baldintza batzuk betetzea ezinbestekoa da. Honela azaldu du Barratxabek: «Ekoizleak izena eman dezan, xingarrak gutxieneko pisu bat, idortze denbora bat eta kolore berezi bat izan behar du, hau da, Baionako xingarra izateko irizpideak bete behar ditu». Lehiaketan parte hartzeak, edo irabazteak hobeto esanda, 700 euro eta plantxa irabazteaz gain, tokiko jatetxeetan irabazlearen xingarra ezartzeko ohitura dago. «Ostatu ezagunenek erosi nahi izaten dute lehen, bigarren eta hirugarren saria jaso dutenen xingarra. Adibidez, Baionan Michelin izarra duen ostatu bakarrak», esan du Barratxabek.

Besta giro apartaz gozatzeko parada dago, beraz, asteburu honetan Baionan. Egunero ehunka lagunentzako bazkaria prestatzen ari dira karpan, eta animazio ugari antolatu dituzte. Hala, gaiteroak, elkarteentzako tortilla lehiaketa, musika talde ugari... bertan dira egunero.

Kasualitatez sortutakoa

Nahiz eta Baionako urdaiazpikoaren izena izan xingarrek, xingarrak ez dira Baionan ekoizten. Izan ere, Baionako xingarrak duen izena ulertzeko, historiara jo behar da. Hain zuzen ere, urdaiazpikoen gatzatzea kanpoan egin ondotik, Baionara ekarriak ziren sortu ekoizpenak, eta bertako portutik beste leku batzuetara zabaltzen ziren. Hala, kondairak dio Baionako xingarra Gaston Fibus deitu gizon batengan duela bere jatorria. Fibus jaunak basurde ehizara joateko ohitura zuela erraten da, eta, behin, basurde bat ehizatu ondotik, gorpua ezin izan zuela aurkitu dio kondairak. Urte baten buruan basurdearen gorpua gune biziki gatzatu batean oso ongi kontserbatua atzemana izan zela erraten da. Egun hartatik aitzina hasi ziren Aturri ibaiaren inguruetan gatzatzeak egiten.

1462. urtetik existitzen da Baionako xingarra. Alabaina, ez daiteke esan nahitara asmatua izan zen jaki bat denik, halabehar baten ondorioa baita. Hala, nekazariak pixkanaka beren urdaiazpikoak Baionara ekartzen hasi ziren, eta Aste Santuko jaialdian xingarra dastatzeko ohiturari ekin zioten. Eta geroztik, Aste Santuan xingarra izaten da nagusi Baionan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.