Jose Maria Bastida Ibañez (Gasteiz, 1953) du izena, baina hirian Txapi ezizenarekin ezagutzen dute denek. Garai bateko telebista saio bateko pertsonaia baten goitizena jarri zioten gazte zelarik lagunek, eta gerora ezizen gisa mantendu du hark. «Batez ere, musika arloan bereizteko». Txistularia eta musikaria da, eta Gasteizko eta Arabako kulturan erreferenteetako bat bilakatu da. Bi pasio ditu: musika eta historia.
Txikitatik duzu musikarekiko lotura?
Bai, bai. 1955ean, 3 urte nituela, Javier Azpiazu eta Jose Mari Serranok bazuten irratsaio bat Radio Vitorian, Fiesta Vasca izenekoa. Ez zegoen telebistarik orduan, eta irratia entzuten genuen guztiok. Oso gustuko nuen saio hura. Manuel Ibarrondok istorio bikainak kontatzen zituen irratsaioan, Arabako historiaren inguruan, batez ere. Urte batzuk geroago, ordea, izena aldatu zioten irratsaioari: Euskal Jaia. Eta tartean, euskal musika jartzen hasi ziren. Oso garrantzitsua izan zen irratsaio hura niretzat, hura izan baitzen musikarekin lotu ninduena.
Txistuarekin, baina, geroago hasi zinen. Kasualitatez?
Hala da, 1966an izan zen. Anaiak txistu bat zeukan, eta ezkutuan hartzen nion noizbehinka jotzeko. Harrapatu egin ninduten gurasoek, baina, eta familia gatazka bat sortu aurretik, txistu bat oparitu zidaten nire urtebetetze egunean. Nire kabuz ikasten hasi nintzen orduan; beti izan naiz autodidakta, egia esan. Kuadrillako lagun batekin ere sarritan joaten nintzen mendira, eta txistua eramaten genuen bidean jotzeko. Halaxe ikasi nuen txistua jotzen.
Berehala hasi zinen, baina, jendaurrean jotzen, ezta?
Handik bi urtera, 1968an, Oldarki dantza taldera batu nahi nuen galdetu zidaten. Han ezagutu nuen Jesus Errasti txistulari maisua. Hark erakutsi zidan txistulari izaten: hark esaten zidan moduan, «txistulari danbolin jotzailea». Dantza talde batean jo nahi banuen, garai hartan, ezinbestekoa baitzen danbolina jotzea. Belarri ona nuela esaten zidan hark, eta, horregatik, bigarren ahotsa egiten jarri ninduen. Izugarri ikasi nuen orduan.
Txistua jotzen ez ezik, dantzan ere ikasi zenuen orduan?
Bai, noski, ezinbestean. Ez nintzen askorik dantzatu, hori ere egia da; baina bai, dantza ere egiten nuen. Gustuko izan dut beti.
Gerora, hainbat dantza talderen ardura ere izan duzu zure gain.
Gaztetxu haur dantza taldearen ardura hartu nuen, Carlos Oiargurenekin batera. Bigarren pauso garrantzitsuena izan zela esango nuke. Urte batzuk geroago, baina, 1972an, Indarra dantza taldea eratu genuen, Manuel Iradier elkartearen barruan. Talde oso garrantzitsua izan zen Indarra Gasteizen eta Araban, garai hartan.
Dantza talde haiei esker, beste hainbat musika tresna jotzen ere ikasi nuen. Gaztetxun, esaterako, gaita jotzen ikasi nuen, baita txirula ere; Arabako dantzak jotzeko beharrezko baitziren. Jose Mari Lopez Elorriaga Coppi lagunak erakutsi zidan gaita jotzen.
Hortik etorri zen gero Gasteizko Gaiteroen Banda?
Hala da. Aurrez, Hiru Bat Gasteizko dultzainero taldean ere jo izan nuen zerbait. Han ikasitakoaz Gasteizko Gaiteroen Banda eratu genuen Carlos Oianguren eta Iñaki Cañorekin batera, urte batzuk geroago. Buruhandi eta erraldoiekin ateratzen hasi ginen orduan. Hamar bat urte eman genituen bandarekin. Dantza taldeekin ere jotzen genuen sarritan.
Txistua eta gaita, baina, ez dira jotzen dakizun musika tresna bakarrak, ezta?
Txistua, txirula, gaita, txalaparta, musugitarra... gutxi batzuk jotzen ditut, ez pentsa. Fanfarrean tronpeta jotzen ikasi nuen.
Fanfarrea giltzarri izan da zure musika ibilbidean?
Noski. Garai hartan, ordurako, atentzioa ematen ziguten txarangek. Tolosako inauterietan eta antzeko festetan ikusten genituen. Izugarri gustuko genituen fanfarreak. Bada, zerbait egitea pentsatu genuen. Herriko musika bandatik eskuratu genituen zenbait musika tresna jotzen ikasten hasi ginen, eta Indarra fanfarrea eratu genuen, izen bereko elkartearen barruan. Tronpeta jotzen nuen han. 1979an inauteriak ere berreskuratu genituen Gasteizen, fanfarreari esker. Hainbat ekitaldi antolatu genituen. Urrezko Zeledon saria ere eman zioten elkarteari urte hartan.
Horren ondotik, hainbat musika talderekin aritu zara oholtza berean. Nolatan?
Egia esan, Josu Zabalak du horren errua. Zabala orduan San Viator ikastetxean ari zen ikasten —garai hartan San Jose izena zuen—, eta 1968an edo, Gabon kanten lehiaketa bat izan zen, eta horren harira ezagutu genuen elkar. Hark aurkeztu zidan, urte batzuk geroago, Patxi Villamor abeslari eta musikaria. Villamor disko bat grabatu nahian zebilen, eta horretarako talde bat eratu nahi zuen. Zabalak gure berri eman zion, eta fanfarreko bi kidek hartu genuen parte haren Nora Goaz izeneko diskoan: Geroa kanta grabatu genuen Villamorren diskorako. Luis Cobosek zuzendu zuen diskoaren grabaketa, pentsa! Ez zen oso ezaguna oraindik.
Ez zen bakarra izan, ordea.
Ez. Niko Etxartekin ere Etxahun Iruriren omenezko diskoaren grabaketan parte hartu nuen. Eta, urte batzuk geroago, Hertzainak taldearekin kanta bat grabatu nuen. Oskorrirekin ere harremana izan dut fanfarreari esker.
Izen handiko musikariak dira. Zer da hori zuretzat?
Plazer eta ohore handia, zer esango dut, ba! Egin dizkidaten eskaintza guztiei esan diet baietz, gustu handiz, gainera. Mundu hori ezagutzea ederra izan da; guztiekin gozatu dut.
Dena den, zuk zeuk ere sortu dituzu kanta batzuk. Konpositore lanak ere egin dituzu.
Bai, bai. Hainbat moldaketa egin behar izaten genituen txarangarako, eta baita txisturako ere. Ez geneukan partiturarik urte haietan. Hala ikasi nuen kantak sortzen: txistuarentzat lehenik, eta gaitarentzat ondoren. Orain, txarangentzat eta gaitentzat ere egiten ditut. 2000. urtean edo, Otxandioko musika bandarentzat egin nuen beste pieza bat. Orduan ere Zabala izan zen tartean, nola ez.
Zuk sortutako kanten artean, baduzu bereziki gustuko duzunbat? Bat aukeratu beharko bazenu, zein izango litzateke?
Bat aukeratzea zaila egiten zait, baina txisturako egin nuen kanta bat aukeratuko nuke, agian: Zuriñe du izena. Txistulari aldizkarian argitaratu zuten. Bat baino gehiago ditut aldizkarian argitaratuak, egia esan. Gaitarako egin nituen bi bals ere aipatuko nituzke: Bego eta Benito. Iñaki Caño lagunaren emazteari eskainia dago horietako bat. Duela gutxi sortu dudan pieza bat ere oso berezia dut, orain jotzen dudan txistulari bandari eskainia… 65 urtek askorako ematen dute! [Barrezka hasi da].
Nola sortzen dituzu kanta horiek? Baduzu modu bereziren bat? Inspirazioa bilatzeko toki jakin bat duzu?
Inspirazioa? Zer da hori? Barrutik ateratzen da musika. Nik, behintzat, hala sortzen ditut kantak.
San Prudentzio eguneko danborradako Danbor Nagusi ere bazara.
1980an hasi nintzen danborradan parte hartzen. Tronpeta jotzen ere izan nintzen urte batzuk. 2000. urtean, baina, barrileroen zuzendari izateko deitu zidaten. Orduko Danbor Nagusiak, baina, esan zuen ez zuela jarraituko; eta ez dakit zer pasatu zen, baina zuzenean ni jarri ninduten haren postuan. Eta hala gaur arte.
Hamazazpi urte dira. Erritmoa ongi eramaten duzun seinale…
[Barrezka] Bai, bai… Jesus Errastik esaten zidan belarri ona nuela. Ikusiko dugu noiz arte irauten dudan.
Barru-barruan daramazu musika. Musikazalea zen familia?
Bai, etxean beti izan dira musikazaleak. Aitak biolina eta pianoa jotzen zituen txikitan, eta txistua ere bai gerra aurreko urteetan. Baina ez askorik. Aita, hori bai, oso jantzia zen, eta liburu asko zituen. Batez ere, Gasteiz eta Arabako historia liburu asko gordetzen zituen etxean.
Zure beste zaletasuna: Araba eta Gasteizko historia. Aitari esker hartu zenuen zaletasun hori?
Bai, baina irratiak ere badu zeresana horretan, nolanahi ere. Radio Vitoriako saioak musika eta historia uztartzen baitzituen.
Hainbat hedabidetan aritu izan zara kolaboratzaile lanetan.
Idaztea gustuko nuen, eta 1980an Egin-en idazten hasi nintzen ohituren eta historiaren inguruan. Ondoren, Noticias de Álava egunkarira pasatu nintzen. Canal Gasteizen ere egin nituen urte batzuk. Argazki lehiaketa moduko bat egin genuen; hamaika urte inguru iraun zuen.
Batez ere Araba eta Gasteizko historiaren inguruan idatzi izan duzu, ezta?
Hala da, bai. Txikitatik erakarri izan nau historiak, eta dakidana beste batzuei erakusteko asmotan idatzi izan dut beti, haientzat ere interesgarria delakoan.
Jarraipenik eman diozu horri?
Jarraitzeko ahalegina egin nuen, bai: blog bat sortu nuen Interneten, baina alboratuta daukat dagoeneko. Izan ere, lan handia eskatzen du, eta orain ez daukat horretarako tarterik.
Zertan zabiltza orain, bada?
Txistulari gisa jarraitzen dut hainbat dantza talderekin, besteak beste. Txisturako moldaketa batzuk ere egiten ditut eskatzen didatenean. Hitzaldiak ere ematen ditut.
Hitzaldiak? Zeren inguruan?
Egunkarietan egiten nituen kolaborazioetatik hasi nintzen hitzaldiak ematen. Batez ere, Urrezko Zeledonen, musikaren eta inauterien, eta kale izendegien inguruan hitz egin izan dut, gai horietan espezializatu naiz eta. Kale izenen zergatia azaltzea gustatzen zait, esaterako; badira gai bitxi batzuk: gasteiztarrak ez direnen Gasteizko kaleak, arrazoi historikoetatik beste leku batean behar zuten kaleak... Nik beti esaten dut: bakoitzak jakingo balu bizi den kaleak zergatik duen izen hori, guztion artean hiriaren historia osatuko genuke. Hori bai, horretarako izenek ongi jarrita egon behar dute! Alkateari kargu hartu nion behin gaizki jarrita zegoen kale baten inguruan. Aldatuko zuela esan zidan, baina bere horretan dago oraindik.
Hainbat omenaldi egin dizkizute Araban eta Gasteizen azken urteetan. 1991n, Urrezko Zeledon saria eman zizuten. Jendeak zure lana aintzat hartzen duen seinale da hori.
Bai, bai. Bere garaian ez nien horrenbesteko garrantzirik ematen halako sariei. Orain, berriz, denborarekin balioa eman diet eskertza mezu horiei, eta onartzen ditut, lehen ez bezala. Asko eskertzen dut hiriari buruz zerbait jakin nahi duen oro nigana hurbiltzea.
Jose Maria Bastida, 'Txapi'. Txistulari eta musikaria
«65 urtek askorako ematen dute»
50 urte pasatu dira Bastida txistua jendaurrean jotzen hasi zenetik. Ez da geratu ordutik. Josu Zabalarekin izan zuen harremanari esker, Patxi Villamor eta Niko Etxart musikariekin aritu da oholtza berean, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu