Udako Proposamenak

70 urteko herri tradizioa

Tradizio handiko jarduera da Getxoko paellen nazioarteko lehiaketa: 1954tik, makina bat lagun batzen dira Aixerrotako landetan uztailaren 25ean. Etzirako ere egitarau oparoa prestatu dute.

Aixerrotako nazioarteko paella lehiaketa, 2019an, Getxon. BERRIA
Aixerrotako nazioarteko paella lehiaketa, 2019an, Getxon. BERRIA
Leire Rodero
2025eko uztailaren 23a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Goiz-goizetik, Aixerrotako landara iritsiko dira Getxoko (Bizkaia) kuadrillak. Kazolak, egurra, izotza eta, nola ez, paellaren osagai nagusiak prestatuta ekingo diote aurtengo Getxoko nazioarteko paellen lehiaketari, etzi. 1954an sortu zen jaia, eta ordutik, Getxoko biztanle eta inguruko herrietako jendea elkartzen da ospatzeko. «Herriko jai txiki moduan hasi zen, hamar bat paella izaten ziren, eta Getxoko kuadrillak etortzen ziren orduan», azaldu du Eskarne Unanue Itsas Argia elkarteko lehendakariak —elkarte horrek antolatzen du lehiaketa—. Gaur egun, paellen eguna asko zabaldu da, baina antolatzaileek argi utzi dute ez dela makrojaialdi bat, baizik eta herri eta familia ospakizuna.

Getxon Aixerrotako paella lehiaketaren 70. aldia ospatuko dute etzi. Betiko moduan, Algortako lursailetan izango da, eta dozenaka kuadrilla bilduko dira bertan. Jaia goizean hasiko da: 10:30ean izango da izen ematea, eta hortik aurrera parte hartzaileek bazkaria prestatuko dute. 12:00etan, dantzak eta aurreskua izango dira, eta 13:30ean, paellak aurkeztuko dira epaimahaiaren aurrean. Ondoren, 17:30ean sariak banatuko dituzte, eta 18:00etan Oreka taldearen erromeria izango da. 

Zaporeak-ekin batera

Aurten Zaporeak GKEarekin elkarlanean jardungo dute ekitaldian. GKE horrek bazkari beroa prestatzen eta banatzen du Greziako errefuxiatu eremuetan; arroza osagai nagusia dute euren menuetan, eta horregatik sortu da lankidetza Getxoko lehiaketarekin. Elkarteak postu bat jarriko du ekitaldi eremuan; parte hartzaileak hara arroz paketeak eramatera animatu dituzte antolatzaileek: «Bakoitzak ahal duen neurrian lagundu dezake: kilo bat, bi... Garrantzitsuena laguntzea da», azaldu du Unanuek. 

Lehiaketaren egunean, Itsas Argia elkarteko 50 lagun inguru aritzen dira lanean, antolatzen eta segurtasuna bermatzen. «Guk 22:30ak aldera amaitzen dugu jaia, erromeriaren eta azken ekintzen ostean», zehaztu du Unanuek. Festa egun luzea eta gogorra da antolatzaileentzat, baina beti ahalegintzen dira «giroa zaintzen eta herritarren ongizatea bermatzen».

Unanueren osaba Getxoko paellen egunaren sortzaileetako bat izan zen, eta, beraz, ilobak «beti oso gertu» izan du egitasmoa. Elkartearen asmoa tradizioari eustea da, baina erronka nabarmena dute gazteei dagokienez. «Elkarteko gazteak hamaika proiektutan sartuak daude, batzuk gurasoak izan dira, eta ez dute denborarik», aitortu du Unanue lehendakariak. Horregatik, belaunaldi aldaketa eta parte hartze aktiboa sustatzea dute helburu datozen urteetarako.

«Orain badaude talde mistoak, baita neskez osatutakoak ere. Aldaketa nabaria eta pozgarria da»

ESKARNE UNANUEGetxoko Itsas Argia elkarteko lehendakaria

Azken urteetan, emakumeak nabarmen ugaritu dira ekitaldiaren antolakuntza eta parte hartze esparru guztietan. «Orain badaude talde mistoak, baita neskez osatutakoak ere. Aldaketa nabaria eta pozgarria da», adierazi du Unanuek. Presidenteak ziurtatu du emakumeek hasiera-hasieratik parte hartu dutela paellen egunean, baina orain parte hartze hori askoz aktiboagoa eta ikusgarriagoa dela. «Ez dira soilik hona etortzen; paellak prestatu, muntatu, desmuntatu eta kozinatu ere egiten dute». Uste du joera hori gizartearen aniztasunaren eta berdintasunaren isla argia dela. Bestalde, inguruko ostalariek eta saltokiek ere parte hartzen dute, beren produktuak eskaintzen eta laguntza ematen, lehiaketa bizia eta aberatsa izan dadin. 

Horrekin batera, ingurumenaren zaintza eta jasangarritasuna sustatzeko kanpainak ere egiten dira: esaterako, plastikozko materialak murrizteko eta zaborra birziklatzeko. Jaia izateaz gain, arduraz ere jokatuko dute: antolatzaileek gogorarazi dute familia festa dela eta ez dela onartuko jokabide desegokirik. «Ingurua zaindu behar dugu, zibikoak izan behar dugu». Itsas Argia elkarteak jai inklusiboen eta jasangarrien alde egiten duela bermatu du Unanuek, eta, beraz, azpimarratu du beharrezkoa dela egoki jokatzea, denek ondo pasatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.