Ordiziako Azoka Bereziak (Gipuzkoa) jendetza bildu du herriko kale eta plazetan. Beti Alai pilotalekuan, berriz, izan da eguneko momenturik garrantzitsuena: Ordiziako Ardi Latxa Gazta Txapelketa. Lekarozko (Nafarroa) Kortaria gaztandegia izan da garailea. Txapelketara aurkezten diren laugarren urtea bada ere, gaurkoan eskuratu dute, lehen aldiz, garaipena. Pasa den abuztuaren 26an Uharte Arakilen egindako Nafarroako Artzain Egunean ere garaile izan zen gaztandegia; "infernuko gasna" deituriko gazta ketuarekin eskuratu du lehen saria Ordizian.
Gazta erdia enkantean jarri dute garailea zela jakin eta berehala, eta San Sebastian Gastronomika izan da diru gehien eskaini duena: 8.750 euro. Gastronomia jaialdi horrek hogei urte beteko ditu urrian, eta ordaindu duten kopurua Ordiziaren sorreraren 750. urteurrena oroitzeko keinu bat izan da.
Fruta, barazki eta perretxiku azokara jende ugari gerturatu da, hasieran eguraldiak lagundu ez badu ere. Ganadua eta oiloak ere erakusgai izan dituzte, eta asteazkenero bezala, Plaza Nagusia janariz eta jendez lepo zegoen.