Maratila. Santi Leone

'A modest proposal'

2011ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Lurreko Telebista Digitala ikusiaren ikusiaz, azkenean lortu dut egia neoliberala ulertzea. Bai, lagunok, Estatua gehiegi puztu dugu; ez da posible hainbertze jendek gure zergetatik bizitzen segitzea, are gutiago krisi garaietan. Beraz, luze hausnartu ondoren, hauxe da nire proposamena, gaur egungo diru xahutze etengabea geldiarazteko.

Parlamentu eta udaletan, lagun bakar batek bilduko balitu alderdi bakoitzaren boto guziak, politikari bakoitzak boto bat izan beharrean, jende franko kanporatzen ahalko genuke. Adibidez, Gasteizen, 75 soldata eder ordaindu beharrean, aski lirateke sei edo zazpi. Batzordeen lana behin-behineko langileei eman beharko litzaieke, hau da, merkeago izateaz gain, aise serioago izanen liratekeen profesionalei. Are gehiago, gure ordezkariak hain guti izanik, ostatu batean egin litezke bilerak, eta parlamentuen eraikinak bertze zereginetarako erabili, museo bat egiteko edo, Iruñean, saltoki handiren bat paratzeko.

Plan orokor hori, hala ere, tokian tokiko beharretara moldatu beharko genuke, jakina. Nafarroan, adibidez, UPNren eta PSNren botoak pertsona bakar baten esku uzten ahalko lirateke; Nafarroa Baik, aldiz, boto adina lagun beharko luke, edozein huskeriaren kariaz koalizioaren barneko pluraltasun zoragarria azalera atera zedin. Baina ez gaitezen xehetasunetan gal.

Nire proposamenak alde txarrak ere baditu. Politikarien kopurua murriztuz gero, konparazione, ohorezko postuak ezin betez ibiliko lirateke enpresetan. Baina tira, enpresariak, langileak ez bezala, prest egoten dira beti guzion onurarako edozein sakrifizio egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.