Abentura bete uda

Zabaldu dituzte udalekuetan izena emateko epeak. Urtero moduan, udako oporretako egunak lagun artean eta jolasean igarotzeko askotariko eskaintzak daude haurrentzako eta gaztetxoentzako.

40. urtez, euskara hutsezko udalekuak egingo dituzte aurten ere Bernedon. ARABAKO HITZA.
Nagore Etxeberria.
2017ko martxoaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Egun gutxi geratzen dira udaberria estreinatzeko. Konturatzerako, uda ere ate joka izango da. Eta, udarekin batera, gaztetxoen opor luzeak. Oporretako lehen egunak entretenituta eta lagun artean igarotzeko, askotariko jarduerak eta egonaldiak antolatu dituzte hainbat elkartek. Zabalik dira udalekuetan izena emateko epeak. Udan gaztetxoek izango dituzten aukeretako batzuk dira ondorengoak.

BERTSO UDALEKUAK



Non: Orio, Irañeta, Muxika, Bidarrai eta Zuhatza.

Izena emateko epea: Martxoaren 24ra arte, bertso eskoletako kideek edo gurasoren bat Bertsozale Elkarteko kidea dutenek. Gainerakoek, martxoaren 30etik apirilaren 12ra.

Informazio gehiago: www.bertsozale.eus eta transmisioa@bertsozale.eus

Eguna koplatan, bertsotan eta jolasean igarotzeko aukera izango dute Bertso Udalekuetan izena ematen duten gaztetxoek. Bertsozale Elkarteak antolatzen ditu udalekuak, eta 20. urtea dute aurtengoa. Ondorengo herrietan egingo dira bertso egonaldiak: Orio (Gipuzkoa), Irañeta (Nafarroa), Muxika (Bizkaia), Bidarrai (Nafarroa Beherea) eta Zuhatza (Araba).

Bost txanda egingo dituzte. Uztailaren 4tik 11ra egingo da lehena, Orion; eta abuztuaren 21etik 25era azkena, Zuhatzan. Egonaldien iraupena eta prezioa aldatu egiten da. Eta txandak adin ezberdinetara egokituak daude.

Martxoaren 24ra arte dute izena emateko epea bertso eskoletako kideek edo gurasoren bat Bertsozale Elkarteko kide duten gaztetxoek; gainerakoek martxoaren 30etik apirilaren 12ra eman ahal izango dute izena. Bi modu daude: www.bertsozale.eus webgunetik edo (0034) 943-69 41 29 telefono zenbakira deituta.

EUSKAL UDALEKUAK



Non: Goñi eta Bernedo.

Izena emateko epea: Martxoaren 20ra arte.

Informazio gehiago: www.udalekuak.eusudalekuak@udalekuak.eus eta (0034) 943-90 57 66.

40 urte igaro dira Euskal Udalekuak antolatzen hasi zirenetik. Geroztik, uda oro euskara hutsean bizitzeko eta jolasteko aukera eskaini diete ehunka gaztetxori. Aurten ez dute egonaldirik egingo Abaigarren (Nafarroa); bai, aldiz, Bernedon (Araba) eta Goñin (Nafarroa). Bost txanda egingo dituzte Araban, eta hiru Nafarroan. Egun kopurua eta prezioa aldatu egiten da txanda batetik bestera.

Martxoaren 6tik izena emateko epea zabalik da, eta ez da itxiko, txanda guztiak betetzen diren arte. www.udalekuak.eus atarian dagoen fitxa bete behar da izena emateko.

IKASTOLEN ELKARTEA



Non: Euskal Herriko hainbat herritan zein atzerrian.

Izena emateko epea: Maiatzaren 10era arte. Apirilaren 28an itxiko da atzerriko egonaldietarako epea.

Informazio gehiago: www.aisialdia.eusaisialdia@ehi.ikastola.eus eta (0034) 943-36 96 37.

Ikasgeletatik kanpo balio hezitzaileak lantzeko eta zabaltzeko esparru bat eskaintzea da Ikastolen Elkarteak antolatzen dituen udalekuen asmoa. Horretarako, askotariko udalekuak antolatzen ditu, Euskal Herriko hainbat herritan zein atzerrian: Iparraldeko eta Hegoaldeko gazteen topaketak, Euskara Mugara Udalekuak, Surf Udalekuak, Enjoy English, Ingeles Udalekuak, Atzerriko Egonaldiak, Itsasoa eta Kultura, Udaleku Irekiak, Programazioa eta Robotika udaleku irekiak, Mendia eta Pilota, Gazte Egonaldiak eta Udaleku Ibiltaria.

www.aisialdia.eus edo www.ikastola.eus (Aisialdia atalean) webguneetan eman daiteke izena. Bestela, posta arruntez bidal daiteke eskaera. Kasu horretan, izena emateko orriak bete, eta Donostiako egoitzara bidali behar dira. Helbidea: Euskal Herriko Ikastolak / Errotazar bidea, 126 / 20.018 Donostia.

UDABIDAIA IBILTARIA



Non: Hondarribitik Mutrikura zeharkaldia.

Izena emateko epea: Martxoaren amaieratik aurrera.

Informazio gehiago: www.edukhazi.eusongietorri@edukhazi.eus eta 664-250994.

Gipuzkoako kosta alderik alde zeharkatzeko bidaia antolatu du Edukhazi elkarteak, uztailerako. Hondarribian hasiko dute zeharkaldia, eta Saturraran hondartzan (Mutriku) bukatuko dute. Denera, hamabi eguneko txangoa egingo dute. Uztailaren 4tik 15era bitartean egingo dute Talaiako Bidea. 8 eta 12 urte bitarteko 25 haurrentzako txanda bakarra egingo dute. Bost hezitzaile izango dira haiekin.

Euskal kostaldea eta euskal ondarea ezagutuko dute parte hartzaileek, eta etorkizunari begirako erronkak eta arazoak landuko dituzte kostarekin harremana duten eragileekin: besteak beste, Mater museoa, Albaola eta Kristinaenea fundazioa.

Martxoaren amaieran, izena emateko orria jarriko dute atarian: www.edukhazi.eus. 664-25 09 94 telefonora deituta edo ongietorri@edukhazi.eus helbidera idatzita ere egin daiteke izen ematea.

UDALEKU PIRATAK



Non: Pasai Donibane.

Izena emateko epea: Apirilaren 3tik aurrera.

Informazio gehiago: www.urtxintxa.eus (0034) 943-27 00 33.

Urtxintxa aisialdi elkarteak sei eguneko pirata egonaldiak antolatu ditu 7 eta 12 urte bitarteko gaztetxoentzat. Pasai Donibaneko (Gipuzkoa) Piraten Etxea aterpean egingo dira udalekuak. Orotara, zortzi txanda egin dituzte: ekainaren 26tik uztailaren 1era egingo dute lehena, eta abuztuaren 28tik irailaren 2ra azkena.

Egonaldian askotariko jarduerak egingo dituzte piratek: piraten altxorra topatu, Kantauri itsasoan nabigatu, itsas kirolak egin, piraten ibilbide zirraragarriak ezagutu, hondartza eta igerilekura irteerak eta beste. Eguna amaitzeko, irratsaio bat prestatuko dute gaztetxoek.

Apirilaren 3an zabalduko dute izena emateko aldia. Webgunearen bidez (www.urtxintxa.eus) zein (0034) 943-27 00 33 telefonora deituta egin ahal izango da eskaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.