Edonork gozatzeko moduko parkea da Hontza Extrem. Beldurtia denak, orekari eustea kosta egiten zaionak eta gurpil aulkian dagoen lagunak, guztiek, Tarzanen pare goza dezakete Otxandioko abentura parkean (Bizkaia). Izan ere, parkearen erdigunean baso handi bat dago, eta han barreiatuta daude ibilbideak, bisitari bakoitzaren izaeraren arabera moldagarri, inor parte hartu gabe gera ez dadin. Etzi inauguratuko dute, eta larunbatetik aurrera, zabalik egongo da.
Anboto eta Gorbeia mendien begiradapean dago Hontza Extrem, Urkiola parke naturalean. 2,5 hektareekin Euskal Herriko handiena da,eta erdigunean pagoz eta haritzez osatutako baso irekia dauka.
Han dauden sei ibilbideetatik Izpizte izenekoa da ezindu fisikoei egokitutakoa. Joseba Gartzia Hontza Extrem kooperatibako kidea da, eta azaldu duenez, «ustekabean» etorri zitzaien parkea denentzat egitearen ideia, hau da, ezinduentzat ere egokitzea. «Proiektua aurrera eramateko ideiak biltzen ari ginela gutako batek aipatu zuen zergatik ez genuen parkea ezinduentzako ere moldatzen». Esan eta egin. Hainbat erronka dauzka Izpizte ibilbideak, eta amaieran, 66 metroko tirolina. «Handik salto eginda, hegaldi ikusgarria egingo du erabiltzaileak», gaineratu du Gartziak. Ezindu psikikoei ohiko ibilbideak moldatuko dizkietela argitu du. Uste dute Euskal Herrian ezinduentzat egokituta dagoen lehenengo abentura parkea dela: «Oraingoz, behintzat, ez daukate beste inon egokituta».
Beste lau ibilbideak, Anboto, Gorbeia, Orixol eta Motxotegi, 1,10 metro baino garaiago direnentzat prestatu dituzte. Ibilbideei dagokienez, abentura parkeetan ohikoak diren probak dituzte: sare zubiak, tirolinak eta mugitzen diren enborrak, besteak beste. 62 guztira.
Abentura parkearen osagarri, zuhaitz eskalada eta arku tiroa daude. Zuhaitzetako eskalada proba berri-berria dela dio Gartziak. «Italiatik ekarri dugu, eta ohiko rokodromoen antzera funtzionatzen du; hori bai, berezitasun batekin, guk aukeratzen dugu nahi dugun zailtasuna eta zuhaitza». Kendu eta jarri egiten den tresna da. «Sei edo zazpi urteko haurrak badatoz, heldutokiak gertuago ezarriko ditugu; ordea, DBHko ikasleak badira, zaildu egingo dugu, tresna zuhaitz okertuetan jarrita adibidez». Bisitariaren izaeraren arabera ere proba egokitu egingo dutela dio Gartziak.
Haurrak koalei lotuta
Lau eta zortzi urte arteko haurrentzat prestatu dute Mirugain gunea, eta segurtasun osoz egiteko, koala izeneko sistema erabiliko dute. «Ibilbidea hasi orduko, lotuta egongo dira haurrak, eta tirolinara iristen direnean askatuko dira sokatik». Zirkuitua guztiz egin gabe handik askatzea «ezinezkoa» dela baieztatu du Hontza Extrem-eko kideak.
Egun-pasa egiteko aitzakia ematen du abentura parkeak, hainbat ibilbide egiteko aukera baitago parkearen inguruetan. Gartziak dio naturarekin zuzeneko harremana izango duela bisitariak.
Abentura guztientzat
Ohiko abentura parkea dirudi Otxandioko Hontza Extrem-ek, baina berezitasun bat dakar barrenean: ezindu fisiko eta psikikoek ere gainditu ditzakete hango erronkak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu