Ferixa Nagusiko egun handia ospatuko dute gaur Elorrion, atzo txupinazoarekin jaiei hasiera eman ostean. Abere eta nekazaritza azokan zabalik egongo diren 60 postuek girotuko dute goiza,txistulariek gidatuko duten kalejirako doinuekin lagunduta. Herrian egiten den azoka garrantzitsuena da. Guztira, 35 nekazari bilduko dira, euren animaliekin, eta ingurura gerturatutako jendeari baserrietako produktuak eskainiko dizkiete. Maitane Lopez kultura zinegotziak egunean zehar sortutako «giro alaia» nabarmendu du.
Hala ere, ez da eguneko ekitaldi bakarra. Izan ere, Lopezen esanetan, jaiek irauten duten hamar egunetan denetariko ekintzak aurki daitezke udalak osatutako programazioan. «Gaueko kontzertuak ikustera joan nahi ez duenak, goizean hainbat gauza ditu disfrutatzeko. Azkenean, giro ezin hobea dugu egun osoan zehar». Esaterako, hamaiketan hasita, Elorrio KE-k eta Ermuak lagunarteko futbol partida jokatuko dute, Eleizalde futbol zelaian. Partida bukatutakoan, kalejira bat abiatuko da dantza senegaldarren erritmora, M'Lamp Kultura Elkartearen eskutik.
Arratsaldean txosnagunean egingo diren mahai jokoen ondoren, pilota partidak jokatuko dituzte Hilario Azkarate frontoian. 18:00etatik aurrera izango dira, eta pilotari afizionatuek neurtuko dituzte indarrak. Atzoko danborradan, nagusiek desfilatu zuten; gaur, ordea, gaztetxoen txanda izango da, 19:00etatik aurrera. Plazan, berriz, 20:00etan, Kosmas orkestrak bere lehen emanaldia eskainiko du. Bestelako musika estilorik ere izango da. Ordu berean, gaztetxean, Bi Bala taldeak bertsoak eta rocka nahasten dituen emanaldia joko du, eta txosnagunean, ostera, kontzertu akustikoa entzuteko aukera egongo da. Bukatutakoan, sardina jana egongo da txosnagunera hurbiltzen den ororentzat.
Jaiek ez dute etenik
Atsedenerako tarte gutxi izango da gerora ere. Bihar, kuadrillen eguna ospatuko dute, eta, urtero legez, herri bazkaria eta tortilla txapelketa antolatuko dituzte gazte elorriarrek. Arratsaldean izango da ohiko jaitsiera, 18:00etan hasita. Gazte kuadrillek, diskoteka mugikorraren doinuak dantzatuz, kalejira bat osatuko dute. Ondoren etorriko dira kuadrillen arteko olinpiadak. Irabazleek sari gisa jasotako dominak urte osoan gordetzen dituzte. Eguna bukatu orduko, beste hainbat ekintzekin disfrutatzeko aukera izango dute herritarrek: erromeria, Urarkan; karaokea, txosnagunean; zezensuzkoa, plazan; eta Makira diskoa, plazan.
Lopez kultur zinegotziak astearterako prestatutako tailerrak nabarmendu ditu. Arratsaldean, 18:00etatik 21:00ak bitarte, indarkeria matxista saihesteko informazio guneak zabalduko dira plazan, eta, neska gazteenentzat, jaietan leku arriskutsuak identifikatzeko tailerra egongo da. Eguna bukatzeko, 21:30etik aurrera, zineforuma egingo dute. Jai egitaraua ez da hor bukatzen, ordea. Izan ere, Elorrioko jaiek irailaren 14ra arte iraungo dute.
Aste barruko ekintzez gain, bigarren asteburua indartsu etorriko da. Urtero bezala, kirol probak eta kontzertuak izango dira egitarauko ekitaldi nagusiak. Kirolzaleek, esaterako, areto futbol partidak, idi probak eta errugbi partidak ikusteko aukera izango dute. Musikazaleek, berriz, ostiralean izango dute zer entzun. Gaztetxean eta txosnagunean, DJak egongo dira, bai arratsaldez eta bai gauez. Besteak beste, musika jarriko dute DJ El Destripadorrek eta DJ Kapela Fluorrek. 22:30etik aurrera, herriko gaztetxean hiru taldek joko dute: Shock Waves, Knockout eta Tears&Beers taldeek. Larunbatean, ostera ere, txosnaguneak musikazaleen topaleku bihurtuko dira. Bertan arituko dira Esne Beltza eta Skakeitan, 23:00etatik aurrera. Urteroko gisatu txapelketa ere ez da faltako aurtengo Ferixa Nagusian.
Ferixa Nagusikoak Elorrion
Abere azokak girotuko du Elorrio
Iraileko lehen igandearekin batera iritsi da Ferixa Nagusiko egun handia.60 postu zabalduko dituzte, eta ez da faltako musikarik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu