Bilboko Aste Nagusia

Aburto: "Bilboko Konpartsak gizartearen kontrako bidean doaz"

Bilboko Konpartsek kalejira batean salatu dute jaigunean udaltzain gehiegi dagoela. Alkateak erantzun die polizia kopurua handituta atxiloketa gehiago egin litezkeela.

Marijaia atzo, Kaskagorri konpartsaren txosnaren aurrean. MARISOL RAMIREZ, FOKU
2019ko abuztuaren 20a
18:24
Entzun

Ezohiko kalejira bat izan zen atzo Bilboko txosnetan. Konpartsek jaigunean udaltzain gehiegi dagoela salatu nahi izan zuten, eta, horretarako, Free Munipa Tour izeneko kalejira bat egin zuten. Konpartsek azaldu nahi izan dute ez daudela ados Bilboko Udalak segurtasunaren arloan abiatu duen bidearekin. Adierazi dutenez, txosnek tirabirarik gabeko eremu bat izan behar dute, "aldarte onekoa".

"Ez gaude ados udalak segurtasunaren inguruan duen diskurtsoarekin, ezta iaz hainbestetan ikusi genituen polizia kontrolekin ere. Segurtasuna ez da bermatzen jaigunea poliziaz beteta. Kontrolak ez dio mesederik egiten jai giroari, kontrakoa baizik; ezinegona sortzen du jendearengan", salatu dute Bilboko Konpartsek. Aldarrikatu dute jaiguneak zaintzeko beste modu batzuk bultzatu behar direla, eta, horretarako, "guztion lan sozial handiagoa" behar dela.

Konpartsek salatu dute "polizia talde handiak" dabiltzala batetik bestera txosnetan eta sarbide guztietan, "uniformatuta eta jarrera harroputz batekin". Polizien jarrerak jaiarekin bat egin beharko lukeela diote, eta jarrera "lasaia eta alaia" izan beharko luketela. "Jaigunea konpartsen eremua da, eta guk tirabirarik gabeko eta aldarte oneko esparru bat izatea nahi dugu". Aldarrikatu dute konpartsak jaigunearen zaintzan parte hartzen dutela, eta hala egiten jarraituko dutela, "betiere, jai giroa zaintzeko".

Aburtok irratiko elkarrizketa batean erantzun die konpartsei, eta gizartearen kontrako bidean doazela egotzi die, haren ustez gizarteak kalean polizia gehiago egotea nahi baitu. Adierazi du jakin nahiko lukeela ea nori molestatzen dion polizia gehiago egoteak. Abuztuan 104 polizia gehiago daudela esan du, eta gaineratu du agenteak ugarituta handitu egiten dela "segurtasunaren pertzepzioa" ere.

"Eremu batean udaltzain bat ikusten dugunean ondo sentitzen gara, eta jaigunean gauza bera gertatzen da. Bilboko Konpartsak beste dinamika batean dago. Autobidetik joanda norbaitek ikusten badu beste guztiak kontrako bidean doazela, pentsa dezake besteak oker dabiltzala, edo, agian, has daiteke pentsatzen eurak direla oker daudenak", adierazi du.

Aburtok azpimarratu du polizia uniformedunek delituak eragozten dituztela, eta uniformerik gabekoek delitugilea ezustean harrapatzeko modua ematen dutela. "Polizia gehiagorekin, atxiloketa kopurua handitu egin daiteke". Esan du azken bi urteetan lapurreta gehiago egon direla, baina, polizia kopuru handiago bati esker, proportzioan jende gehiago atxilotu dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.