Nork ez du txikitan zuhaitzean eraikitako etxetxo batekin amets egin? Asko horrelako bat eraikitzen ere saiatuko ziren. Txikitako ametsa bete dezake batek baino gehiagok. Urrutira joan gabe, Euskal Herrian bertan egin daiteke lo gisa horretako etxe batean. Garesko (Nafarroa) Jakue hotelak eskaintzen duen aukera bat da: sei metrora eraikitako logela bat. Ametsa borobiltzeko, izarrak ikusteko aukera ere ematen du, sabaia mugitu baizik ez da egin behar horretarako. Izarren azpian lo egin nahi duenarendako etxea da Maitenea, 14,35 metroko logela berezia.
Lau urte dira proiektu horrekin hasi zirenetik. Zerbitzu berri bat eman nahian bururatu zitzaien zuhaitz batean etxetxoa eraikitzea. Pedro J. Aldaz hotelaren jabeak dioenez, ez zuten handitzeko aukerarik, hotelean ez baitzuten lekurik. Orduan hasi ziren eraikuntza horien inguruko informazioa biltzen. Zuhaitza egokitu, eta dagoeneko badute hoteleko gelarik bereziena. Jabeak kontent daude emaitzarekin, naturarekin harmonian bizitzea maite baitute: «Gure izateko era islatzen du etxeak».
Bezeroak ere hasi dira gerturatzen, eta jadanik erreserba anitz egin dituzte. «Lehenbiziko egunetan izugarrizko harrera izan du etxetxoak». Euskal Herrian ez dira ohikoak horrelako eraikuntzak, baina gure mugetatik kanpo anitz dira. Gareskoa Hermanos Aldaz Remiro zurginek eraiki dute, eta Irati basoan harturiko izei zura erabili dute horretarako.Jabeak azaldu duenez, ez dago arriskurik; erabat segurua omen da eraikina, adar gainean eraikia egon arren. «Ilargira heldu gara, eta nola ez gara gai izanen bada, zuhaitz gainean etxe bat eraikitzeko?», dio brometan. Umoretsu.
Maitenea «maitasunaren etxea» da Aldazen esanetan. Izena paratzeko Facebooken bozkatzeko aukera eman zuen Jakue hotelak. Maitasunaren etxetxoak ohatze bateko logela bat —beste bat jartzeko aukerarekin— eta komuna ditu. Gainera, izarrak ikusteko leku ona da. Astronomia atsegin dutenendako, teleskopioa ere badute bertan. Antza, munduan ez dago horrelako ostaturik. Edo hori dio, behintzat, haren jabeak. Maitasuna da giltza, dioenez. Maitaleendako txoko aproposa da, eta, Aldazen esanetan, prezioa ere ororendako modukoa izanen da. «Inork ez du galduko zuhaitzean eraikitako etxetxo batean eguna pasatzeko aukera, ez dut hori gertatzerik nahi», esan du. Hala ere, hoteleko gainontzeko logelen prezioa baino garestiagoa da.
Ekologikoa ere bada maitasunaren etxea, haren sortzaileek azaldu dutenez. Jakue hotelak Green Building ziurtagiria du, izan ere. Ingurumenarekin errespetuz jokatzen duten eraikinei ematen zaie izen hori. Hotelak ez du kutsadurarik sortzen, eta, horrenbestez, zuhaitzeko etxetxoak ere ez. Ez da kasualitatea, hautua baizik: «Naturarekin harmonian bizitzea gustatzen zaigu», azaldu du Aldazek ziurtagiriaz hitz egitean. Horrelako eraikinak aurkitzea ez da erraza Euskal Herrian.
Izarren bidearen garrantzia
Donejakue bideari omenaldia egin nahi izan dio Aldazek zuhaitzeko etxea eraikita. «Enpresari onura ekarri dion bidea» baitaGarestik pasatu eta Santiagoraino (Galizia) doan hori. Erromesendako aterpetxea dute 1999tik, beraz, ondo ezagutzen dituzte bidea eta bidaiariak. Santiagora doazen bi bide batzen dira Garesen, eta ibilbidean garrantzitsua da horregatik. Bateragunea. Gainera, Caravacarako bidea ere (Espainia) bertan hasten da. Caravaca hiri santu izendatu zuen Eliza katolikoak 1998. urtean.
Aldazek lanerako gogoa eta nahia alderatu ditu Donejakue bidearekin: «Helburu bat lortzeko beharrezkoa den nahiaren adierazgarri da izarren bidea». Dioenez, nahia beharrezkoa izan dute «leku magiko» hori sortzeko.
Adar gainean eraikitako etxetxoa
Garesko Jakue hotelak logela berezi bat eraiki du, zuhaitz baten gainean baitago. Izarretatik ohi baino gertuago dagoen etxetxoa da, ez du kutsadurarik sortzen, eta Maitenea du izena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu