Santiago de Compostelako Unibertsitateko Filosofia irakaslea

Oscar Horta: «Adimen artifiziala balio espezistekin hezten badugu, baliook betikotu egingo dira»

Arriskutsua izan daiteke, edo mesedegarria: adimen artifiziala zer helbururekin erabili, halako ondorioak izango ditu animalien ongizatean. Eragin horri buruz mintzatu da Horta, Gasteizen.

Oscar Horta Santiago de Compostelako Filosofia irakaslea, apirilaren 20an, Animalia Ikasketa Kritikoak ikerketa taldearen kongresuan, Gasteizen. ANIMALIA IKASKETA KRITIKOAK / LINAS KORTA
ANIMALIA IKASKETA KRITIKOAK / LINAS KORTA
amaia igartua aristondo
2026ko apirilaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Asko dira animalien eskubideei eragiten dieten aldagaiak; aspaldikoak dira batzuk, eta berri-berriak beste zenbait. Adimen artifizialak, esaterako, nabarmen baldintzatuko ditu ez soilik gizakien bizitzak, baita gainontzeko animalienak ere. Teknologia horrek ekarriko dizkien kalteak eta aukerak landu ditu Oscar Horta Santiago de Compostelako Unibertsitateko Filosofia irakasleak (Vigo, Galizia, 1974). Joan den astean, Animalia Ikasketa Kritikoak ikerketa taldeak antolatutako Geu ere animalia kongresuan landu zuen gaia, EHUren Gasteizko campusean, eta dokumental bat ere zuzendu du berriki Alba Garcia Bernalekin batera eta Animal Ethics erakundearen laguntzarekin: AI & Animals.

Arlo askotatik ohartarazten ari dira adimen artifiziala ez dela neutrala: alborapen sexistak ditu, arrazistak... Espezistak ere bai?

Bai. Hainbat AA sistema daude: batzuk alborapen espezistekin programatzen dira jada, eta garatuenak, programatu beharrean entrenatu egiten direnak, eduki espezistak erabilita trebatzen dituzte.

Dokumentalean, AAren gakoetako bat aipatzen da: efizientzia. Kaltegarria da animalientzat?

Efizientzia maximizatzen denean, ez dituzte aintzat hartzen animaliek prozesuan jasaten dituzten sufrimendua eta kaltea. Produktibitatea areagotu daiteke, adibidez, animalien dentsitatea handituta: AAk zehatzago kalkulatu ahalko du horietako zenbat esplotatu ahalko diren eremu jakin batean.

Eragin horren adibide bat aipatzen da dokumentalean: itsas zabaleko piszifaktoria. Gaur egun oso gaitza da hura garatzea, beharginek uko egiten diotelako eremu bakartu horietan egoteari, baina AAk bide emango lioke horri.

AA sistemek prozesu asko automatizatzeko modua emango lukete, eta, hortaz, langile askoz gutxiago beharko lirateke. Jendea batzuetan nahastu egiten da: ez gara robotei buruz hitz egiten ari, baizik eta kalkulatzeko ahalmenari buruz.

Langile horiek ezabatuta, areagotu egingo litzateke ekoizpenaren eta kontsumitzaileen artean dagoen distantzia? Horrek nola eragingo lioke animaliekin enpatia izateko ahalmenari?

Jende gehienak ez du ezagutzen zelakoa den animalien errealitatea. Esaten duzunean gehienak giltzapetuta daudela leku ñimiñoetan, askotan ezin dutela ezta bueltarik eman ere, eta ez dutela sekula eguzkiaren argirik ikusten, sarritan ez dizute sinesten, inoiz ez dutelako prozesuarekin harremanik izan. Ezjakintasunari eustea eragin dezake AAk, baina, batez ere, jendeak dituen balio espezistak indartu ditzake hizkuntza ereduekin hartu-emanetan egoteak.

«Adimen artifizialak zehatzago kalkulatu ahalko du zenbat animalia esplotatu ahalko diren eremu batean»

Baina ondorio positiboak ere izan ditzake, ezta?

Bai. Adibidez, dagoeneko aplikatzen ari da ikerketan: metodo berriak garatzeko balio dezake, laborategiko animaliak erabiltzea saihesteko. Edo proteina alternatiboen garapena azkartu dezake: hala beste jatorri batekoak sortzeko —landareekin edo onddoekin egindakoak—, nola animalia proteinak sintetizatzeko, haiei sufrimendurik eragin gabe. Eta animalia basatiei ere lagun diezaieke: gaixotasunen agerraldiak atzeman ditzake, identifikatu dezake muturreko gertakari klimatikoek nola eragingo dieten, txertaketa kanpainak azkartu ditzake... Ezjakintasun tarte bat dago, edozelan ere: AAk modu askotara eraldatuko du mundua, eta gaur egun pentsaezinak zaizkigun maneretan erabiliko dugu etorkizunean; baina, horrez gain, mundua nolakoa izango den kontrolatuko du, hein batean. AA sistemak balio espezistekin hezten baditugu, baliook betikotu egingo dira.

Balizko etorkizun batean, posible da sistema horiei izaera moral bat aitortzea?

Arlo akademikoan kontu hori eztabaidatzen ari dira. Baliteke AA sistemek interes propioak garatzea egunen batean. Ez dakigu hala izango den edo ez, baina aukera txiki bat dago hori gerta dadin. Izan ere, sistema horietako batzuek helburu propioak dauzkate jada. Eta, gainera, ez dakigu zein den sentikorrak izan gaitezela eragiten duen mekanismoa: ez dakigu egitura edo funtzio biologikoekin lotuta dagoen, edo funtzionamendu analogo bat egon litekeen sistema artifizialetan.

Hori gertatuko balitz, animaliengan ondorio positiboak izango lituzke? Sentitzen eta sufritzen duten izakitzat aitortuko lirateke-eta gizakiak ez diren entitate batzuk.

Agertokirik onena izango litzateke hori. Baina gerta daiteke, halaber, gaur egun animaliei ematen zaien tratu bera ematen hastea sistema sentikor horiei. Edo agian, izaera morala aitortuko liekete AA sistemarik sofistikatuenei, baina ez hain konplexuak ez direnei.

Epe luzerako ikuspegi etikoa defendatzen duzu (longtermism). Nola aplika daiteke egoera honetan?

Ikuspegi horrek zera dio: ez garela arduratu behar soilik orainaldian edo epe laburrean gertatuko denarekin, baizik eta baita luzera begira izan dezakegun eraginarekin ere. Solasaldi hau epe luzeko ikuspegiaren adibide bat da: kontuan hartzen ari gara AA zer-nolako inpaktua izaten ari den orain, baina etorkizunean izan ditzakeen ondorioen inguruan ere hausnartzen ari gara, nahiz eta eragin horiek seguruak ez izan, haiei aurre egiteko modurik onena da-eta.

lotsabako

Epe laburreko helburu bat?
Jendeak hobeto ezagut dezala animalien errealitatea.

Luzera begirako bat?
AA sistemek begirune handiagoa izatea animaliei, etorkizunean aintzatetsi ditzaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA