Telesailak

Adin erdiko emakumeen rock aldarria

Sally Wainwright britainiarra telebistara itzuli da ‘Riot Women’ proposamenarekin. Rock talde bat sortu nahi duten adin erdiko emakume batzuen istorioa kontatzen du telesailak; nortasunari, ahizpatasunari eta ikusezintasunari buruzko tragikomedia bat da.

'Riot Women' telesailaren fotograma bat. MOVISTAR+
'Riot Women' telesailaren fotograma bat. MOVISTAR+
gaizka izagirre
2026ko martxoaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«50 urtetik gorako emakumeei buruzko abestiak kantatzen ditugu: menopausiaz, ikusezin izateaz… The Clash taldea haserre zegoela uste bazenuen, ikusiko duzu gu entzuten gaituzunean». Riot Women telesaileko protagonistetako batek denda bateko saltzaileari botatzen dion esaldiak ezin hobeto laburbiltzen du telesailaren tonua eta mamia: amorrua, umorea eta aldarrikapena, erritmo berean. Eta guztia tonu atsegin batean, drama arintzen duen feel-good giroan.

Hebden Bridge herrian (Yorkshire, Erresuma Batua) girotuta dago istorioa. Lainoaren eta adreiluzko etxeen artean, bost emakume elkartuko dira: irakasle erretiratu bat, polizia ohi bat, pub baten jabea, emagin bat eta lapur izandako bat. Guztiak 50 urtetik gorakoak, eta guztiak bizitzaren bihurgune batean. Lan arazoak, seme-alaba urrunduak, zaindu beharreko gurasoak, dibortzioak, maitasun hautsiak eta menopausiak dakartzan aldaketa fisiko eta emozionalak. Urteetan pilatutako isiltasun horretatik abiatuta, punk-rock talde bat sortu eta tokiko talentu lehiaketa batean parte hartzea erabakiko dute. Musikak, ordea, ez du soilik herriko monotonia apurtuko; barruko hormak ere eraitsiko ditu. Esperientzia horiek guztiek zalantzan jarriko dituzte haien harremanak, ametsak eta anbizioak, baita bizitzan duten rola ere —zaintzaile, alaba edo ama izatetik harago—.

Sally Wainwright da telesailaren sortzailea —Happy Valley lanaren sortzailea—, eta bere ohiko begirada zorrotz eta enpatikoa dakar oraingoan ere. Aktore zerrenda sendoa da: Joanna Scanlan, Rosalie Craig, Lorraine Ashbourne, Tamsin Greig eta Amelia Bullmore. Zaila da bakarra nabarmentzea; elkarrekin ehuntzen dute indarra, eta keinu txikietan eta isiluneetan dir-dir egiten duen lan korala da.

Hasieratik, musikak arnasa emango dio istorioari. Abestiek beste pertsonaia baten modura funtzionatuko dute. Gainera, xehetasun esanguratsu bat: aktoreek euren instrumentuak jotzen ikasi zuten, eta pantailan ikusten diren emanaldiak zuzenean filmatu zituzten. Emakume helduek jasaten duten ikusezintasunaren aurkako oihu bihurtuko dira kantuak, haserrea eta frustrazioa soinu bihurtuta.

Baina telesailaren indargunerik handiena ez dago soilik musikaren traman, baizik eta emakume horien eta haien ingurukoen gizatasunean. Pertsonaien xehetasunetan eta aktoreen artean uzkurtu eta hedatzen den espazio intimo horretan aurki daiteke Riot Women-en benetako oihartzuna. Horrexek bihurtzen du, azken finean, berezi: oholtzan entzuten denak baino gehiago, bihotzean geratzen den soinuak.

Izenburutik, arrastoak

Riot Women izenburuak berak hainbat arrasto emango ditu sei ataletan barrena nondik norakoak zein izango diren ulertzeko. 90eko hamarkadaren hasieran Seattle inguruan piztu zen Riot Grrrl mugimenduarekin egiten du hitz jokoa; rockaren eszenan nagusi ziren jarrera sexistak auzitan jarri eta feminismoa punkaren energia gordinarekin uztartu zuen korronte harekin, hain zuzen. Mugimendu hartatik sortu ziren, besteak beste, Bikini Kill, Bratmobile eta Slant 6 bezalako taldeak; eta haren orbitan aipatu ohi da PJ Harvey ere, nahiz eta ibilbide propio eta berezia landu zuen hark. Izenburuak, beraz, oihartzun historiko eta musikal hori dakar gogora, baina, aldi berean, protagonisten amorrua eta inkonformismoa azpimarratzen du.

FITXA

  • Sortzailea. Sally Wainwright. 
  • Herrialdea. Erresuma Batua.
  • Urtea. 2025.
  • Aktoreak. Joanna Scanlan, Rosalie Craig, Lorraine Ashbourne eta Tamsin Greig.
  • Non ikusi. Movistar+.
  • Atal bakoitzaren iraupena. 50 minutu.
  • Generoa. Drama, musika.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA