Mari Carmenek Maritxuri pasatu dio baloia, eta Maritxuk, berriz, Anari. Anaren tantoa. «Ue!» ozenak eta txaloak entzun dira Hernaniko (Gipuzkoa) kiroldegian. 10:00ak dira, eta buru-belarri dabiltza hartubolean entrenatzen. Boleibolean oinarritutako kirola da. Bi talde entrenatzen dira, astearte eta ostegunetan. 09:30etik 10:30era lehenengo taldeak eta 10:30etik 11:30era bigarrenak. 60 urtetik gorakoak dira jokalari guztiak, eta «sasoi betean» daude.
«Boleibola da berez, baina egokitua». Hala definitu du hartubol kirola Eusebio Lizarazu entrenatzaileak. «Boleibolean hiru pase egiten dira, baina baloia eskuetan hartu gabe, eta, gero, sareaz bestaldera jaurti behar da baloia. Hartubolean berdin egiten dugu, baina hiru pase horietan eskuetan har daiteke baloia».
Ez da eurek asmatutako kirola. Izan ere, Mexikon sortu zen hartubola, eta hori Euskal Herrira ekartzea ideia ona izan zitekeela pentsatu zuen entrenatzaileak: «Nik bideo batzuk erakutsi nizkien, Mexikon nola aritzen ziren ikusteko. Hemen gauza bera egin genezakeela esan nien, eta pozarren hartu zuten proposamena».
«Tira, segi!», egin die oihu entrenatzaileak. «Hitz egin zuen artean!». Irriak dira nagusi kiroldegian, eta oihartzun egiten dute lau paretako espazioan. «Gustura etortzen direla esango nuke. Behin etorri ziren, eta jarraitzen dute etortzen; seinale ona da hori». Ez da, ordea, tanto, txalo eta festa izaten soilik. «Ez pentsa!, lehia ere badago», azaldu du Lizarazuk. Eta horixe baieztatu du segidan entzun den oihuak: «Ez du balio! Marratik kanpo zegoen baloia!».
10:30ak dira puntuan. Amaitu da lehen taldearen entrenamendua. «Hau da hau izerditzea!», esan du Maritxu Olariagak, eskuarekin izerdia kenduz bekokitik. Entrenamenduetara pozik joaten direla adierazi dute denek. Mari Carmen Garinek dio kirola egiteko aukerari ezin izan ziola eskapu egiten utzi: «Gaztetan ez genuen kirola egiteko aukerarik izan kasik, eta orain ezin genuen aukera alferrik galdu». Sozializatzeko «ederki» datorkiela jakinarazi du, eta baita entrenamenduetara gogotsu joaten direla ere: «Ez dakit zenbat iraungo digun gogo honek, baina eutsiko diogu gogoa joan artean».
Arrazoi beragatik entrenatzen da Flora Martin. 82 urte ditu, eta sasoi betean dago hartubolean aritzeko. Azaldu du duela urte batzuk ebakuntza bat egin behar izan ziotela, baina hori ez omen du ariketa egiteko eragozpen.
Iritsi da bigarren taldea ere. Hasi dira berokiak kentzen eta entrenatzeko prestatzen. «Gaur oso nekatuta nator!», esan du bigarren taldeko kide Sofia Acostak, baina, hala ere, «gogotsu» datorrela baieztatu du. Taldeko elastiko urdina jantzi, eta irten da zelaira.
Eskuekin ez, baina hankekin darabilte baloia walking football-ean.«Futbola da baina baina berezitasun batekin: ezin da korrikarik egin». Diego Feijooren hitzak dira, Athletic Fundazioko walking football-eko entrenatzailearenak. «Horrela, ahal den neurrian, lesioak saihesten saiatzen gara». Gainera, jokalariek ezin dute baloia buru gainetik jaurti, eta kontaktu fisikoa ere zigortzen du kirol horrek.
50 urtetik gorako jendeari dago zuzenduta, eta bi taldetan daude banatuta horiek ere: alde batetik, 50 eta 60 urte bitartekoak, eta bestetik, 60tik gorakoak: «Beraien artean fisikoki desberdintasun nabariak ikusten ditugulako banatzen ditugu».
Ohitura osasungarriak
Entrenamendua hasi aurretik, goitik beherako beroketak egiten dituzte: «Luzaketak eta gihar mugimenduak». Baloia hanketan hartu eta pare bat beroketa egiten dituzte gero, baina Feijook azaldu du partida bat jokatzeari eskaintzen diotela denbora gehien.
Adineko pertsonen artean gorputz jarduera eta ohitura osasungarriak sustatzea ditu helburu walking football-ak. Feijook azaldu du gustura entrenatzen direla jokalariek, asko laguntzen baitie sozializatzen: «Jokalariek izugarri gozatzen dute proiektu honekin. Hastapenetatik gaur arte asko hazi da gure proiektua, eta gero eta jokalari gehiago ditugu gure artean». Sozializatzen ez ezik, autoestimua hobetzen laguntzen diela baieztatu du entrenatzaileak, «baita oreka emozionala, kontzentrazioa eta frustrazioaren kudeaketaren hobekuntza prozesuan ere».
Ez da futbola praktikatzea soilik. Izan ere, kirol horrek gorputzean zein onura edo kalte sor ditzakeen aztertzen ari dira EHUko bi ikerlari, Iraia Bidaurrazaga eta Susana Gil: «Kirol hau osasuna hobetzeko erreminta egokia dela frogatzea zabaltzeko justifikazio bat izango litzateke». Walking football-ak jokalariengan izan ditzakeen arriskuak ere aztertzen dituzte; lesioak, esaterako: «Etorkizunerako prebentzio planak diseinatu eta ezartzea da gure asmoa».
Feijook azpimarratu du adineko jendearekin kirola egiteko «premia» zegoela: «Adin batetik aurrerako jendeak uste du futbolean aritzeko aukera amaitu zaiela». Walking football-ak, hain zuzen, erakusten du ez dela hala: «Beren espazioa aurkitzen lagundu diegu». Hala ere, etsipenez mintzo da Feijoo, jokalarien gehiengoa gizonezkoa baita: «Gustatuko litzaiguke emakume gehiago animatzea. Gure taldean denak dira gizonak, eta Plentzian [Bizkaia], adibidez, pare bat neska animatu dira soilik».
Adina ez da gozatzeko muga
Kirolak adinik ez duela erakusten dute hartubolak eta 'walking football'-ak. Boleibola eta futbola dira, baina egokituta daude; adineko jendearentzat diseinatuta baitaude. Sozializatzeko, autoestimua hobetzeko eta oreka emozionala kudeatzeko bidea zabaltzen die jokalariei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu