Goizeko lehen argiarekin jai giroa sumatzen da jada Gasteizko kaleetan. Andre Maria Zuriaren plazako ertz batean, oinetako zaharrak garbitzen ari den gizonezko batek irribarre egiten du. «Gaurko beti garbitzen ditut oinetako hauek, dantza egiteko prest egon behar dut eta!», esan dio paseatzen ari den bikote bati. Antza, ez da bakarra prestaketa lan horretan dabilena: ordurako dozenaka beterano daude euren zapi eta kamiseta historikoak jantzita, emozioz beterik. Urtero bezala, haien energiaz ernatu dira Gasteizko kaleak, haien eguna ospatzeko: Blusa eta Neska Beteranoen Eguna ospatzeko.
Egitaraua
Egun honetan, tradizioa, oroitzapenak eta jaiaren esentzia batzen dira berriz ere. Protagonistak argi daude: hamarkadetan jaien zama eraman dutenak, blusa eta neska beteranoak. Gehienek beren talde historikoen zapiak lepoan jarrita ekin diote egunari; batzuek Zeledon irakur daitekeenarekin, beste batzuek beterano hitz nabarmenarekin. Eta ez gutxi jada desagertutako talde zaharren ikurrak jantzietan eramanda agertu dira, belaunaldi oso baten memoria isila bizkarrean dutela.
Eguna goizeko bederatzietan hasi da, San Migel elizako mezarekin. Beterano askok, urtero bezala, barrura sartzea erabaki dute, isiltasunean entzun eta oroitzeko; baina beste askok plazan geratzea hobetsi dute. «Ez nago ni orain apaizaren sermoia entzuteko», esan dio irribarrez blusa beterano batek lagunari, plazako giroan, lagunen arteko berriketan murgilduta. Edozein aukera dela, errespetua eta adiskidetasuna nagusi izan dira goizaldeko une horietan.
Atera dira elizatik, eta balkoia okupatu dute, urteroko erritualari ekiteko. Txapela eta zapia ongi jarrita eta irribarrea ahoan, urrats geldoekin baina tinko abiatu dira Andre Maria Zuriaren horma hobirantz. Han, isilune hunkigarri baten erdian, neska beterano batek hartu du hitza, ahots sendoz: «Gaur, ez daudenak eta egon ezin direnak oroituko ditugu». Hitzak airean geratu dira segundo batez, plazako isiltasunak estalita. Ingurukoek burua makurtu dute; batzuek begiak itxi dituzte, eta beste batzuek argazki zaharren oroitzapenei heldu diete. Hunkidura nabaria izan da.
Lore eskaintza egin eta aurreskua dantzatu dute jarraian; pauso dotoreek eta txistularien doinuek plaza bete dute. Apurka-apurka, isiltasunak lekua utzi die berriz txarangaren erritmoari eta jendearen algarei.
Eta festa
Festa bere onera itzuli da gero. Orduan azaldu da Josune Garcia, kafea eta pastak eskuan, irribarrez eta lagunen artera bidea eginez: «Gure eguna da, gozatzeko eguna. Gureak ere badira jaiak, eta dena emango dugu».
Esan eta egin. Txarangaren doinu biziekin, Plaza Berrian elkartu dira denak. Bertan, Gastronomia Lehiaketa eta Arabako Errioxako ardoen dastaketa izan dira protagonisten artean. Eguraldia lagun, giro bikaina sortu da, adin guztietako jendearentzat. Izan ere, egun honek ez ditu beteranoak soilik hartzen kontuan: haurrentzat puzgarriak eta apar festa ere egon dira, eta bertso saioa eta hainbat kontzertu, gustu guztietarako.

Posta kaletik abiatuko dira gero, ohiko joan-etorriko paseotxoa eginez, jende artean oihu eta txalo artean. Antzinako taldeen zapiak daramatzaten beteranoei esker, kaleak historiaren eta jaiaren arteko zubi bihurtuko dituzte. Bazkaltzera joango dira ondoren, garai bateko tertulia giroari eutsiz. Txoripanak, ardo ona eta irribarreak nagusitzea espero da, baita festa are gehiago piztea ere. Iluntzean, dantzaldia hasiko da berriro, txaranga eta taldeen musika lagun izango dituztela.
Beteranoak, zaharrago baina alaiago, belaunaldien arteko zubi lana egiten ari dira berriz. Beteranoen eguna baino gehiago da: adinari desafio egitea, bizitzari gorazarre. Garciak argi utzi die gazteei: «Adina? Adina zenbaki bat besterik ez da. Espiritu gaztea daukagu guk!».