Adio kartoizko familia maiteari

Sanferminen hondarrean, erraldoi eta buruhandien konpartsari agur esan diete ehunka lagunek Iruñean. Lehenbiziko aldiz, Gazteluko plazan egin dute dantzaldi nagusia, haurren txalo artean.

Haurrak Joshemiguelerico erraldoia agurtzen, atzo. I. URIZ / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2023ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Kaleak lepo, erraldoien eta buruhandienganako pasioak iraungi ezinezkoa ematen du Iruñean, baita zehazki esplikatu ezinezkoa ere. Nolatan pizten dute halako maitasuna? Nolatan halako zirrara? Kontua da hala dela, erraldoiek txora-txora eginik dituztela umeak, baina helduak ere bai. Konpartsaren azken ibilaldi eta dantzaldietan, agur oihu gehienak ahots zolikoak izan ziren atzo; egia. Baina helduetan ez zen sumatzen aparteko nagirik. Haiek ere pozik ziren hor. Ongi dakite, gainera, eginbehar inportantea dutela datozen egunotarako: aurtengoak bukatu direla esplikatzea.

Ohitura denez, konpartsak 13:00etan egin du agur ekitaldia. Aurten, baina, Gazteluko plazan aritu dira, lehenbiziko aldiz. Ordea, 13:00ak erlojuan, eta deus ez da ikusten Gazteluko plazan, jendetza ez besterik. «Non daude?», aritu dira elkarri galdezka hainbat herritar. «Hara! Marian! Hortxe!», oihukatu du gizon batek, haur bat besotan. Argitu da misterioa: Udaletxe plazan daude.

Bete-betea dago plaza. Erraldoiak erdialdean, bakoitzak bere bikotekidea parez pare duelarik, eta, horien artean, Dugunako taldeko dantzariak, alai eta dotore, musikari segika. Azken dantza bukatutakoan, txalo zaparrada batek hartu du plaza. Dirudienez, iruindarrak hasiak dira azken egunotako tenperatura altuetara ohitzen, asko dagoeneko kapaz baitira haizemailea eskutan dutelarik ere txalo egiteko. Baita haurrak lepoan hartuta dituztela ere.

Bukatu da Udaletxe plazako dantzaldia, eta, orduan bai, konpartsak Gazteluko plazara joan dira, errenkadan. Zaldikoek ireki dute bidea: «Bagoazela!».

Zeharkatu dute Txapitela kalea, eman dute itzuli erdia Gazteluko plazan, eta agertokiaren azpian pausatu dira erraldoiak.

Urduri antzean dira haur asko, izuturik. Baina soinean dituztenei begiratu baizik ez da ikusteko zer neurritan maite duten konpartsa.

Adibidez, kiosko ondoan diren bi umek pertsonaia guztien irudiak eta izenak daramatzate kamisetetan. Lotsa dela eta ez dela, ez dira ausartu beren izenak ahoskatzera, baina lepoko zapiek argitu dute informazio hori, nahigabean. Oihan eta Aiur izenak dituzte brodaturik, hurrenez hurren. Zortzi erraldoien artean gustukoen zein duten galdetuta, ziztuan erantzun du Aiurrek: «Denak! Denak asko!». Ordea, kilikei dagokienez bai, bi lagunek azaldu dute Caravinagre eta Barbas maite dituztela gehien. Zein ez duten maite ere sobran dakite: «Napoleon!».

Muxuak elkarri eta besteei

Uztailaren 14koan, Maider dabil Aiur eta Oihanen arduradun. Pozik ikusi ditu haien irriak, saltoak, eta aireratutako muxuak. Orain, baina, atseden garaia hasiko da. «Bai konpartsarentzat, bai guretzat. Egunero ibili gara hara eta hona. Datorren urtean, gehiago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.