Badok.info euskal kantagintzaren biltegi digitalari erreparatzea besterik ez dago emakumezko kantarien edo musikarien proportzio txikiaz jabetzeko. 175 talde edo bakarlariren biografiak daude bildurik, eta horietatik hamalau baino ez dira egiletzat emakumeak dituztenak: Alaitz eta Maider, Amaia Zubiria, Anari, Erlak, Estitxu, Jauko Barik, Labrit, Lourdes Iriondo, Maddi Oihenart, Maite Idirin, Maixa ta Ixiar, Miren Aranburu, Olatz Zugazti eta Sorkun. Zalantzarik gabe, azken urteetan dezente ugaldu da emakumezkoen presentzia musika agertokietan, baina oraindik ere emakume gutxi ikus daitezke oholtzetan barrena. Pixkanaka aldatzen ari da errealitatea, baina oso pixkanaka. Begi bistakoa da: agerian segitzen du zailtasunak.
Amaia Zubiria kantariak lehengo eta oraingo garaiak ditu ezagun, eta hausnarketa bat baino gehiago egin izan du emakumeek musikan duten tokiaren inguruan. Mahai inguru batean halaxe esan zuen: «Oholtzaren gainean garai batean baino askoz emakume gehiago ikusten da, eta horrek izugarri pozten nau. Neronek ere nabaritu dut aldaketa. Estilo aniztasun handia dago, gainera: rockean ari dira, folkean, klasikoan... Nortasun handiko emakumeak dabiltza musikagintzan, eta entzule oso heterogeneoa dago. Beldurrak gainetik kendu eta aurrera jo behar dugu». Eta, Zubiriari kasu eginez, aurtengo udan emakumezkoen hainbat talde ibiliko dira plazaz plaza Euskal Herrian barrena. Ezten Giro eta Dhuna taldeek lehen aldiz izango dute esperientzia hori; Amaren Alabak taldeak, berriz, hamaikagarrenez.
Sei emakumez osaturiko taldea da Amaren Alabak; 1999. urtean sortu zen, eta, orduz geroztik, euren ahotsak zabaltzen ari dira. Jean-Michel Bedaxagarrek ikusgarri bat sortu zuen: Ama ikusgarria. Aurkezpen ekitaldirako, neska gazte batzuk bildu zituen, kantu batzuk abesteko. Hala, haren alabari agindu zion lagun kuadrilla bat biltzeko eta entseguetan hasteko. Halaxe egin zuten; tartean zen Maika Etxekopar. «Gogoan ditut oraindik gure hastapenak. Bikain joan zitzaigun lehenengo emanaldi txiki hura, eta taldearekin segitzea erabaki genuen». Halaxe heldu ziren Zuberoako Kantu Txapelketara. Heldu bakarrik ez, irabazi ere egin zuten. «Horrek izena eman zion gure taldeari, eta herrietatik deika hasi ziren». Hamalau urtean, bizipen ugari izan dituzte.
Talde gazteagoa da Ezten Giro. Erromeri giroan ibiltzen da. Lau neska dira; guztiak ere 20 urte ingurukoak. «Hasieran, trikitia eta panderoarekin soilik ibiltzen ginen, eta halaxe otu zitzaigun talde bat sortzea, urtarrila aldera. Gitarra jole bat gurekin hasi zen, eta, ondoren, bateria. Kontzertu ugari ditugu aurtengo udan», azaldu du Maitane Unanue taldeko trikitilariak. Neskez osatutako taldea dela nabarmen geratzeko, izena bera ere aproposa jarri zioten: «Normalean, izenek taldeari buruzko informazioa ematen dute. Guk Ezten hitza jartzea erabaki genuen. Hitz hori neskei hika hitz egiteko modua da». Orain artean, gizonezkoen taldeetan ezagutu izan dira gehienbat halakoak: Ze esatek! —eta ez, Ze esaten!—, adibidez.
Amaren Alabak eta Ezten Giro taldeekin konparatuta, musika lasaiaren aldeko apustua egiten du Dhuna talde goierritarrak. Gehienbat, folk estiloa lantzen du. Irati Badiola bakarlari gisa hasi zen kontzertuak ematen, baina oholtza gainean beste batzuen beharra sentitu zuen, eta hargatik gehitu zitzaizkion Nerea Iztueta eta Ane Arrieta. «Hirurok lagun handiak gara aspalditik, eta beti elkarri esaten aritzen ginen talde bat sortu behar genuela. Azkenean, bete dugu hitza, eta emanaldi batzuk egin ditugu jada», esan du Arrietak. Beste hainbat ere badauzkate agendan. «Hori bai, orain kanta berriak sortzen zentratuko gara gehienbat».
Bistan denez, hiru taldeak neskez osaturik daude, eta gertutik dakite emakumeek musikan duten tokia nolakoa den. Hitz ezberdinak erabilita, baina guztiek ere gauza bat nabarmentzen dute: emakumeak izateagatik ez dutela trabarik sentitu oholtza gainean aritzeko, baina berdintasunaren bidean gauza asko daudela egiteko. «Hori ukaezina da. Kontzertu bat daukagunean, sarritan entzun behar izan dugu hiru neska datozela musika jotzera, ez talde bat. Hori gizonezkoekin ez da gertatzen, edo ez zait iruditzen, behintzat. Eta, emakumeok ere, gizonak bezala, musikari moduan joaten gara kontzertuetara, ez emakume moduan», azaldu du Arrietak.
Askotan, bigarren mailan
Halakorik entzutea ez zaio inoiz tokatu Etxekoparri, baina beste hainbat gauza bizi izan ditu: «Kantaldietan gizon koruekin aritu behar izaten dugunean, automatikoki gertatzen da haiek izaten direla talde nagusia, eta gu bigarren mailakoak. Gizonezkoak direlako edo, gu baino garrantzitsuagotzat jotzen dituzte beti». Unanuek nabarmendu duenez, komentario batzuk entzutea tokatu zaie dagoeneko: «Denbora gutxi daramagu talde gisa, baina ohartu izan gara arraro begiratzen digutela sarritan, oholtza gainean lau neska gaudelako. Nire iritziz, neskez osatutako talde bat egitea ez dago gaizki ikusia, baina oraindik ere arraro egiten da». Trikitia eta panderoarekin soilik ibiltzen zirenean, ez zitzaien halakorik gertatzen. Taldea osatu dutenean, berriz, galdera desatseginen bat ere egin izan diete. «'Ongi moldatzen al zarete guztiak neskak izanda', galdetu izan digute», adierazi du Unanuek.
Kontzertuetako giroa oso maskulinoa dela emakume musikari batek baino gehiagok esan izan du, eta horrekin bat dator Etxekopar. Hori bai, egoera aldatzen ari dela uste du: «Musika aldetik, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko nahasketak aberastasuna ekarri du. Ahotsarekin gertatzen da hori: gizon eta emakume bat elkarrekin abesten entzutea zoragarria da, nahiz eta guk ez dugun halakorik probatu». Teknikoen alorrean ez da halakorik gertatzen: «Egia da, bai. Hainbeste urte daramatzat kantari, eta oraindik ez zait emakume teknikorik egokitu. Badirudi soinu egokia jartzeko eta argiak antolatzeko gizonezkoek bakarrik balio dutela».
Tekniko lanetan aritzeko bakarrik ez, hainbat musika tresna jotzeko ere emakumeek mugak dituztela pentsatzen du jende askok, Unanueren esanetan. «Trikitia eta panderoa jotzen neskak ikustea ohikoa da, baina bateria jotzen? Zenbat emakume ikusten dira bateria jotzen? Ematen du indarra erabili behar dela bateria jotzeko eta gizonezkoek soilik balio dutela horretarako». Bada, Ezten Giroko bateria jolea emakumea da. «Taldea osatzeko bateria jotzen zuen norbait aurkitzea falta zitzaigun. Iragarkia egunkarian jarri genuen, eta neska batek deitu zigun. Guk geuk ere ez genuen halakorik espero, edo, behintzat, ez da emakumearena burura etortzen den lehenengo irudia, baina sekulako poza hartu genuen dei hori jasota», aitortu du Unanuek.
Dhuna, letrak sortzen
Amaren Alabak eta Ezten Giro taldeek ez bezala, Dhunak kantu eta letra propioak sortzen ditu. Kritika egiten diote guztiari, eta hainbat alorretan sartzen dira letrak idazteko garaian: maitasunean, itxurakerian... Baita berdintasunean ere: «Argia izeneko kantu bat badaukagu, eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna aldarrikatzen dugu».
Etxekoparren esanetan, lorpen txikiak erdiesten ari dira emakumeak musika munduan eta, konformatu gabe, bide berean jarraitu beharra dute: «Emakumeok ezkutuan pairatzen dugun guztia ozen oihukatzeko baliabide ezin hobea da musika, eta hori aprobetxatu behar dugu. Eguneroko zailtasunak atzean uzteko garaia dugu».
Emakumeak plazan (eta IV). Musika
Agerian segitzen du zailtasunak
Emakume musikariak gero eta gehiago dira Euskal Herriko plazetan; pixkana aldatzen ari da errealitatea, baina berdintasunaren bidean gauza asko geratzen dira egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu