Agoiztarrak, jai eta alai

Agoizko bestetako bigarren eguna izanen da gaur.Urteroko erremonte eta esku pilota partidekin, bestak pilotalekua hartuko du

Iruñea
2014ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Agoiztarrek ekin diete bestei beste urte batez: txupinazoaren eztandarekin hedatu zen jaia herriko plazatik, herriko karrika guztietara. Gauean dantzatu ostean, berriz, gaita eta txistu dianen doinuarekin hasiko da gaurko eguna, goizeko bederatzietan.

Dianak akitzean, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak hartuko ditu Agoizko karrikak. Aitzitik, herriko erraldoiak ez dira gaur bakarrik egonen; izan ere, Tutera, Aurizberri, Buztintxuri, Txantrea eta Arrotxapeko konpartsak ere bidelagun izanen dituzte. Buruhandiek ere lanik aski izanen dute, gaztetxoen zirikak jasan beharko baitituzte.

11:30ean, Mikel Deuna, herriko patroiaren omenezko prozesioa hasiko da. Mariano Garcia Musika Bandak, Agoizko Milaur gaitari taldeak, dantzari txikiek eta Erraldoi zein Buruhandien Konpartsak hartuko dute parte. 12:00etan, meza emanen dute herriko elizan, San Miguel abesbatzaren ahots finek lagunduta.

Bazkal aitzinetik, euskal dantzen unea izanen da Nafarroa Beherea plazan. Emanaldia Agoizko dantza taldeak eskainiko du; tartean, tokiko bertako txorizo eta ardo banaketa izango da. Ordu berean, dianekin ernatu ez diren gautxoriak ernatzeko, Bilaketa txarangak musikaz eta dantzaz blaituko ditu herriko karrikak.

Aurten ere, gaztetxoek ikastetxeko kiroldegian antolaturiko jolastokian gozatu ahalko dute. Besteak beste, puzgarriak, ohe elastikoak eta auto pedaldunak izanen dira. Horrez gain, bost urte arteko txikientzako ludoteka antolatu dute. Bada, adin guztientzako lekua izanen da bestetan. Horrekin aski ez dutenentzat, primerako aukera izanen dute parkeko pasealekuan, haurrentzako motor lasterketa izanen baita han.

18:00etan, pilota besta izanen da Toki Eder pilotalekuan. Hasteko, Nafarroako IX. Erremonte txapelketako final-aurrekoen ligako partida jokatuko da. Jarraian, Mikel Otano eta Ibai Barrikarti Espainiako erremonte federazioen arteko txapelketako irabazle eta irabazle ordea omenduko dituzte. Ondoan, esku pilota profesionalaz gozatzeko beta ere izanen da: Patxi Eugi eta Mikel Goñi, Juantxo Koka eta Peio Martinez de Eulateren aurka arituko dira.

Iluntzean, dantzaldia eskainiko du Drindots orkestrak Nafarroa Beherako plazan. Alta, 21:30ean orkestrak tartea eginen die Agoizko gaitari eta txistulariei; izan ere, larrain dantza dantzatzeko ordua izanen baita. 21:00etan, su bestaren eta zezensuzkoaren burrundarak, besta egiteko ordua dela ohartaraziko die parrandazaleei.

Gaua ongi hasteko, Irindegian gazte disko besta eginen dute, eta gero, Drindots orkestrak dantzaldiari jarraipena emanen dio, goizeko ordu txikietara arte. Gaua akitzeko, Bilaketa txarangarekin karrika dantza eginen dute herrian barna. Bihar, txupinazo txikiarekin batean, haurren eguna hasiko da. Eguerdian, herri bazkaria eginen da Nafarroa Beherea plazan. Bazkalondoan, dantza giroa jarriko du Modestok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.