'Euskaldunak Australian' erakusketako komisarioa

Esther Korta: «Agur esatea beti da gogorra; areago etxetik 15.000 kilometrora zoazenean»

‘Euskaldunak Australian’ izeneko erakusketa ibiltaria Zarauzko Photomuseumen egongo da maiatzaren 26ra arte. Korta komisarioak azaldu duenez, «erakusketa guztiz hunkigarria da».

Esther Korta erakusketaren komisarioa, Galdakaon (Bizkaia). JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Esther Korta erakusketaren komisarioa, Galdakaon (Bizkaia). JAIZKI FONTANEDA / FOKU
enekoitz telleria sarriegi
2024ko maiatzaren 16a
05:00
Entzun

Euskara irakaslea, ikerlaria eta Euskal Australiar Elkarteko kide eta idazkaria da Esther Korta (Ea, Bizkaia, 1966). Euskal tradizioen, kulturaren, toponimiaren eta diasporaren esparruan hainbat lan egindakoa da. Euskaldunak Australian erakusketa ibiltariaren komisarioa da, eta joan ziren haietako baten alaba.

Gertukoa egiten zaizu emigrazioaren gaia, ezta?

Aita kanabera ebakitzailea izan zen Australian, eta amaren familia ia dena Ameriketara joan zen artzain: birraitona lehenengo, aitona hurrena, eta osaba ere bai —Idahon bizi da gaur egun, AEBetan—.

Zer ikusiko du erakusketara doanak?

Helburua da, Australiako diasporaren berri emateaz gain, sentimenduak eragitea. Erakusketa guztiz hunkigarria da. Batez ere, han izan eta oraindik bizi direnentzat, eta haien ondorengoentzat. Baina edonorentzat izan liteke hunkigarria, argazkiak mimoz aukeratuta daudelako, eta hunkigarriak direlako.

Nola dago antolatuta?

Hamar panel dira. Ibilbide bat da Australiako diaspora hori ezagutzeko, hara joan ziren gizonek eta emakumeek zer bizimodu izan zuten jakiteko.

Ez ote da ezezagunagoa Australiara joandakoen historia Ameriketara joan zirenena baino?

Hala da. Ameriketakoa asko ikertu da, eta asko azaleratu. Australiakoa ere ikertu da, baina ezkutuagoan-edo gelditu da, eta ez da horrenbeste zabaldu. 

Australiara abiatutako ontzietako bat. 31 eguneko bidaia zuten aurretik. EUSKALDUNAK AUSTRALIAN
Australiara abiatutako ontzietako bat. 31 eguneko bidaia zuten aurrean. EUSKALDUNAK AUSTRALIAN
Zuen lana hori izan da?

Euskal Australiar Elkartea sortu genuen lehenengo. Eusko Jaurlaritzarekin eta unibertsitatearekin elkarlanean, handik bueltatu zirenen ahozko lekukotzak batu genituen gero —nire aitarena, tartean—. Asko joan egin zaizkigu, baina lekukotza horiek guztiak gordeta daude artxiboan. Dokumentuak eta argazkiak ere bai. Pentsatu genuen: «Hau ezagutzera eman behar dugu». 

Irudi eta istorio batzuk gogorrak ere badira.

Agur esatea beti da gogorra, eta etxetik 15.000 kilometrora zoazenean, are gogorragoa. Gazteak denak, eta kanabera ebakitzaileak gehienak. Soldadutza egin gabe asko, 18 urterekin eta inoiz itsasontzi bat hartu gabekoak. Baserriko lana ezagutzen zuten, baina ezer gutxi gehiago. Eta hizkuntzaren muga. Paparrean jartzen zieten paper bat erantsita: «Hau Queenslandera, bestea Melbournera...». 31 eguneko bidaia itsasontzian. Bueltatzeko asmoz bai, baina bi urte gutxienez han egitekotan, eta etorkizun jakinik gabe.

Hori arintze aldera sortu zen Marta plana?

Plan bat baino gehiago egon zen. Egon zen, nolabait, emigrazio ofizial bat gobernu batzuen artean adostua, baina modu paraleloan antolatu zen beste emigrazio bat ere: familiarena, eta emakumezkoena. Natalia Ortiz ikerlariak hori jaso zuen Marta plana deitutako ikerketa horretan. Erakusketan ere badago horri buruzko panel bat.

Kanabera batzaile bat, lanean. EUSKALDUNAK AUSTRALIAN
Kanabera ebakitzaile bat, lanean. EUSKALDUNAK AUSTRALIAN
Bakardadea da migratzaileen etsairik gogorrena?

Bakardadea beti sentitzen da etxekoen babes hori ez daukazunean. Baina Ameriketako diaspora eta Australiakoa konparatuz gero, Ameriketako bakardade hori gogorragoa izan zen, Australiakoak beti aritu zirelako taldean lanean, euskal herritarrak elkarrekin, eta lanik ez zegoenean ere elkartuta, larunbatetan-eta, hoteletan edo hango baserritarren etxeetan. Hori da diferentzia.

Australiakoak kanabera ebakitzaileak ziren gehienak?

Eta gure elkartearen irudian ere horregatik agertzen da matxete bat. Eskuz ebakitzen zuten kanabera, eskuz kargatu, eskuz ipini errailak, eta eskuz kargatu bagoiak. Lan gogorra eta etenik gabea ei zen: beti eman eta eman, atsedenik gabe. Hitzaldietara matxete horietako bat eramaten dut.

Izan zara han?

Begira: aita eta haren hiru anaia joan ziren. Etxean bizi izan gara Australian bizi izan bagina bezala. Baina ez naiz inoiz egon. Joango naiz, erronka hor daukat.

LOTSABAKO

Erakusketako argazki bat? Kanabera ebakitzaileena: zortzi-hamar gizon.

Erakusketako pertsonaia bat? Aita. Bizimodu gogorra izan zuen. Hara joan zirenengatik gara hemen asko gaur garena.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.