Haritz Harregi. Musikaria

«Agur, hamar urte ez baitira alferrik igaro eta gure musika gustua aldatu egin baita»

Sen taldea duela hamar urte sakabanatu zen, hiru disko plazaratu ondoren. Aurten berriz elkartzea erabaki dute, eta dozena bat kontzertu eman dituzte. Gaur egingo dute azkena, betiko agurtzeko.

Pop-rock indartsu eta trinkoa egin du Sen taldeak. Izarrak berri kanta egin dute agur esateko. BERRIA.
Edu Lartzanguren.
2013ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Musikaria, ekoizlea eta soinu teknikaria da Haritz Harregi (Usurbil, Gipuzkoa, 1974). Sen taldea sortu zuen 1990eko hamarkadaren amaieran. Hiru disko argitaratu zituzten: 2000. urtean, Sen; 2002an, Gaizki esanak…; eta, azkena, 2004an, Sen + Hendrik Roever akustikoa. Taldea sakabanatu eta hamar urtera berriz elkartu da laukotea aurten. Gaur emango dute azken kontzertua, betiko agur esateko, 23:00etan, Aginagako (Usurbil, Gipuzkoa) eliza zaharrean. Ondoren, Odolaren Mintzoa disko jartzailea arituko da, egunsentira arte.

«Kaixo berriz, eta agur» esan duzue aurten. Hamar urteren buruan berriz elkartu zinetenean argi zenuten betiko adio esateko izango zela?

Bai, asmo horrekin elkartu ginen: kontzertu batzuk eman, harra kendu, eta kito. Aurrekoan ez genion bukaera formala-edo eman taldeari, beraz, orain elkartu gara epe baterako. Lan handia da hau. Agur diogu, hamar urte ez baitira alferrik pasatu eta gure musika gustua aldatu egin baita.

Pop-rock indartsua egin duzue Sen taldean. Zertan aldatu da zuen gustua?

Beste estilo batzuk gehiago asetzen gaituzte orain. Konposatzeko garaian eta taldearekin segitzeko garaian eta, nolabait ere, lotura emateko, ez zaigu duela hamar urteko soinua ateratzen. Ni gitarrarekin beste norabide batean nago. Orain askoz popzaleagoa gara. Sen taldean ere popzaleak ginen, baina soinu trinkoa lortzen saiatzen ginen, pop melodia eta pop tratamendua eman arren. Orain askoz soinu arinagoa ateratzen zaigu, beste musika mota bat. Gure aukerak zabaldu egin dira.

Eta, halere, kanta berri bat egin duzue, Izarrak berri , taldearen historia, amaiera eta berpiztea kontatzeko.

Ez zuen zentzurik esatea itzuliko ginela baina beste soinu batekin. Baina kantaren muina aterata zegoen duela hamar urte. Beste bi zati sortu dizkiogu abestiari, eta horrela osatu dugu. Aspaldikoa zenez, garai bateko soinuarekin atera zaigu.

Azken bira honetan hamabi bat kontzertu eman dituzue. Nortzuk hurbildu zaizkizu, garai bateko zaleak edo gaurko entzuleak?

Espero genuen baino kontzertu gehiago eman ditugu. Garai bateko zaleak heldu zaizkigu, baina baita berriak ere. Nik grabaketa estudio batean egiten dut lan, eta jendeak esaten zidan: 'Nik gustuko nuen Sen'. Gure kontzertuetara etortzen ez zirenak ere hurbildu zaizkigu. Usurbilen gazte jendea etorri da, taldea sakabanatuta zegoenean ezagutu zutenak. Entzule kopuru txikiz ari naiz, betiere, 50-200 inguru.

Senetik beste egitasmorik sortuko al da orain maite duzuen soinu horri adierazpide emateko?

Ez. Joseba San Sebastian baxu jotzailea bizi samar dabil beste gauza batzuekin, eta besteak ez dakit, baina ni, behintzat, lanpetuta nago, eta ez dut horretan pentsatu ere egiten. Soinu teknikaria da nire lanbidea, eta nahiko lan daukat horretan. Ken Zazpi eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren arteko diskoa grabatu genuen, eta bost kontzertu eman ditugu horren harira. Teknikari aritzen naiz, eta horretan ere oso ondo pasatzen dut. Noski, horretan bestelako adrenalina ateratzen da. Senekin emandako azken kontzertuetan asko disfrutatu dut, horietan bota dut zuzenekoaren adrenalina, eta kito.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.