Ahal dutenean ahalduntzen

Aldudarrak bideoren 20. urteurrena ospatuko dute larunbatean. Uhaldea egoitza berriaren inaugurazio ofiziala egingo dute Bidarrain, eta ateak zabalduko dizkiete herritarrei.

Kanaldude telebistaren egoitza, Bidarrain. Zortzi langile ditu Aldudarrak bideo kooperatibak. EKI PAGOAGA.
urtzi urkizu
2017ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Alduden (Nafarroa Beherea) duela hogei urte kamera txiki batekin irudi batzuk hartzetik gaur egungo Aldudarrak bideo kooperatibaren eta Kanaldude telebista parte hartzailearen lanetara hogei urte joan dira. Hogei urte bete ditu Aldudarrak bideok, eta larunbat honetan ospakizun berezia eginen dute, Bidarrain (Nafarroa Beherea). Uhaldea egoitza berriaren inauguraziora hautetsiak gonbidatu dituzte. Baina, era berean, herritarrei gonbita egin diete egoitza ikusteko. Mahai gainean jana eta edana ere izanen dute, 20. urteurrena ospatzeko.

Denboran atzera joz, pausoz pauso egin du bidea Aldudarrak bideok. Ahalduntzeko bidea. 1995ean egin zituen lehen urratsak; urte horretan bertan, Lekorneko (Lapurdi) kabalkada grabatu zuten, eta lehen aldiz elkarteak diru bat jaso zuen filmaketaren truke. 1997an sortu zuten Aldudarrak bideo elkartea —Aldudarrak batasuna elkartearen ondoan, bideogintza saila aparte aitzinatzeko—. Lehen emankizuna 1997an egin zuten, Aldudeko feria gai nagusitzat hartuz. Aurreneko telebista hedapena, berriz, 2000. urtean egin zuten —Okolo mendian ezarritako antena bati esker—. Handik bi urtera, Donibane Garazira mugitu zen taldea. «Aldudarrak bideo Irulegiko Irratiko garajean instalatu zen, telebistako bigarren hedapen luzeagoa prestatzeko», oroitu du Ximun Karrerek, Aldudarrak bideoko kudeatzaileak. Hainbat emankizun sortu zituzten, eta askotariko gaiak landu. «Une hunkigarria eta historikoa izan zen, telebista esperientziaren itzaltzeko botoiaren aktibatzea».

Hurrengo urteetan izan ziren gorabeherak: telebista parte hartzailearen esperimentazioak, Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren lanak, TVPI telebistarekin harremanak... 2009an, berriz, lantaldea handitu, eta Pantxika Maitia eta Xantxo Ernaga langile sartu dira. Astero bi ordu ekoizten hasi dira —gaur egun ordu eta erdi eta bi ordu artean ekoizten dituzte—. «Kanpoko film egileekin harremanak azkartzen dira, proiektuak biderkatzen dira, lehen koprodukzioak abiatzen dira», azaldu du Karrerek. Zuberoako bi lan esanguratsu egon ziren, abiatutako proiektuen artean: Xora filma eta Haien gaztaroan, iragana agerian dokumentala.

2010ean, elkartea kooperatiba bilakatu zen. «Ardura kolektiboaren kontzientzia hartzen du taldeak». Ordurako, Arrosan (Nafarroa Beherea) zen taldea —2008an joan ziren hara—. «Kooperatibak azkarki parte hartzen du tokiko ikus-entzunezko ekoizpen sektorearen dinamizazioan euskal hedabideen geroari buruzko gogoetan murgilduz, bideogintza arloan formakuntzak antolatuz eta lurraldeko errealizadore gazte eta berriak lehen urratsetan lagunduz», nabarmendu du Karrerek. Azken helburu horren adibide gisa, uda honetan Euskal Herria Zuzenean jaialdian zuzeneko emankizun bat eginen dute egunero hainbat gaztek. «Kanaldude eskola handi bat bihurtu da guretzat».

Euskal Herriko beste telebista batzuek emititzen dituzte Kanaldudeko edukiak; TVPI katearen, Hamaikaren eta tokiko kateen bidez hedatzen dira edukiak. Interneten ere ikusteko moduan dira, Kanaldude.eus webgunean.

Bidarrain, iaztik

Aldudarrak bideoren azkeneko toki aldaketa iaz egin zuten, Bidarraira (Nafarroa Beherea). «Egoitza berrituan, bost muntaketa gela, bilkurentzat espazioa eta estudio txiki bat dugu. Biziki ingurumen eder batean», dio Karrerek. Zortzi langile ditu kooperatibak. Aktibitatearen %60 Kanaldudera bideratzen dute, eta %40 kanpoko eskaeren lanak egitera.

Hemendik gutxira jakingo du Aldudarrak bideok finantzaketari begirako berri garrantzitsu bat. CSA Frantziako Ikus-Entzunezko Kontseiluarekin hitzarmen bat prestatu du Aldudarrak bideok, «Frantzian Kanaldude telebista izendatua izateko». Akitania eskualdeko laguntzen planean Kanaldude sartzen den ala ez udan erabakiko dute. Hala balitz, datozen hiru urteetan diru laguntza publikoak jasotzeko modua izango luke Kanaldudek. «2020. urtera arte aurrekontu ikuspegi argia finkatzeko urtea izango da aurtengoa», dio Kanaldude bideoko kudeatzaileak.

Bitartean, jarraituko dute euskarazko beste hedabideekin elkarlanean. Hala egin zuten Korrikaren hasierako eta amaierako emankizunetan. Hala egin zuten bart, Frantziako Legebiltzarrerako bozen gaineko saioan —Kanalduderen webgunean ikus daiteke, osorik—.

Aurrera jarraitzen du Kanaldudek, hogei urteren ostean, euskara hutsezko tokiko telebista bat eskainiz. Telebista parte hartzaile bat, «euskarazko ikus-entzunezko sorkuntzak sustatzen dituena eta lekuko kultur sormena aitzinerat eramaten duena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.